EDITORIALA
EDITORIALA

Psikologoak terroristatzat hartzen dituena jota dago

Polizia operazioak ez dira txantxetan hartzeko kontua, baina atzoko sarekadak hau ondorioztatzera eraman gaitzake: psikologoak terrorista arriskutsu gisa atxilotzen dituen Estatu bat jota dago. Burutik jota batetik, politikoki nora eza baino ez duelako islatzen. Eta lur jota bestetik, horrela ez baita indarra erakusten, ahulezia baizik. 2012ko udan Iosu Uribetxebarriaren aferak argi utzi zuenez, prozesu honen hasiera-hasieratik espetxe politika jasanezinari tinko eusteko erabakia hartu zuen PPko Gobernuak, gaixotasun larriak dituzten euskal presoak ere kartzelan atxikiz. Eta hautu hark atzoko muturreraino eraman du; orain, preso horiei arreta eskaintzen dieten osasun arloko profesional eta boluntarioak ere jomugan ditu. Erokeria galanta.

Giza eskubideak aldarrikatzea ere delitu bilakatu du PPk. Irizpide hori nagusitu da euskal presoen aldeko jardueretan, eta horren inguruan sortzen doan indar metaketa errotik moztu nahi du Estatuak, lehen eta orain. Horregatik jo zuen 2013an Herrirako kideen aurka, mugimenduaren ekinbidean jauzia iragartzen ari zenean; horregatik jo du gero bitan EPPKren ordezkarien kontra, Kolektiboak giza eskubide horien alde legedia espainolaren bidetik borrokatzeari ekin zionean; eta horrexegatik atxilotu ditu orain muturreko egoerak jasaten dituzten presoen defentsan ari diren lau lagun hauek. Euskal Herrian zein nazioartean inork gutxik defendatzen du gaur pertsona horiek preso izan behar dutela. Etxerat-ek Bruselan emandako informazioak eta izandako harrerak (Izaskun Abaigar atxilotua bertan zela) zein herenegun bertan aurkezturiko kanpainak erakusten dute hori. Beraz, berandu dabil Estatu espainola orain ere.

Hau guztia, ordea, ez da aski. Euskal Herriari desafioa bota dio berriro Estatuak. Egoera larrian dauden presoak babesten dituzten boluntarioak ezin dira babesik gabe gelditu. Eta sakoneko arazoa, espetxe politikak gainditua behar du izan, behingoz zurrunbilo honetatik ateratzeko.