Lander GARRO
Idazlea

Bio

Ez zara edozer erosten duen horietakoa. Komunean zera egitera esertzen zarenean xaboiaren atzeko letrak irakurtzen dituzun arretarekin erreparatzen diezu jatekoen etiketei ere. Kontzientzia daukan morroia zarelako. Eta badakizu «Bio» hitza ongi agerian ez daraman oro dela susmagarri. Herritarrak banaka erailtzeko multinazionalen estrategiaren parte isil eta makur. Etxe inguruko supermerkatu guztietako Bio guneak azken zirrikituraino ezagutzen dituzu: hemengo seitana, hango bulgurra eta beste hartako kuskus integrala. Horiek erostea, osasungarria ez ezik, munduari keinu iraultzaile txikia egiteko modua da: ongi jan eta ingurua zaindu. Pertsona hobea zara, jakintza horretaz jabetzeko pauso txikia eman duzulako inoiz. Zure bizitza eta besteena keinu sinple eta noble horrekin hobetzen duzun bitartean, hor doa jendaila orgak multinazionalen pozoiarekin bete-bete eginda. Oro da Nestle eta Bimbo. Zeharka so egiten diezu, ez dakizu erdeinuz ala gurasokeriaz. Burutik pasa ere ez zaizu egingo beraiek ere kontziente direla irensten ari diren pozoiaz, nahiko luketela hesteetako minbizia zuk bezala saihestu. Ongi eta pestizidarik gabe jatea burges tipien kontua besterik ez baita. Ahal dutenena. Ze mundu hau horretara ere eraman baitugu jada. Ez da nahikoa kontzientzia izatea. Kontziente izateko ere ordaintzea baizik.