Xole Aramendi Alkorta
Entrevista
Eñaut Elorrieta

«Intentsitate handiz bizi dut sorkuntza, nire pasioa da, bizitzari zentzua ematen diona»

Maitasuna du ardatz Eñaut Elorrietaren azken diskoak. ‘Fantasia’ lanaren aurkezpen bira betean da gernikarra. Kantugintzaren eta sorkuntzaren gaineko hausnarketak partekatu ditu elkarrizketa honetan.

Getarian hartu gaitu Eñaut Elorrietak (Gernika, 1975), azken urteotan bizileku duen herrian. Tabernaren epelera sartu eta bere kantuetako bat entzun dugu airean. Zer sentipen eragiten dion jakin-mina piztu zaigu. «Normalean ibiltzen naizen lekua bada, lotsakorrago jartzen naiz. Norbere etxean egote horrek apuro gehiago ematen dit, baina poza ematen du beti», aitortu du.

Taberna hutsik dago bazkaloste honetan –laster hasiko da betetzen–. Gu sartzean herritarrez beteta egon izan balitz, desberdina litzateke? «Ez pentsa, batzuek ezagutzen naute, baina beste askok ez. Euskal kultura osatzen dugunok gure ingurune oso hurbilean mugitzen gara, eta gure herritarrez daukagun pertzepzioa ez da zuzena askotan. Beste nonbaitera joandakoan konturatzen zara horretaz. Horrek esan nahi duen guztiarekin. Kezkagarriena da gure hizkuntza eta gure kultura ez direla hegemonikoak gure herrian; horiexek dira gure herriaren ajeak», esan du.

Transmisioan dagoen etenaz euskal kulturgintzak duen kezkari buruz galdetu diogu. «Gurea bezalako herri batean kantuak, baloreak, esperientziak... guzti horren transmisioa ez dago behar bezala saretuta, zoritxarrez», iritzi dio. Belaunaldi gazteekin zuzeneko harremana du, musikariak ikastetxeetara daramatzan programari esker. «Pasioa duten irakasleen esku dago, eta batez ere gurasoen esku. Transmisioak indartuago egon behar luke eta horretarako baliabideak jarri behar dira, hori da herri bat eraikitzea. Kultura izan bada edozein herriren oinarrietako bat, eta ez dakit hainbesteko garrantzia ematen zaion; ezetz esango nuke», adierazi du.

Izurri betean ginen garaietara atzera egin dugu. Une zail haietan kultura zein lagungarria zen aitortzen zuten makina bat herritarrek, baina une berean kulturgintzan zihardutenak gorriak pasatzen ari ziren. «Hasieran eta epe motzean gure ahulguneak oso agerian utzi zituen pandemiak. Gure miseria guztiak. Ekarri zituen gauza gehienak izan ziren oso murriztaileak, zentzu guztietan. Pasatu da eta ez gara aprobetxatzen ari kuestionamendu baterako eta estrategia batzuk berbideratzeko. Zenbait eskubide kolektibotan atzera egin zen. Badirudi gelditzeko etorri direla neurri eta joera batzuk, eta horren aurrean ez gara erreakzionatzen ari. Gaitasun hori lausotu egin balitzaigu bezala. Eta kontuan izan Euskal Herrian bizitza osoa daramagula hainbat arlotan gure eskubideak aldarrikatzen», gogoeta egin du.

“Fantasia” (Elkar) disko berria aurkezteko bira betean dago. Urtarrilaren 21ean Bastidan, otsailaren 11n Mungian, otsailaren 17an Donostian, martxoaren 3an Urruñan eta martxoaren 16an Hernanin elkartuko da zaleekin. Hauen atzetik beste zenbait hitzordu.  

Lokalean eta estudioan bi urtetan egindako lana zaleen aurrean defendatzeko unea. Idazteak betetzen du gehien, baina entzuleekin aurrez aurre egon gabe ez du zentzurik. Hala dio: «Sorkuntza asko gustatzen zait, baina barrua sendatzen didana kantatzea da. Abesten dudanean barrua kokatzen zait. Publikoaren aurrean jartzeak badauka erronkatik ere, oso ederra da, harrapatu egiten zaitu. Baina kantatzeak berak, baita lokalean bakarrik nagoela ere, ireki egiten nau. Nire kanala da. Une horretan nire baitatik aterako banintz bezala da». “Ez naiz inon biziago/ zuri kantatzen dizudanean baino”, “Atlantida” abestian egindako aitorpena.

 

Lehen argi-printzak. Goizeko ihintzetan lehen argi-printzen zilar kolorea. Hamar abesti ñabardura ñimiñoz beteak. Felix Buff, Amorante, Fernando Neira eta Xabi Zeberiorekin batera sortutako soseguzko atmosfera intimistak.

Getarian sortuak izaki, itsasoaren inguruko iruditeria oso agerikoa da abestietan. Zeruaren urdina eta eguzkiaren horia nagusitzen dira albumaren liburuxkan. Baina badu euritik eta bisutsetik ere diskoak. “Euri zehar, haize-euri, euri-laino/, lehenago desagertuko dira hitzok/ euria bera baino” dio “Euri Herria” abestiak. Zerutik eroritako tantek negar malkoekin bat egiten dute uneren batean. “Autoan errazago egiten da negar/ kanpoan euria denean”, dio kantu berak.

Badu minetik ere: “Nola egin gorputz bat zati-zati/ zenbat hegi ditu Bidasoak?”, galdetzen du Elorrietak “Bidasoa” abestian.

Maitasuna du ardatz. «Sormena senetik etorri denez, lana bukatu arte ez naiz konturatu maitasunak ematen diola haria; maitasunaren forma desberdinetan esploratzen du –adierazi du–. ‘Irteera argiak’ aurreko lanean erabaki kontzientea hartu nuen zenbait gai beste modu batean jorratzeko. Ordura arte gai politikotzat ez neuzkanek izaera hori daukatela ohartu nintzelako».

Ekoizpen oso zaindua du diskoak. Nabarmena da Aitor Etxebarriaren eskua eta eragina. «Sekula egin ez ditudan gauzak proposatu dizkit. Kasu batzuetan oso urrutira iritsi gara, eta bertigo pixka bat ere ematen zidan. Esperimentazio sorkuntzarako espazio askea zen», argitu du Elorrietak.

Ahots heldua. «Tonu biluzia, idealismorik gabekoa, gauzak bere horretan onartzen dituena. Ez da ahots lainoa edo inozentea, bidea egin duen ahotsa da», azpimarratu du.

Orain arteko beste lotura batez ere askatu da. «Erabaki nuen zuzeneko emanaldietan ez nintzela fidela izango diskoan jasotakoari. Horrek ere lagundu zidan gauza berriak probatzera ausartzen», kontatu du.

 

Ahultasunak zeharkatu. Ausardia eskatu baitio lanak. Arriskuari iskin ez, alderantziz, haren bila joaten da gernikarra. Oraingoan ere bai. «Bestela ez du zentzurik. Sorkuntza prozesu guztietan gertatu izan zait aurre egin behar izan diedala nire beldurrei, nire ahultasunei, eta zeharkatu egin behar izan ditudala kantuaren bila. Beti galdetzen diot nire buruari: ‘gai izango naiz kantu bat egiteko’? Egun batean zerbait idatzi, hurrengo egunean pentsatu ez dela batere interesgarria... Bidea gorabeheratsua da».

Elkarrekiko konfiantza eta esperimentazio grina izan dute iparrorratz Elorrietak eta Etxebarriak. Eskuz esku. «Grabaketa prozesuan askotan musikariok gure intseguritateekin topo egiten dugu, eta nire ahotsa grabatzera noanean pixka bat txikitu egiten naiz. Eta une horretan beharbada, horrek eraginda hartzen ditugu erabakiak. Baldintzatuak dira eta oso kritikoak, zeren hori da gero geratuko dena. Zu estudiora sar zaitezke irizpide finko eta sendoekin, baina barruko intseguritateen aurrean oso permeablea zara, gertatzen ari den guzti horrekiko, eta interpretatzen duzu dena guztiz ondo ez balego bezala. Eta momentu batean Aitor Etxebarria, irizpide konpartituak dituena, prozesu osoan egon dena hor izatea... Iruditzen zait egin dugun prozesuarekiko fidelak izan garela grabaketan, eta horrekin oso gustura nago», azaldu du.

Kantuen esentziara joatea izan du azken urteotako erronka. «Kendu eta bat-batean beste ñabardurek hartzen dute garrantzia, hitzek eta ahotsak espazio gehiago hartzen dute... Kantuaren esentzia zaindu dugu, hori izan da erronka. Kantu honetan ahotsa eta gitarra grabatu genituen lehenengo. Hori ere berria izan da. Disko honetan lortu dut pauso bat harago eramatea orain artekoa».

Geruzak erantziz, jantzi. «Edozein kantu dela, beti irudikatzen dut norbait gitarra batekin kantuan mezu bat transmititzen. Ahalik eta osagai gutxienekin ahalik eta gehien esatea bilatu dugu, hutsuneak esploratuz. Adibidez, gitarra elektrikorik ez dago lan honetan. Momentuan bertigoa eman zidan. Aurreko lan guztietan egon da. Oinarrizkoa izan da niretzako orain arte», zehaztu du musikariak.

Hitzei dagokienean ere gauza bera bilatu dute, proiektuan parte hartzera gonbidatu dituzten autoreen bitartez. Uxue Alberdi, Iñigo Astiz, Jose Luis Otamendi eta Itziar Ugarte izan dira letragileak.

Sorkuntzarekiko distantzia jartzeko unea da orain gernikarrarentzat. «Ariketa kontzientea egin behar izaten dut egin dudan horretatik desidentifikatzeko. Bestela kalte egiten dit. Gehiegi identifikatzen bazara, arrisku handia daukazu egoa elikatzeko, bat-batean horrek oihartzuna badauka, edo kontrakoa. Edozein sortzaileri gertatuko zaio: hamar iritzitik bi ez badira hain onak, beti begiratzen diogu horri; eta hor korapilatzea ere... Gu transmisore hutsak garela entzun nion norbaiti, antenak bezala, informazioak jaso, gure baitatik pasatu eta askatu egiten ditugula. Hori presente edukitzeak laguntzen du, behin gauza bat egin eta gero, hura askatzen eta lasai geratzen».

Elorrietarentzat, grabaketak badu kantuei lur ematetik. Agur esatetik. «Onarpena ere eskatzen du; hau da, kantuek eboluzionatu egiten dute, baina zerbait hemen bukatzen da».

Kantugintzaren ofizioan badu eskarmenturik. «Nik dohainik badaukat, esango nuke melodiak sortzeko daukadala. Hitzen atzeko melodia irakurtzeko. Ez dago teknikarik, sena da. Pasio handiz bizi dut! [begiak zabalik]. Uste dut urteotan trebezia garatu dudala letrak eta melodiak ezagutu eta elkar doitzen, biek bat egiten».

 

Musika hizketan. Musika bere horretan bada hizkuntza, oraindik hitzez jantzi gabe, biluzik dagoenean ere. «Melodiak indartu eta errespetatu egin behar du hitza, eta hitzak, era berean, melodiari oihartzun egin behar dio. Ahotsari jarraiki sortzen dut; mikrofonoan inprobisatzen hasten naiz eta saiatzen naiz burua eta teknika ahalik beranduen sar daitezen. Hasierako ideian, intuiziotik datorren horretan, hor jada gauzak esan egiten dira. Uxuek [Alberdi] aipatu izan dit, nik melodia eman eta berak gainean letrak idazten dituenean, zer esaten ari naizen entzutera joaten dela bera. Noski musikak esaten dituela gauzak! Uste dut letragilearen erronka hori dela, musikaria esaten ari dena entzutea. Disko honetan, melodiaren gainean egin da letra kantu batzuetan, eta besteetan idatzitako testuak musikatu ditut», jarraitu du.

Musikak bizi du. «Intentsitate handiz bizi dut sorkuntza, nire pasioa da. Bizia ematen dit. Horrek badauka bere ifrentzua; benetan bizi dudanez, hor nire itzal guztiak ateratzen zaizkit. Nire itzalekin dialogoan egon behar dut sorkuntza guztian. Ispiluaren aurrean jartzen naiz. ‘Hau naiz ni’ (barrea). Hasten zara ikusten bizarra urdindu zaizula, begi-zuloak dituzula... Onarpen ariketa bat da. Aurreko prozesuetan ez bezala, integratu egin ditut orain arte ezkutuago nituen alderdi batzuk. Gustatzen ez zitzaizkidanak. Denborarekin zure burua onartzen zoaz, eta jabetu gustatzen ez zaizkizun ezaugarri horiek bizitzako uneren batean baliagarri izan dituzula; zure kontzientzia osoagoa izaten zoaz. Eta horrek isla dauka egiten dudan horretan, ezinbestean. Segur aski duela hamar urte ezingo nuen hau horrela konposatu, bertigoa sentituko nuen!».

13 urterekin lehenengo kantua egin zueneko sentipen bera du egun. «Inork ez duenean entzun oraindik kantua... une oso berezia da, oso egoari lotua beharbada. Momentu batean... ‘nik egin dut hau’... Barrua betetzen zaizu eta bat-batean denbora geratu egiten da. Hiru ordu igaro dira, ez daukazu etxera joateko gogorik, ezta jateko edo erosketak egiteko ere. Kantua daukazu buruan. Une horietan Uxuek eta biok elkarri esaten diogu: ‘Jaitsi lurrera, garbigailua zain daukazu’. Eskerrak, bestela galdu egiten zara», dio irribarrez.

 

Apustua. 2009an irakaskuntza utzi eta Getariara etorri zen bizitzera. «Hori da nire apustua. Nire bizitzan hartutako erabakietan gauza askotan hanka sartu dut, baina harro nago hartu nuen erabakiaz. Bizitza hasperen bat da, eta nahi duzun hori egitea... Esnatu eta sentitzea ‘nik egin nahi dut hau eta horren alde egin dut apustua’. Nik egin nituen nire ikasketak, karrera bat unibertsitatean... Baina musikarekin bibratu egiten dut. Ikusten nuen nire aurreko musikariak nola bizi ziren, eta garbi neukan ez nintzela bide horretan aberastuko. Baina beste indar batzuk bultzatu izan naute. Nahi dut gauzak egiten ditudan bezala egin, eta kantatu mintzatzen naizen hizkuntzan, eta sentitu komunitate bateko parte, katebegi bat gehiago. Eta nire sorkuntzaz eta kantugintzaz ari naizela gure kultura, hizkuntza... aurreko hamarkada luzeetan bultzatu izan den norabide berean ari naizela ni ere, nire erara eta niretik, nire alea ematen... Horrek zentzu zabalagoa ematen dio egiten dudanari. Ofizio honetan, noski, egun txarrak ere badaude! [Irribarrea]. Uste dut bizitzan lan egin behar dela baina benetan egin nahi duzunaren alde jarri behar dela energia. Zerk ematen dizu bizipoza? Gustukoa dugun horretan gara normalean onak. Horrek erakartzen gaitu».  

«Noizko kantu alai bat?», galdetu izan dio alabak. «Nire ziklo bitalarekin bat dator oraingo bidea. Ez dut uste ez daukadanik kantu alairik; ‘Dordoken dantza’ bera, azken diskokoa. Arintasuna eta distira dauzkala esango nuke. Egiten ditut kantu alaiak; kontua da alaitasunaren definizioa ez dela denontzat bera. Uste dut gehiago lotzen duela berak kantu epiko eta eztanda egiten dutenekin, eta ni jada ez dago horretarako! Egin nuen bere garaian, Ken 7rekin, eta ez zait interesatzen orain» [barreak].

Lan bakoitzean «azalberritzen» da Elorrieta. «Aurretik egindako guztia ezbaian jarri, ikasi dudan guztia kontzientziara ekarri, eta saiatzen naiz hori guztia kantu berrietan islatzen. Horregatik iruditzen zait diskoa entzunaldi osokoa dela. Gaur egun singeletara jotzen dugu, baina niri gustatzen zait egotea disko oso bat 10-12 kantuz osatua. Sortzaile batek azalberritze hori islatzeko. Neurri egokia da».

Gaztea zen artean, musikagintzan lehen pausoak eman zituenean. Ken 7 taldearekin une biziak bizi izan zituen. «Sekulako garaiak eta bizipen zoragarriak izan ziren, oso azkar joan ziren. Garai intentsoak izan ziren», esan du.

 

Askatu beharra. Agur esateko garaia etorri zen gero. Pentsakor jarri da. «Azken garaian estu sentitzen nintzen, pertsonalki zein artistikoki; bide eta espazio berriak behar nituen. Askatu beharra neukan. Nola bizi izan genuen bat-batean ezezagunak izatetik oso denbora gutxian lortu genuen oihartzuna izatera iristea? Nola bizi izan zuten hogeita urte gutxiko gazte haiek, nola eraman genuen, nola eragin zigun? Iruditzen zait ez dela batere erraza. Batetik, bide berriak zabaltzen zaizkizu, baina horrek bere prezioa dauka. Kasu batzuetan handia izan daiteke. Nik faktura batzuk ordaindu nituen. Olatu batean zoaz –ez dut surf egiten–, beharbada olatua zarela sinestera arte. Baina olatuak pasatu egiten dira eta zu hor geratzen zara».

Taldekideekin harremanik mantentzen duen galdetuta, honela dio: «Harremana mantentzea bizitzako etapa honetan –seme-alabak ditugu eta haiek Gernikan bizi dira– ez da hain erraza. Gure langintzan, gainera, asteburuetan lan egiten dugu. Baina noizbehinka badugu elkarren berri».

Atzera begira jarri eta eraiki-deseraiki prozesuan ikusten du bere burua. «Ken 7 utzi eta ‘Deserriko kantak’ lehenengo bakarkako lana amildegitik salto egitea izan zen niretzat. Deseraikuntza saiakera bat izan zen». Aitortu zuen bere garaian ez zela erabat askatasunetik egindako diskoa izan. «Ken 7 uzteko erabakia justifikatu beharra sentitu nuen. Ondorioz, desberdindu egin behar nuen aurreko abestietatik. Gogoan dut idatzi nituela kantu batzuk aurrekoarekin lotura zutenak, eta baztertu egin nituela, nahiz kantu onak izan. Inkontzienteki baneukan motxila hori», adierazi du.

Deseraiki. “Harian”, Kaabestri hari boskotearekin sortutako diskoa iritsi zen ondoren. «Nire ahotsaren beste izaera batzuk deskubritu nituen. Soka boskoteak espazioa uzten zidan bai erritmikoki bai tonuari dagokionez. Heldulekuak beste toki batzuetan topatu behar izan nituen. Beste hizkuntza bat zen. Ikaragarri gustatzen zait eroso eusten nauten heldulekuetatik askatzea eta ‘orain zer?’ galdetzea nire buruari. Sortzaile bezala norbere burua ertz horietara eramatea sekulakoa iruditzen zait. Eta uste dut lan horretan eraman nuela nire burua ertz horietako batera», dio.

Horrek eman zion gero bidea “Irteera argiak” lanari aurre egin zion bezala egiteko. Eraiki. «Aurreko esperientziatik nire burua eraikitzen joatea izan zen. Gertaera potenteek zeharkatu ninduten. Batetik Euskal Herrian ziklo politiko aldaketa eta horrek gure belaunaldiari nola eragin zigun eta nola bizi izan genuen hura guztia; aitaren heriotza ere kristoren bizipen potentea izan zen, baita gurasotasuna ere. Guzti horrek nolabait nire barrua eraldatu zuen, eta musikalki ere birkokatu egin nintzen nire baitan. Disko oso inportantea izan zen, eta lortu nuen islatzea nituen kezka guzti horiek», gogoan izan du.

Deseraiki. «Orain berriro egin dut dekonstrukzioan beste urrats bat. Askoz biluziagoak dira ‘Fantasia’ko kantuak. Aldi berean, bilaketa horretan afinatuago nago. Baina iruditzen zait deseraikuntza ez dudala egiten nonbaitetik ihesi, gehiago egiten dut erronka artistikoari begira, eta ez kezka pertsonalari. Eta lan horretan sortu dugun espazioak asko lagundu dit bilaketan. Artistikoki esperientzia itzela izan da», nabarmendu du.

Birkokatzen. Orain bizi duen momentuaz mintzatu da: «Sentitzen dut deskubrituz noala hainbat egoera, eta gehiago eta hobeto deskribatzen bizi eta sentitzen ditudanak. Prozesu horretan erabat sartuta sentitzen naiz, eta bizirik. Bai, esango nuke diskoan keinu egiten zaiola nire belaunaldi horri. Tokatu zaigu gertaera konkretu eta une historiko bat bizitzea, eta gu definitzen eta eraikitzen gintuzten sinesmen batzuk, modu batzuk, kuestionatzen ari gara. Azken urteotan Euskal Herrian gertatu den ziklo politikoaren ondorioz, baita gaur egun geopolitikan gertatzen ari diren gertaeren ondorioz ere, feminismoak planteatu dituen gaien ondorioz... badira bat egiten duten zenbait gai; ni behintzat interpelatuta sentitzen naiz, eta nire burua birkokatzen ari naiz. Uste dut nire belaunaldiak orokorrean bizi izan dituela frustrazio edo desilusio garai batzuk. Eta gizonezkooi gehiago tokatu zaigu hori, feminismoak zuzen-zuzenean interpelatu gaituelako».

«Bizitzaren laburraz eta zaurgarritasunaz» ohartuta bezala sentitzen da. «Horrekiko badaukat jarrera bital aktibo eta positiboa. Bizi naizen denbora ahalik beteen eta ondoen bizitzeko jarrera daukat, eta badu zerikusia musikarekin dudan loturarekin. Bide aberatsa iruditzen zait sorkuntzarena, bizitza deitzen diogun hau bere eskutik egiteko. Nire modua hori da. Niretzat modu interesgarria da, eta bide ematen dit nire egunerokoa eta kezkak bideratzeko, eta pertsona moduan eta artistikoki eboluzionatzeko», amaitu du.