Jon GARMENDIA
Idazlea

Lirioak

Lainoek gris kolorea dute jostorratzeko begitik beha, eta haien artean ez da ostadarrik agertzen, ez da haizea sentitzen, beharbada, zure begiradaren tamaina baino ez da ikusten. Borobil handiago bat behar duzu begi eder horientzat, edo sinpleki, sinistea begi ederrak dituzula. Fantasien moduko desira bat beste desira bati josteko. Lorpenen formakoa, eta ametsen neurrikoa. Agian, aski da zeure buruarekiko ulermen gehiago izatea, satisfazio gehiago hartzeko; zu izateko besteen beharrik ez duzula ulertzea. Edo, itxurak egiten bizitzea alferrikakoa dela erabakitzea bestela, arantzak ezkutatuta lirioak nahinori erakutsiaz bizi zarelako. Eta bide horretatik ez zara inora joango, ez behintzat toki alaiagoetara.

Goizero erraldoi ikusten dituzu pertsonak, mendiak bailiran, eta haien azpitik igaro ohi zara apalki, horma eta harri gogorren artean ezkutaketan bazenbiltza bezala; azpian egonda haien isuriak baino ez dituzula biltzen jakinda; eta ez duzu busti nahi, hezetasuna gorroto duzu, lirioak toki hezean sortzen direla dakizun arren, arantza artean baino ez direla hazten, eta kostata loratzen direla, hargatik maite dituzu. Hori bai, ez duzu muxu gehiago nahi, errazegi eman dizkizute orain arte, eta haiek ematean plazer hartzen dutenek ez dakite masailean itsatsita gelditzen zaizkizula, bihotzaren abaroan kanpatu, eta okupak bailiran bizi direla zugan. Hautatzeko garaia da, zure alde bozkatzekoa; hauteskundeak dira zure baitan, eta horiek irabaztea ezinbestekoa duzu, bestela, galduko zara. Betirako.