Has accedido a una noticia de pago y has consumido un clic de tu cuenta personal.
Roge Blasco
Entrevista
Héctor Salvador
«Txikitan pentsatzen nuen espazioa zela gizakiari esploratzeko falta zitzaion muga»
Héctor Salvador, DDSV Pressure Drop itsasontzian, Marianetako hobiaren gainean, 10.706 metroko sakonerara jaitsi ondoren. (Héctor Salvadorrek utzitakoa)
Itsasoan 10.000 metroko sakonera gainditu duen Espainiako Estatuko lehen pertsona da Héctor Salvador. Operazioa Sirena izeneko osinean egin zen, Marianetako itsas hobiko bigarren punturik sakonenean, eta munduko hirugarrenean. Héctor Salvador (Lugo, 1983) ingeniari aeronautikoa da eta eskarmentu handiko itsaspeko pilotua. DSV Limiting Factor urpeko ontziaren diseinatzaileetako bat da; hain zuzen, hori da itsas sakonera handiena lortu duen ibilgailua.
Kopilotu lanak egiten jaitsi zen, 2021eko apirilean, Sirena osinaren hondora, 10.706 metroko sakoneran, Ozeano Bareko Mariana uharteetan. Urperatzeak hamabi ordu baino gehiago iraun zuen. Era berean, Victor Vescovo esploratzailea buru izan zuen eta bost ozeanoetako punturik sakonenetara iristea lortu zuen ‘Five Deeps’ espedizioa ikuskatu zuen Héctor Salvadorrek 2019an.
Gaur egun, Norvegiako REV Ocean institutu zientifikoarentzat egiten du lan.
Hegoaldeko Georgietan, Antartikan, The Five Deeps espedizioan. (Héctor Salvadorrek utzitakoa)
Nolakoa izan da urpeko ontzien industriara eraman zaituen prozesua?
Esplorazioa izan da beti nire pasioa. Txikitan pentsatzen nuen espazioa zela gizakiari esploratzeko falta zitzaion muga bakarra; hain zuzen ere, horregatik erabaki nuen ingeniaritza aeroespaziala ikastea. Europako Espazio Agentzian egin nuen lan eta, urpean igeri egiten ikasi nuenean, konturatu nintzen ahaztuak genituela gure planetaren hiru laurdenak, ozeanoak alegia. Hain liluragarria iruditu zitzaidan, ezen batiskafoak egiten zituen enpresa batean hasi bainintzen lanean.
Korporazio txikiak dira, urpeko ontziak diseinatzeko eta probatzeko aukera ematen dizutenak. Horrela egin nintzen pilotu eta, ondoren, pilotuen irakasle. Gero eta barrurago sartzen zaizun harra da.
DDSV Pressure Drop itsasontzian, The Five Deeps espedizioan. (Héctor Salvadorrek utzitakoa)
Nolakoa izan zen ‘Five Deeps’ espedizioa, DSV Limiting Factor urpeko ontzian bost ozeanoetako punturik sakonenetara bakarrik jaitsi zen lehen esploratzaile Victor Vescovo protagonista zuena?
Guk 1.000 metroraino jaisten ziren ibilgailuak egiten genituen Victor Vescovo, Ameriketako Estatu Batuetako filantropo eta esploratzailea, iritsi zen arte. Bere asmoa zen bost ozeanoetako punturik sakonenetara iristea lehen aldiz. Lehenago kontinente bakoitzeko mendirik garaienak igo eta bi poloetara iritsi zen. Balentria horiek egiten xahutzen zuen bere dirutza.
Hasierako arazoetako bat izan zen ez zirela ezagutzen ozeanoetako punturik sakonenak, hala nola Ozeano Antartikokoa eta Ozeano Atlantikokoa. Non zeuden neurtu behar izan zen eta, ondoren, itsaspeko egoki bat eraiki, itsas sakonera handi horietara behin eta berriz jaisteko. Ontzi aproposa diseinatu eta eraiki genuen; lau urtean hainbat sistema probatu genituen. Gizateriaren historian lehen aldiz ireki ziren ateak edozein ozeanotako edozein puntutara iristeko.
Zein izan zen ‘Five Deeps’ espedizioaren unerik kritikoena?
Mementorik zailena, alde handiz, Ozeano Antartikoan izan zen. Leku urrun batean, Hegoaldeko Sandwich uharteetako hobian, Montevideotik hamalau eguneko bidaiako distantziara.
Eguraldia txarra zen. Iritsi ginenean, bi eguneko leihoa genuen zabalik misioa betetzeko. Ez genekien uraren tenperatura zero azpitik duen hobi bakarra dela. Horren ondorioz, urpeko ontziarekin komunikatzeko bide guztiak galdu genituen. Hiru mila metroko sakonera igaro zuenean, isilik geratu zen, eta ez genuen Victorren berririk izan handik sei ordura arte, komunikazioa itzuli zen arte. Nerbioak pil-pilean genituen planetako lekurik urrunenetako batean eta Ozeano Antartikoko sakontasun handienean.
Nola sortu zitzaizun 2021eko apirilean Mariana uharteetan 10.706 metroko Sirena osinera jaisteko aukera?
Victor Vescovo jaitsi aurreko gauean, modulu zientifiko bat trabatuta gelditu zen urpean eta erreskatatu beharra zegoen. 10.700 metroko sakonerako erreskate misio baten nondik norakoak planifikatu genituen. Bi lagun joan ginen. Operazioa gaueko 11.00etan hasi genuen. Lagin biologiko batzuk ere hartu behar genituen. Beraz, erantzukizunez eta helburuz betetako murgiltzea zen. Ezin dut esan esperientziaz gozatu nuela, presio handia nuelako.
Bahametan, urperatze batean. (Héctor Salvadorrek utzitakoa)
DSV Limiting Factor, Hego Atlantikoan, The Five Deep espedizioan. (Héctor Salvadorrek utzitakoa)
Jatorrizko egoeran dagoen itsas hobi bat esploratu duzuela esan daiteke?
Hori espero duzu, baina, zoritxarrez, zaborrez beteta dago, ozeanoko beste edozein puntu bezala. Gurpil bat, patata poltsak edo kable abandonatuak aurkitzen dituzu. Kontinentearen barrualdetik iristen diren zaborrak dira, ibaiek itsasoraino bultzatzen dituztenak, eta, zirkulazio ozeanikoaren sisteman sartzen direnean, esploratu gabeko lekuetan ere amaitzen dute.
Zientziak katalogatu gabeko animaliak ikusi dituzue?
Sakonera handiko urperatze bakoitzean, lau edo bost espezie berri aurkitu genituen; funtsean kota horietako endemikoak direlako eta horietara iristen lehenak izan garelako. Beraz, aurkitzen duzun guztia berria da.
Pertsonak eraldatzeko makina bat da urpeko ontzia. Animalien biodibertsitate handia egiaztatzen duzu. Harrituta gelditzen zara zein ongi moldatzen diren ikusita; oro har, lankidetza dago inoiz imajinatuko ez zenituzkeen espezieen artean. Beste planeta batean zaudela iruditzen zaizu. Gainazalera itzultzen zarenean, ozeanoen babesaren enbaxadore bihurtzen zara.
Zer duzu zain Norvegian?
Laborategietan lortutako azken aurrerapenez eta puntako ekipo zientifikoz hornitutako ontzi ozeanografiko batean itsasoratuko gara. Horrek ahalbidetuko digu lehen iritsezinak ziren lekuetara ailegatzea komunitate zientifikoa.