Bidaiari

Zaindari, Gipuzkoa zaintzen laguntzen duten ekimen turistikoak aintzatetsitzeko sariak

Lurraldea zaintzen laguntzen duten ekimen turistikoak aintzatetsiko ditu Gipuzkoako Diputazioak Zaindari sarien bidez. Helburua da herrialdeko turismo-eredu gizatiarragoa, bidezkoagoa eta balioetan errotuagoa eraikitzen laguntzen duten ekimen turistikoak aitortzea.

Gipuzkoak txoko erakargarri asko ditu, tartean Plazaola.
Gipuzkoak txoko erakargarri asko ditu, tartean Plazaola. (Getty Images)

Bigarren urtez jarraian, Gipuzkoako Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak lurraldeko turismoaren arloan egiten ari diren jardunbide egokiak aintzatetsiko ditu Zaindari sariekin. Azahara Domínguez diputatuaren esanetan, «berrikuntza, iraunkortasuna, irisgarritasuna edo lankidetza publiko-pribatua oinarri hartuta, eredu turistiko gizatiarragoa, bidezkoagoa eta Gipuzkoako balioetan errotuagoa eraikitzen laguntzen dutelako eta gure lurraldearen zaintzan sakontzen dutelako».

Sarien bigarren edizioak bi berrikuntza garrantzitsu ditu. Lehenengoa, izen berrituko sariak dira, ‘Zatoz eta zaindu’ 2030eko Turismoaren Plan Estrategikoaren espirituarekin hobeto lerrokatzeko. «Plan horrek –Azahara Domínguezen hitzetan– dei egiten dio turismo kontziente eta arduratsu bati, lurraldearen zaintzan ez ezik turismoa posible egiten duten pertsonen zaintzan ere lagunduko duena».

Kategorien birformulazioa

Bigarrena da kategorien birformulazioa. Izan ere, lau kategoria izango dira, iaz baino bat gehiago. Alde batetik, ibilbide profesionalaren Gipuzkoako Zaindari saria, «beren enpresa- eta lanbide-ibilbideagatik Gipuzkoa kalitatezko helmuga turistiko jasangarri gisa posizionatzen lagundu duten edo laguntzen ari diren pertsonak saritzea helburu duena». Bestetik, proiektu jasangarriaren saria, beren eragin-eremuan gizarte-, ingurumen- eta ekonomia-arloko jarduketen bidez ekimen arduratsu eta iraunkorrak gauzatu dituzten eskualdeko eta tokiko turismo-erakundeei zuzendutako saria.

Digitalizazioaren kategoria berrikuntzarako Gipuzkoako Zaindari saria izango da aurten. «Horrela, aurrerapen teknologikoak ez ezik, sektore turistikoa positiboki eraldatuko duen edozein berrikuntza-modu aitortzeko irismena zabaltzen delako: negozio-eredu berrietatik hasi eta kudeaketako esperientzia eraldatzaile edo hobekuntzetaraino».

Azkenik, kategoria berri bat sortu da: Berdintasunaren aldeko Gipuzkoako Zaindari saria. Izan ere, Diputazioaren ordezkarien esanetan, «erabat feminizatuta dagoen sektore honetan, aitorpen berri honek lan-baldintzak zaintzeko, ekitatea sustatzeko eta emakumeek turismoan duten papera ikusarazteko beharra azpimarratzen du. Zaintzea berdintasuna bermatzea ere badelako».

«Gipuzkoako Zaindari Sarien edizio berri honekin, gure lurraldea zaintzen duen eredu turistiko baten aldeko apustua berresten dugu, bertan bizi direnak eta bisitatzen gaituztenak zaintzen dituena. Turismoa, Gipuzkoan, ez da soilik jarduera ekonomiko bat: gure nortasuna indartzeko eta gure balioak proiektatzeko tresna bat da. Gipuzkoak zainduko duen turismo bat behar du. Eta sari hauek dagoeneko posible egiten ari direnei eskerrak emateko, ikusarazteko eta laguntzeko modu bat dira», adierazi du Diputazioak.