Haritz LARRAÑAGA ALTUNA
DONOSTIA
Surfa

1976ko negua Oahuko irlan:Gizon zuriaren kontrako epaia

Wayne Bartholomew australiarrak ez zuen batere errespeturik erakutsi hawaiiarrekiko eta hauek berau epaitzea erabaki zuten. Errudun jo zuten surflari profesionalak bizia arriskuan izan zuen. Eddie Aikauk lagundu izan ez balio, auskalo zer gertatuko zatekeen.

Politikoki garai beroa izan zen 70eko hamarkadakoa Hawaiin. Berrehun urteko zapalkuntzaren ostean, bertakoen kultura eta eskubideak berreskuratzeko borrokan ari ziren uharteetako biztanle baztertuak eta honek surf munduan ere eragin zuen.

“Surfer” aldizkarian hainbat artikulu argitaratu zituzten lokalismo gogorraren inguruan. Honela zioen argitaratu zuten gutun batek: «Imajina ezazue zuen etxean sartu eta esaten dizuedala zuen janzkera eta bizitzeko modua ez direla egokiak. Hori baino askoz sakonagoa da, baina horrela sentitzen gara. Zuek hona etorri eta zuekin zuen ikuskizuna ekarri nahi duzue, eta suposatzen da guk zuen zerbitzariak izan behar dugula. Arazoa da gu zuen sistemaren morroiak garela. Zuen dirua eta komenientziak behar izateko hezi gaituzue, baina guk ez zaituztegu inoiz errespetatuko».

Gutun honek 70eko hamarkadan Hawaiin gertatzen ari zena ezin hobeto deskribatzen du. Urautsian bi multzo bereizten ziren. Batetik, bertakoak zeuden eta bestetik, kanpotarrak.

Baina inflexio puntua, Wayne Rabbit Bartholomew australiarrak idatzitako artikulu bat izan zen. 1975ean nahi bezala aritu ziren australiar, amerikar eta hegoafrikarrak Oahu iparraldeko olatuetan. Beren karrera pertsonala goratzeko leku ezin hobea topatu zuten, eta handik urtebetera beren helburuak lortzeko testuinguru ezin hobea osatu zutelakoan zeuden, baina ordura arte oharkabean pasatu zitzaien zerbait topatu zuten, bertakoen haserrea, alegia.

Ian Kanga Cairns eta Peter Townend australiarrekin batera, surf egiteko modu erradikalago bat ekarri zuen Bartolomewk Hawaiiko irletara. Txapelketa gehienak irabazi zituzten eta haien atzetik ikuskizunaren zurrunbiloa joaten zen, argazkilariak, erreportariak,...

1976ko negua hurbiltzear zela argitaratu zuten “Bustin Down the Door” (Atea botatzen) izeneko artikuluan, txima luzeko eta jarrera harroko 22 urteko australiarrak karrera egiteko lekua Hawaii zela zioen. North Shore deitzen zuten Oahuko iparraldea zen probalekua. «Zure izena North Shoren egiten ez baduzu, ez zara ezer», zioen hippy itxurako mutiko argal hark.

Artikulu hartan esandakoek eta erakutsitako jarrerak hawaiiarrak haserrarazi zituen, baina Rabbitek oraindik ez zuen horren berri. Owl Chapman izeneko bertako surflari zahar batek ohartarazi zion horrela jarraituz gero gaizki amaituko zuela, baina australiarrak ez zion jaramonik egin. «Jende baten ustez, gure surf egiteko moduagatik errespetu falta erakusten genuen», zioen Bartholomewk, baina hori baino zerbait gehiago zen.

Negu hartan Sunseten izan zen lehen itsaskiarekin itsasoratu zen egunean ulertu zuen gauza serioa zela. Urautsian eseri zenean, inguruan zuen jendeak bizkar eman eta uretatik atera zen. Gero, urertzetik bertako surflari multzo bat itsasoratzen ikusi zuen. Zuzenean beregana hurbildu eta inguratu egin zuten. Irainka eta kolpeka hasi ziren. Burua urpean sartu eta jipoitu ostean, odoletan eta zenbait hortz hautsita, kanpora ateratzeko agindu zioten.

Urertzean ordea, jende gehiago zeukan zain Bartolomewk. Bere bizia arriskuan ikusi zuen baina, zorionez, turista batzuk argazkiak ateratzen hasi eta nahasmena sortu zen eta horri esker, korrika ihes egin ahal izan zuen.

Hegoafrikar baten etxean zegoen, baina honek mesedez handik alde egiteko eskatu zion, bestela etxea erreko ziotela. Bakarrik eta babesik gabe geratu zen. Gau hartan hondartzan egin zuen lo, sasi artean ezkutatuta, eta hurrengo egunean Kuilima Resort hotelera joan zen. Egun gutxiren buruan Ian Cairns Kanga etorri zen eta honek ere hotelean babes hartu behar izan zuen, bera ere wanted man bat baitzen.

Gau batean dei bitxi bat jaso zuten. Ahots ezezagun batek arratsetan joan ohi ziren Proud Peacock tabernara ez joateko ohartarazi zien. Hurrengo egunean jakin zuten Bartholomewren antza zuen film zuzendari bati sekulako jipoia eman eta hilzorian utzi zutela Proud Peacock tabernan.

Lagunek bakarrik ez, babesleek ere distantzia hartu zuten. Lighting Bolt taulak ematen zizkien Hobie Surf dendako jabea zen Jack Shipleyk taula gehiago ez ematea erabaki zuen.

Testuinguru hartan, Bartolomew eta Kangak bakartuta eta beldurtuta jarraitzen zuten hotelean eta une oro beisboleko batea eskuan zutela ibiltzen ziren. «Guk ez genuen ezagutzen Hawaiiko historia, misiolariak etorri zirenetik gertatutakoen berririk ez geneukan baina, hala ere, bertakoen begietara gu etsaiak ginen», zioen Rabbitek. «Gure tribuak abandonatu egin gintuen beren larrua salbatzearren. Ez genuen bisitarik eta 24 orduak alerta egoeran ematen genituen». Ez zuten handik alde egiteko asmorik, ordea.

Berrogei urte igarota, honela dio Bartolomewk: «Ihes egin izan bagenu, oraindik ihesi ibiliko ginateke. Quantas hegazkin bat hartu eta etxera itzultzea zen errazena, baina hori gure ametsen akabera ere izango zen».

Aferak erdi-erdian harrapatu zuen Eddie Aikau surflari mitikoa, bi komunitateetako jendea oso ongi ezagutzen baitzuen eta guztiek errespetu handia zioten pertsona baitzen. Bera zen egoera korapilatsu hartan ordena apur bat ezar zezakeen pertsona bakarra.

Gau batean Eddie Aikau bera agertu zen hotelean. Jendea oso haserre zegoela eta Aikau familiak haien esku zegoena egingo zuela esan zuen, baina beraiek abisatu artean hoteletik ez irteteko ohartarazi zien bi mutilei.

Gizon zuriak Hawaiiko irlak zapaldu zituen egunetik bertakoek pairatu behar izan zituzten sufrikarioen inguruan hitz egin zien luze eta zabal. Hawaiiarrek beren hizkuntza, kultura eta izaera galtzerainoko prozesua nola izan zen azaldu zien eta bi australiarrek arretaz entzun zuten mutiko beltzaran haren ahotik atera zen hitz bakoitza. Rabbitek, inoz inork eman dion irakaspen handiena dela dio Eddiek gau hartan eman ziona; «orduan ulertu nuen lehen aldiz gaizki zer egin nuen».

Egun batzuen buruan Kuilima Resort hotel bateko sala batean tribunal moduko bat antolatu zuten hawaiiarrek. Bartolomew eta Cairnsekin batera, Marck Richards surflari australiarra eraman zuen Eddiek, bere jendeari, “australiar onak” ere bazirela erakusteko. Banan-banan hitza hartzen joan ziren parte hartzaileak, oso haserre zeuden, eta bi australiarrak erruduntzat jo zituzten.

Jarraian, ilehoriei ere hitz egiteko aukera eskaini zieten eta hauek beren jarrera zinez txarra izan zela onartu zuten. Azkenean, zera izan zen sententzia, negu hartako txapelketetan parte hartu ahal izango zuten, baina beraiek zeuden hoteleko hondartzan surf egin zezaketen soilik. Handik kanpo surf eginez gero gerta zekiekeen edozer beren erantzukizuna izango zen; izan ere, uharte osoan, mutur batetik bestera, bi mutilak egurtu nahi zituen jendea zegoen, eta Ho’oponopono deitzen duten epaimahai hawaiiarrak ezin zuen australiarren segurtasuna bermatu.

Tribunaleko kide batek honakoa esan zuen australiarrak egurtu nahian zebiltzanei buruz: «Koko buru horiek, marroiak dira kanpotik, baina zuriak barrutik».