Bidaietan espezializatutako kazetari alemaniarrek Arabako baliabide turistikoak ezagutu dituzte
Bidaietan espezializatutako kazetari alemaniarrek Arabako turismo baliabide nagusiak bisitatu dituzte, Foru Aldundiaren eta Udalaren EntdeckenSie Álava sustapen kanpainaren esparruan, Europar Batasuneko herrialderik populatuenean natura-, historia- eta enogastronomia-ondarea ezagutarazteko.

Prentsa tradizionaleko eta bidaia, gastronomia eta enoturismoko online hedabideetako profesionalek eta aipatutako enpresako arduradunek Arabako zenbait leku bisitatu dituzte, honako hauek, besteak beste: Gasteizko Erdi Aroko Almendra, Santa Maria katedrala eta Bibat museoa barne; Añanako Gatz Harana; Arabako Errioxako Erdi Aroko hiribilduak eta upategiak; eta Aiaraldeko eta Arabako Mendialdeko paisaia ikusgarriak. Zenbait esperientzia gastronomiko ere izan dituzte.
Lurraldea ezagutzeko bidaia herrialdearen eta hiriburuaren turismo eskaintza Alemaniako bidaia agentziei, turismo operadoreei eta prentsari Hanburgon egindako ekitaldi batean aurkeztu eta hilabetera egin da. Bi ekintza horiek EntdeckenSie Álava kanpainaren parte dira. Alemaniar bidaiariak erakartzeko eta merkatu estrategiko batean hazteko helburua du kanpainak, biztanleriaren, turista tipologiaren eta gaitasun ekonomikoaren arabera.
Jarraipena ematen die kanpainak Europako zenbait merkatu estrategikotan (Frantzia, Italia, Belgika eta Portugal) azken urteotan egindakoei, «atzerriko turismoaren eragina indartzeko eta Araba kalitatezko helmuga jasangarri eta irisgarri gisa finkatzeko».
Ondarea, natura eta enogastronomia
Cristina González Enplegu, Merkataritza eta Turismo Saileko foru diputatuaren esanetan, «Frantzian, Italian, Belgikan eta Portugalen lehen helburuak lortu ondoren, daukagun ondarearen, naturaren eta enogastronomiaren eskaintza ezagutarazten ari gara orain Alemanian, Arabako turismo enpresentzat potentzial handia duen merkatua baita. Alemania Europar Batasuneko herrialderik populatuena da, 85 milioi biztanlerekin, munduko bosgarren herrialdea da BPGari dagokionez, eta biztanleko errenta 66.000 dolarretik gorakoa da...».
«Ziur gaude Alemaniako merkatuan hazteko tartea dugula, gure eskaintzak ezin hobeto erantzuten diolako bidaiari mota bati, zeinak, natura, enogastronomia eta, batez ere, benetakotasuna eskatzen baititu destinoan», gaineratu du.
Bestalde, María Nanclares Ekonomia Sustapen, Enplegu, Merkataritza eta Turismoko zinegotziak adierazi duenez, «Vitoria-Gasteizek industria lotura nabarmena du Alemaniarekin, eta orain turismo sektorera eraman nahi dugu, tradizioz Alemaniako jendea Espainiara erakarri duen eguzkitik eta hondartzatik harago doan kalitatezko eskaintzarekin. Gure hirira heltzen den publikoa gure ondarean, naturan, gastronomian eta tradizioetan interesatuta eta bere usteak sobera beteta ikusten duena».
Nazioarteko sustapen ekintzak Frantziako hegoaldera ere zabaldu dira aurten. Arabako ordezkaritza bat hala egon zen irailaren erdialdean Tolosan (Frantzia) egin zen ‘La Ola’ topaketa profesionalean, bidaiari mota desberdinekin (MICE, turismo kulturala, taldeak...) lan egiten duten profesionalei eta bidaia agentziei lurralde historikoaren eskaintza turistikoa erakusteko.
Arabak eta Gasteizek pandemiaren amaieratik bultzatzen ari diren turismoa sustatzeko estrategia Europako merkatu estrategikoetan zuzeneko ekintzen bidez «oso emaitza positiboak ematen ari da». Bidaiari atzerritarren sarrera eta gaualdi kopuruak gora egin du Arabako ostatuetan, %37 eta %53, hurrenez hurren, azken bost urteetan.