MIREN AMURIZA

Kontxiren txistua

Nortea galduta ote gabiltzan entzuten da hor zehar; pentsatu izan dut neuk ere inoiz. Baina aitor diezaiogun lizentzia txiki bat beti hormara begira zigortuta eduki dutenari

Auzitegi Goreneko sei epailek uste dute ‘Parot doktrinaren’ akatsa errepikatu dutela zigorrak ez bateratuta». «Zigor kodearen lege proiektu berria onartu du Espainiako Kongresuak». «Sei urteko kartzela zigorra eskatu du prokuradoreak Oxandabaratzentzat». «Fernando Andreu epaileak dio Arrospidek zigor larria jaso dezakeela egozten zaizkion delituengatik». «Bizi osoko espetxe zigorrari oniritzia emango dio Kongresuak». «Hiru urterainoko zigor eskaerak Kukutza babesteko eraikinean iraun zutenentzat». Eta abar, eta abar… Egunero hortxe, belarri ostetik uxatu ezinik: Z, sega zorrotzaren antzean haizea ebakiz; zas-zis-zas! I, intziri batean; miiiiiiiiin. G-rekin isilunea erdi-erdian, giltzaren zain dagoen sarraila inposiblea balitz legez. O oihu sarkor baten forman. Eta R… Beldurra bezain dardarti beti.


Gertatzen da batzuetan berba batek irudi, hots, zapore edo usain jakinen bat gogora ekartzea; bada niretzat, zigorra Kontxiren txilibituaren txistu estridentea da. Eskolako jantokiko zaintzaileetako bat zen Kontxi. Bazkalondoan dozenaka ume izaten zituen bere kargu: futbol zelaian, txin-txaunetan, bata erori, besteak elkar joka… Kaosa. Pazientziak gainez egiten zionean (askorik ez zuen behar izaten, egia esan), bere bata zuriko poltsikotxotik txilibitu metalizatua atera eta hatz erakuslea jantokiko leihora zuzenduz, han hasten zen: «Prrrrrrr! Zigortute! Prrrrrrr! Zigortute! Zigortute! Zigortute!». Eta halaxe jarraitzen zuen, bentanaren koskatxoan neska-mutiko ilara pilatu arte. Haietako asko negar batean egoten ziren (ginen), frustrazioa irentsi ezinik; baten batzuk hurrengo barrabaskeria irudikatzen, eta gehientsuenak, besterik gabe patioko haurrei begira gogait eginda. Lagunen bat gaztigatuz gero, lantzean kuku bat egiten genion: «Hola, zelan?». Eta beti berdina erantzuten ziguten: «Zenbat falta da?». «Berrogeita bost minutu», esaten genien, edo «ordu laurden», edo... Alegia, eternitate bat ilaran zeudenentzat. Sarritan, hain egoten zen garratz Kontxi, utzi ere ez zigula egiten zigortuengana hurreratzen. Gure mundutxoaren neurrira eginiko diktadore txiki bat zen emakume hura. Baina nago, ausardiagatik barik, beldurragatik mehatxatzen eta zigortzen ez ote gintuen. Ezen zer da zigorra, kontrolari eusteko tresna ez bada? (Oroitzapenok iraganetik baino orainetik gehiago badute, ez egizue pentsatu alegoria baten bila ibili naizenik, egi-egiazkoak dira-eta).


Nortea galduta ote gabiltzan entzuten da hor zehar; pentsatu izan dut neuk ere inoiz. Baina aitor diezaiogun lizentzia txiki bat beti hormara begira zigortuta eduki dutenari; uste baino gaitzago egiten ari baitzaio perspektiba zabalagoa hartzea.