A.A.
GASTEIZ

Kulturak Gasteizen lekua behar duela berretsi du Irantzu Lekuek

Kutxabankek atzera bota du iaz Gasteizen kulturak eta arteak espazio propioa behar duela aldarrikatzeko egindako ekintzagatik Irantzu Lekueren aurka jarritako salaketa. Lekuek bere hitzak berretsi ditu.

Gasteizen kulturari eta arteari eta, bereziki, sortzaileei zuzendutako gunea izan behar zuen Krea eraikinaren lanetan bost urte eta 18 milioi euro xahutu ostean itxita jarraitzen zuela salatzeko, iragan den abenduaren 30ean protesta ekintza gauzatu zuen Irantzu Lekue artista gasteiztarrak. Zehazki, rangoli bat, Indian oparotasuna eskatzeko egiten den margolana, marraztu zuen eraikinaren atarian eta udaltzainek eta Kreako segurtasun langileek ez zuten denbora askorik behar izan Lekue «artistentzat behar duen espaziotik» kanporatzeko.

Ekintzaren ostean, Kutxabankek –eraikinaren jabegoa honen zati den Vital Kutxaren esku dago– gasteiztarraren aurkako salaketa jarri zuen eta, artistari astelehenean jakinarazi ziotenez, salaketa bertan behera uztea erabaki dute. «Gaur epaiketa horren berri eman behar nuen –azaldu zuen Lekuek atzoko prentsaurrekoan–, baina zorionez eraikinaren jabe legalek salaketa erretiratzea erabaki dute». Erabakia «pozgarritzat» emanda ere, gaiaren gakoari heldu behar zaiola nabarmendu zuen Lekuek eta, iazko abenduan bezala, Gasteizeko artistek lanerako esparruak behar dituztela aldarrikatu zuen: «Eurek eragindako sute txiki hau itzali badute ere, arazoak hor dirau. Kreak itxirik, hilda, kolorerik gabe, bizitzarik gabe jarraitzen du eta, bitartean, artistok biltzeko edo sortzeko leku egokirik gabe jarraitzen dugu. Krea artistontzat egokitua dago jada eta logikoena artera eta sormenera bideratzea litzateke». Halaber, eskerrak eman zizkien babesa eskaini dioten guztiei eta, zentzu horretan, sare sozialetan jaso dituen elkartasun keinuek auzi honetan «zer nolako eragina» izan duten galdegin zuen.

Kultur plangitza integrala behar du Gasteizek

Irantzu Lekueren aurkako salaketaren berri izan ostean eragile eta norbanako askok erakutsi dute artista gasteiztarrarekiko elkartasuna. Atzo, besteren artean, Gasteizko EH Bilduk eta Irabazik ohar bana helarazi zuten. Lehenak Krea «lehenbailehen gasteiztarrei itzuli eta sormena eta diziplina ezberdinen arteko elkarlana sustatzera bideratu» behar dela aldarrikatu zuen, eta bigarrenak Gasteizen arteari eta kulturari begirako plangintza estrategikoa osatu beharko litzatekeela adierazi zuen. GARA