Unai Jorge Fernandez - Salto Training

Jarduera fisikoa, gehiegizko pisu eta obesitatearen kontra

Aurreko asteetan ikusi dugunez, gehiegizko pisua eta obesitatea ez da txantxetan hartzeko gaia. Izan ere, bizi itxaropenean eta bizi kalitatean eragina du, farmakoen kontsumoa areagotzen du, norbanakoak osasun zerbitzuak sarriago erabili behar izatea dakar….

Egoera honi irtenbide bat emateko, lehen urratsa, gizartea arazo honetaz jabetzea da, informazio zuzena eskainiz; medikuei, nutrizionistei eta entrenatzaileei hitza emanez. Jarduera fisikoari eta entrenamenduari erreparatuz, gantza galtzea helburu izanik, ondorengo lerroetan zenbait gako emango dizkizuegu. Lehenik eta behin, gantza galdu ahal izateko, defizit kalorikoa izan beharko dugu; hau da, egunean zehar kontsumitutako kaloriak gastatutako kaloriak baino urriagoak izan behar dira, horretarako, elikadura eta jarduera fisikoa zainduz.

Bestalde, ekintza sinpleenetan arreta jarri beharko genuke. Adibidez, autoa utzi eta bizikletaz edo oinez mugitu beharko ginateke; igogailua erabili ordez, eskailerak aukeratu… aparteko gastu kalorikoak etengabe sortuz. Gaur egungo erlojuek egunean zehar ematen ditugun pausoen estimazioa neurtzen dute eta, horren ildora, ospetsu egin den eguneko 10.000 pausotik gorako legea errespetatuko bagenu, bizimodu aktiboa izango genuke. Argi dago, hau guztia, ez dela gehiegizko pisu eta obesitatearen konponbidea, baina horiek ekiditeko lagungarriak izango direla esan beharra dago.

Gaurko azken saila entrenamenduaren munduari buruzko da. OME Osasunaren Mundu Erakundearen esanetan, 18-64 urte bitarteko pertsonek ondoren gomendioei kasu egin beharko lieke:

Entrenamendu aerobikoa: astean gutxienez 150 minutuz, neurrizko intentsitatean, edo 75 minutuz, intentsitate bizian. Osasun onura handiagoak lortzeko, 300 minutu neurrizko intentsitatean edo 150 minutu intentsitate bizian. Bi intentsitateak konbinatzea ere aproposa da. Entrenamendu aerobiko bakoitza gutxienez 10 minutukoa izan behar da.

Indar entrenamendua: astean bi aldiz edo gehiagotan gihar talde nagusien indar ariketak egitea gomendatzen da.