Aritz Santamaria
NAIZ Irratia
Entrevista
Aitor Francesena
Surflaria

«Munduko txapelketa irabazi nuen erabat itsu geratu nintzenetik lau urte bete zirenean»

Donostiatik iritsi da Aitor Francesena, autobusez, eta adi egoteko eskatu digu, UK10 autobusetik jaisteko lagun diezaiogun. Orain gutxi sorbaldan ebakuntza egin diote, eta buru-belarri dabil errehabilitazioarekin. Ez da izan, ordea, urte amaieran ebakuntza gelatik pasa den azken aldia: abenduan aldakako operazioa egin zioten. Francesenak onartu du ebakuntza hau aurretik egin behar zuela, baina «kirol erronkei lehentasuna» eman diela azaldu du.

(Gorka Rubio FOKU)

Kirol kontuei lehentasuna eman izanak uztak jasotzea izan du ondorio, zalantzarik gabe. Izan ere, sei bider izan da surf egokituko munduko txapeldun. Aitor Francesena (Zarautz, 1970), gertukoentzat Gallo, euskal surfaren aitzindari eta izen handienetako bat da. Esaterako, lehen surf eskola ireki zuen Zarautzen eta bertan surflari handiak hezi ditu. Dena den, istripu batek bere bizitza hankaz gora jarri zuen, eta 42 urterekin erabat itsu gelditu zen; berak esaten duen moduan, «pantaila beltzean» bizi da ordutik. Francesenak oztopoak gainditu ditu, irribarretsu eta baikor, eta 7Kri adierazi dionez, «zorte handia» duen gizona da, itsua «besterik» ez baita. “Surfear la vida” (Espasa) liburua aurkeztu berri du, hausnarketaz eta ikaspenez beteriko lana.

Ebakuntza gelatik pasa zara birritan. Urte amaieran bi ebakuntza egin dizkidate. Lehena sorbaldan, eta nahiko ongi atera zen. Geroztik errekuperazio lanetan murgilduta egon naiz. Bigarrena, berriz, aldakan. Bigarren ebakuntza hori egiteko garaia zen, akaso beranduegi dator; izan ere, azken urteetan minarekin egon naiz, eta minarekin bizitzea oso gogorra da, min hori kronikoa bihurtu denean bereziki. Hala ere, kirol ibilbideari lehentasuna eman nahi izan diot, eta horregatik atzeratu dut ebakuntzaren data, gehiegi akaso.

Lehenbailehen oztopo hauek gainditzeko asmoa dut, entrenatzen hasteko eta nire helburuak eta erronkak bete ahal izateko. 2026ko kirol helburua aurreko urteetako garaipenak errepikatzea da, eta ilusioarekin dena bete daitekeela demostratzea. 2025. urteari dagokionez, oro har, urte ona izan dela esango nuke. Urte amaiera ezberdina eta aldapatsua izan den arren, oro har oso pozik nago kirol arloan egindakoarekin, eta, halaber, pertsonalki bizi izan dudan guztiarekin. 2026a aurretik dugu, eta gogotsu nago.

 

«Surfear la vida» liburua aurkeztu zenuen urte amaieran. Zure bizitzaren metafora bat da izenburua, hamaika oztopo gainditu behar izan dituzulako. Dena den, liburuaren bigarren paragrafoan, zorte handia izan duen gizona zarela deritzozu. Zergatik? Bai. Izan ere, ni baino okerrago dagoen jendea badago, ni baino okerrago bizi direnak, hori ikusita zer esango dut nik bada? Nik ez dut ezer, itsua naizela da nire oztopo bakarra. Itsu izatea ez da traba; mendira igo naiteke, uretara sartu edo beste edozein kirol egin, bizikletan ibili izan ezik. Horiek horrela, oso pozik bizi naiz, nahi dudana egiteko aukera dudalako, eta hori, gaur-gaurkoz, bada gauza handia.

Idatzi duzun hirugarren liburua da, baina hau, ordea, ezberdina da. Filosofiatik asko duela adierazi duzu. Zer erakutsi nahi izan duzu liburu honekin? Gizartea galduta omen dago, ez da bakarrik gaztetxoen kontua. Planeta editorialak proposamena egin zidanean, galdera bat egin nien: zergatik nik? Nire bizipenek aletxoa jarriko zutela erantzun zidaten, batez ere gazteriari dagokionez. Gaztetxoekin bizitza guztian zehar egin dut lan, hortaz, niretzako gaztetxoei laguntzea erronka oso polita zen.

Gutxirekin zoriontsu izatearen ideia aldarrikatzen duzu liburuan, gorabeherak tarteko, noski. Era berean, sufritzea saihetsezina dela diozu. Beraz, nola egiten dio Aitor Francesenak aurre arazo bati? Makina bat arazori egin behar izan diet aurre. Ziurrenik, geldi egoten jakingo banu, arazo horien kopurua erdira murriztuko litzateke. Arazo baten aurrean lasaitasuna izan behar dugu bidelagun: Gainditu dezaket? Nola? Zer irteera bilatuko dut? Finean, irteeraren bat egon badago; beraz, prozesu luzea izan daitekeen arren, egoera lasai aztertzean eta aterabideak bilatzean dago gakoa. Gainditze horrek ekar ditzakeen zailtasunak kontuan izan behar ditugu, arazo bati aurre egitea ez baita erraza. Horiek esanda, pazientzia eta baikortasuna dira nire ustez agindu behar duten emozioak, arazo bat gainditzeko bide malkartsuan.

Liburuko lehen atalean zure haurtzaroa duzu hizpide. Izan ere, umetxoa zinenetik begietan arazoren bat izan duzu. Diozunaren arabera, hasieran errealitate hori ezin onartu zenbiltzan. Adibidez, beldurrak gidaturik, baserritik alde egiten zenuen Donostiara joateko bidaia ekiditeko, non begiko arazoa sendatzeko frogak egin behar zizkizuten. Nola gogoratzen dituzu haurtzaroko urte horiek eta Donostiara egindako bidaiak? Momentu horiek oso gogorrak izan ziren, oroitzapen gatzak dira, egiari zor. Banekien eramango nindutela, baina gurasoak esnatu aurretik baserrian bertan edota gertuko txokoetan ezkutatzen nintzen. Ezkutatu ez ezik, bidaian geundela autobusetik ihes ere egiten nuen. Niretzat infernua zen Donostiarako bidaia, oso gaizki pasatu nuen garaia da. Dena den, horrek irakaspen bat utzi zidan: amak nik baino okerrago pasatu zuen. Nik «las de dios» egiten nituen, eta berarentzat ez zen erraza izan, nahiko desatsegina izan zela esango nuke.

 

Beldurrak eraginda eskapu egiten zenuela diozu, eta liburuan beldurrak badu presentzia nabarmena. Zer da beldurra? Beldurra sentitzea naturala da, beldurra eduki behar dugu. Aldaketari beldurra, datorrenari beldurra. Noski, beldur horrek zer eragingo duen jakitun izan behar dugu, eta beste aldean zer dagoen begiratzera ausartu behar dugu, geure burua beste alde horretan zer dagoen begiratzera behartu behar dugu. Horrela jakingo dugu beldur horrek merezi ote duen edo ez, hor dago koska. Beldurrak gidaturik, inoiz beste aldean dagoenari begiratzen ez badiogu, akabo. Beraz, beldurra, naturala den heinean, izan behar dugu, baina hori behin onartuta, beldur hori eragiten duenari aurre egin behar diogu.

Beldurra sentitu eta kudeatu behar da, horrenbestez? Bai horixe. Sentitu, kudeatu eta aurre egin. Betiere, lehen azaldu bezala, kontziente izanik aurre egiteko bide hori zaila izango dela.

Itsasora sartzeak beldurra eragiten dizu, ordea, surfa beldur hori kudeatzeko «tresna» bilakatu omen da. Itsua izanik, nola erabakitzen duzu itsasora sartuko ote zaren? Istripuaren ondotik, ospitaletik atera nintzenean ez nuen uste berriz surfa egiteko aukera izango nuenik. Egunero hondartzatik ibiltzen nintzen, eta entzumenak olatuen inguruko informazioa ematen zidan: entzumenari esker olatu handiak ote ziren edo indar gutxikoak ote ziren ondorioztatzen nuen.

Ebakuntzatik hilabete bat igarotakoan, ezagun batekin paseatzen nenbilen eta itsasoan sartzeko okurrentzia bota nion. Lagunak, noski, ezetz esan zidan, oraindik ere puntuak bainituen. Ni burugogorra naizenez, igeri egiteko betaurrekoak jantzirik sartuko nintzela esan nion, eta ika-mika baten ondoren, igeri egiteko betaurrekoekin, surf eskolara abiatu nintzen kortxozko taula bat hartzeko. Jarraian itsasora sartu nintzen, eta harrigarria den kontu bat ikasi nuen: itsasoak informazio asko ematen digu.

Sentsazio oso onak izan nituen, eta gainera ez nintzen mareatu, hori baitzen nire beldurretako bat. Dena kontrolpean, taula gainean etzan nintzen, unea gozatuz. Hala ere, lehen egun horretan ez nintzen olatu bat hartzera ausartu. Hurrengo egunetan liskar berdina izan nuen lagunarekin, uretara sartu ala ez. Bigarrenez sartu nintzen itsasora, askoz ere lasaiago eta itsasoak ematen zidan informazioa ikertu nuen. Olatu batzuk pasatzen utzi nituen, eta horietako batean, arraunean hasi ondotik taula gainean altxatzeko aukera ikusi nuen, eta, tira, zergatik ez? galdetu nion neure buruari. Bat-batean, zutik nengoen, eta hondartzan txaloak entzun nituen, hori bai gozamena!

Egun horretan konturatu nintzen surfa egitea zegoela. Hasiera batean, taula handi batekin hasi nintzen, olatu txikiak surfeatzen. Hala ere, denboraren poderioz, taula gero eta txikiagoa zen, eta olatuak, aldiz, handiagoak. Bilakaera azkar horren ondorioz, lehen olatua hartu eta lau urtera munduko txapeldun izatea lortu nuen.

Surfa duzu pasio eta ogibide ere bai. Surf egokituko munduko txapelduna izan zara sei aldiz. Nolakoa izan zen surfarekin gaztetan izan zenuen lehen harremana? Surfa nire bizitzan dena izan da. Hala ere, baserri batean jaiota hastapenak ez ziren errazak izan. Nire familiak ez zuen batere argi ikusten surfarena, hippyek edota aberatsek bakarrik egiten zuten eta. Hori gutxi ez eta ni hasi nintzenean jende gutxik egiten zuen surfean. Gurasoek ez zidaten inoiz surf taula bat erosi, eta pisuzko bi arrazoi zituzten; alde batetik, oso garestiak ziren; eta, beste aldetik, begiko gaixotasuna izanda, gurasoek uste zuten ez nuela inoiz ere erabili behar. Dena den, nire osabak patinete bat erosi zidan, eta hori izan zen nolabait surfaren munduarekin izan nuen lehen harremana.

Aurrerago lagun batzuk ezagutu nituen, eta taulak ekoizten hasi ginen. Noski, egin genituen lehenak kaxkarrak ziren, baina itsasora sartzeko aski. Taulak ekoiztearena eta, halaber, surf egitearena ezkutuan egiten nuen, gurasoek ez zuten horren berri.

Hamasei urterekin etxean surf taulak ekoizteko tailerra zenuen. Gurasoen laguntza ezinbestekoa izan zen ala? Bai, noski. Nire aurka ezin zutenez, nirekin batera egingo zutela erabaki zuten. Horrenbestez, etxeko txoko batean tailerra muntatu genuen eta hantxe ekoizten nituen taulak. Aitonak eta amonak gauza asko ikasi zituzten, nirekin denbora igaro zuten eta laguntzaile nituen. Esperientzia oso-oso polita izan zen, zalantzarik gabe.

 

Hamasei urterekin tailerrean lanean. Hori gutxi ez eta gazteekin ere lan egin duzu, entrenatzaile moduan. Zer eman dizu gazteekin lan egiteak? Zintzoki, gazteekin lan egiteak dena eman dit. Bizitzan gertatu zaidan gauzarik politena da, zalantza izpirik gabe. Haiekin batera ikastea, haiekin batera aurrera egitea, haiekin batera akatsak egitea ere izugarria izan da.

Euskal Herriko lehen surf eskola ireki nuen nire lagunekin batera hemezortzi urterekin, eta hortik igaro ziren gerora surflari handiak izan direnak. Surf eskolaren falta badut, egiazki. Dena den, beste garai bateko oroitzapenak dira. Ikasturtean zehar surf eskolan surflariak hezten genituen, baina ziurrenik eskolak eman zuen proiekturik politena antolatu genituen udalekuak izan ziren. Asko ikasi genuen elkarrengandik, baina batez ere surfa edonork egin zezakeela izan zen ondorio nagusia.

Surfean egiteaz gain, mendian nuen etxean egiten zuten lo gazteek, eta baserriko egunerokotasunarekin harreman estua zuten. Bi alderdi horiek lotzeak arrakasta ekarri zuen gure inguruetan. Gazteek ondo baino hobeto pasatzen zuten animalien artean, eta gauza asko ikasi zituztela esan didate behin baino gehiagotan. 1988an egin genuen lehen udalekua, eta 25 gaztek eman zuten izena. Gero, anabasa etorri zen; izan ere, urterik gorenean 500 gazte baino gehiago etorri ziren. Distantziarekin begiratuta, geunden hiru entrenatzaileoi eskuetatik joan zitzaigun kontu bat da.

Itsu gelditu nintzenean udalekuak bertan behera utzi genituen, eta eskolak urtebete gehiago iraun zuen irekirik. Euskal Herriko surflari onenetarikoak hezi eta entrenatu ditut, baina heztean jarri nahi nuke azpimarra. Egunerokotasunaren alde gordinena erakutsi nahi izan diet, akatsak egitea normala eta ohikoa baita. Halaber, amore ez ematearen garrantzia ere erakutsi diet, gauzak mimoz eginez aterako baitira.

Hizpide dugun liburuan zure alabari atal bat eskaintzen diozu. Hasiera batean beldurturik, baina zure bizitzako erabaki onena izan dela onartzen duzu. Zer da zure alaba zuretzat? Nire alabaren jaiotzak bizitza aldatu eta eraldatu zidan. Nire alaba dena da, nire egunerokotasuneko euskarria, momentu gatzetan aurrera egiteko indarra ematen didana. Jaio aurretik asko hausnartu nuen; izan ere, seme edo alaba bat edukitzeak konpromiso bat dakar, eta erantzukizun handia da. Urte luze hauetan hartu dudan erabakirik onena izan da. Orain, dagoeneko, 21 urte ditu, eta oso harro nago egin duen bideaz. Eta ziur nago, aurretik duena ere oso polita izango dela. Asko ikasi dugu elkarrengandik, eta dugun harremana oso estua da, niretzat helduleku bat da.

Liburuko laugarren atalean bizitzara egokitzeko beharraz hitz egiten duzu. Izan ere orain hamahiru urte, 2012ko uztailaren 12an, zuk 42 urte zenituenean, istripua izan zenuen itsasoan, surf egiten ari zinela, eta erabat eta betiko itsu gelditu zinen. Nola gogoratzen duzu egun hori? Egiari zor, ez naiz askotan egun horrekin oroitzen. Gazteekin entrenatzen genbiltzan, Zarautzen. Gazteak itsasoan zeuden, surf egiten. Nik, berriz, kanpotik zuzentzen nuen entrenamendua. Itsasoko egoera ez zen ona, marea biziak zeuden, eta hori gutxi ez, eta itsasbehera ere bai. Horrek aski zailtzen zuen surf egiteko aukera. Hori ikusita, erabaki bat hartu nuen: gazteak itsasotik atera nituen ogitartekoa har zezaten, eta ni olatu batzuk hartzera sartu nintzen bitartean.

Oso bertikalak ziren olatuak egun hartan. Gainera, testuingurua azaltzearren, niri korneako transplantea egin zidaten eta oraindik puntuak nituen begi inguruan. Lehen olatu bat hartu nuen, baina bigarrenean, taularen punta uretan bortizki sartu zen eta kolpe galanta hartu nuen uraren kontra. Egoera normal batean, kolpeaz harago, ez zen deus pasako, baina nire begia lehertu egin zen.

Momentu horretan bertan konturatu nintzen bizitza aldatuko zela; konturatu nintzen hortik aurrera pantaila beltza besterik ez nuela ikusiko. Hori behin onartuta, laguntza eskatu nuen eta segidan ospitalera eraman ninduten. Jende askok galdera bera egiten dit: ez al zaude itsasoarekin haserre? Eta nik, beti-beti, erantzun bera ematen diet: itsasora sartzea nire erabakia izan zen. Izan ere, medikuek debekatu egin zidaten, kornea aldatu behar zidatelako eta berria prest omen zegoelako.

Itsasoa maite dut. Itsasora sartzea atsegin dut, itsasoak dena ematen dit. Egun hartan erabaki bat hartu nuen, eta ez naiz damutzen.

 

Gizakiok ohitzeko abilezia dugu, zentzumenak garatu behar ditugu, zure kasuan, are gehiago. Erabat itsu gelditu zinen istripua gertatu eta gero, nola da zure egunerokoa? Lehenik eta behin, bastoirik ez dut erabiltzen, edo oso gutxitan, ahalik eta gutxien. Bastoiarekin ibiltzean jendeak begiratu egiten dit, eta sentsazio hori gorroto dut, deseroso sentiarazten nau. Amaren etxera joateko erabiltzen dut soilik, 100 metro besterik ez daude gure etxeen artean.

Beste pertsona bati helduta ibiltzen naiz, hobeto sentitzen naiz horrela. Bere garaian txakur bat ere izan nuen, baina gaixotu egin zen. Etxean gaizki pasa genuen egoera horrekin, eta ez dut beste txakurrik izan geroztik. Esan bezala, kaletik ibiltzeko edo mendira igotzeko beste pertsona baten besotik helduta sentitzen naiz erosoen.

Kirol kontuak eta kirol emaitzak izango ditugu aztergai orain. 2015ean, istripua izan eta hiru urtera, lehen txapelketa batean izena eman zenuen Ameriketako Estatu Batuetan. Nola oroitzen duzu lehen txapelketa hori? Oso polita izan zen txapelketa ofizial batean lehenengoz parte hartzea. 2015eko txapelketa hori surf egokituko lehen munduko txapelketa izan zen. Dena den, arazo fisikoren bat genuenok batera jardun genuen, hau da, kategoria bereizgarririk gabe. Horrek, noski, gauzak zaildu zituen eta ezin izan nuen munduko txapeldun izan.

Urtebete geroago, 2016an, bistan arazoren bat zutenen kategoria osatu zuten, eta urte horretan bertan txapelketa irabazi nuen. Lehendabiziko aldiz, munduko txapeldun izan nintzen.

Hiru urtez lanean aritu nintzen, eta 2016an helburua bete nuen. Txapelketa irabaztean, konturatu nintzen egindako lanak, hiru edo lau urteko lanak, merezi zuela. Oso polita izan zen, are gehiago: noizbait bilobarik baditut, bere aitona historiako surf egokituko lehen txapelduna izan zela kontatuko dute, bistan arazoren bat izan zuen lehen txapelduna, alegia.

Zein duzu hurrengo kirol erronka? Oker ez banago, Australiako txapelketak jokatzera joanen zara, ezta? Bai, mundu mailako zirkuituak Australian du hurrengo txapelketa. Zirkuituko txapelketa guztiak irabazi ditut, Hawaiin, Kalifornian eta Australian. Niretzat gauzarik handienetarikoa da, nire ametsak bete ditut garaipen horiekin eta oso pozik nago.

Diziplina, esfortzua eta pazientzia. Hiru hitz horiei liburuan ataltxo bat ere eskaintzen diezu. Zer dira hiru hitz horiek zuretzat? Nik behintzat nire bizitzan, nire egunerokotasunean behar ditudan hiru hitz dira, nire egunerokotasunaren motorra edo iparra. Nire ustez, bakoitzak duen helburua betetzeko ezinbesteko hiru hitz, hiru ezaugarri dira. Bakoitzak dituen erronkei aurre egiteko kontuan izan beharrekoak, bederen arrakasta lortu nahi badu.

Nire kasu partikularrean, ez naiz erronkarik gabe bizi. Une oro behar dut eragingarriren bat ohetik esnatzeko. Diziplina, esfortzua eta pazientzia kontuan izan behar ditut erronka horietan arrakasta izateko.

Sei alditan izan zara surf egokituko munduko txapeldun. Lehen mundu txapelketa 2016an eskuratu zenuen, ondotik beste bost bider izan zara zirkuituko garaile. Zer da arrakasta? Hitzetik harago joan behar da, azken finean, hitzak hutsalak dira. Hitzek ez zaituzte urrutira eramango, ez dute balio handirik. Hitz horiek errealitate bihurtzean dago gakoa, ukiezinak diren hitz horiek errealitate bilakatu behar dira. Horrek, nola ez, lan handia eskatzen du, eta aurrekora itzuliz diziplina, esfortzua eta pazientzia izan behar ditugu bidelagun.

Dena den, arrakasta da izan dudan gauzarik politena. Betetzen nauena da, ohetik altxatzeko behar dudan indarra. Nire bizitzak arrakastarik gabe zentzua galduko luke, beti behar da arrazoi bat proiektu bat onartzeko. Nire kasuan, arrazoi hori, arrakasta da; onena izaten saiatzen naiz, eta horrek gidatzen nauela esango nuke.

Zer esango zenioke iraganeko Aitor Francesenari? Nik hitz gutxi esango nizkioke, nire aita harro balego aski nuke. Nik egiten dudan gauza oro bihotzetik ateratzen den moduan egiten dut, sentituz. Ez dut maiz pentsatzen oker ote nagoen, bihotzak agintzen du nire erabakietan, eta horrela jarraituko dut. Bihotzak gidatzen nau.

Bizitzan zehar jaso ditudan ezbeharrek forma eman diote naizenari. Ni gauzak ahalik eta ondoen egiten saiatzen naiz, eta hortik aurrera etorri dena ongi etorria izan da, hala behar. Gaizki atera zaizkidan gauzekin ikasteko esango nioke, akatsetatik asko ikasi baitut.