29/09/2015

Crónica
HAUTESKUNDE BIHARAMUNA
Irakurketa garbi baten falta sumatu du Kataluniako gizarteak

Iritsi eta joan da irailaren 27a ere. «Eta orain zer?» da askok bere buruari egiten dioten galdera. Ajearen eguna zen atzokoa Bartzelonan, zirt ala zart egitekoak omen ziren hauteskundeen ajea. Irakurketa ugari dituzten emaitzek nolabaiteko nahasmena utzi dute kalean, zer gerta daitekeen ez jakitearena.

Aitor AGIRREZABAL
0929_egkronikaaitor

«Atzera goaz aurrera ez bagoaz». Nekea eta aurrera egiteko beharra nabarmendu dituzte herritar askok

«Emaitzak argitaratzen hasi zirenean cava botila ireki genuen». Topikoa, baina hala izan zen Kataluniako etxe askotan. Emaitzak, zenbakiak, oso onak ziren, are gehiago %77ko partaidetza izanda. Cava berotzen joan zen heinean, baina, giroa hozten hasi zen. Azken orduko inkestek aurreikuspen handiak piztu zituzten independentziaren alde egin zutenen artean, eta, hala, gerora eman ziren emaitzek nolabaiteko zapore gazi-gozoa utzi zuten.

CUPek, adibidez, 10 eserleku atera zituen, eta 2012ean baino 210.000 boz gehiago eskuratu. «Onak dira emaitzak, baina gehiago espero genuen». Beste behin, azken inkesten kutsua zuen esperantzak, alderdi soberanistari 10-13 eserlekuko tartea ematen zioten-eta. Bestetik, soilik argi eta garbi independentziaren aldeko aldarria egin duten bi zerrendak zenbatuz, azaroaren 9an “Bai-Bai” bozkatu zutenak baino gehiago izan dira, kontuan hartuta gainera 16-17 urteko gazteek eta migranteek ezin izan dutela botorik eman. Azken horren adierazle da Bartzelonan 18 hilabete daramatzan Ibrahima Nasser senegaldarra: «Estatuari ez zaio gure boza interesatzen, eta horregatik ere independentzia beharrezkoa da. Ahotsa behar dugu». Era berean, ez dauka esperantza handirik epe motzean inongo aldaketarik sumatzeko.

Ildo beretik jotzen du egunkaria saldu dion Agusti Solerrek ere. «Behintzat espainiar hauteskundeak ospatu arte ez dugu ezer ikusiko». Estatuak kanpainan erakutsitako immobilismoak zenbakietan unionismoari emaitza onik ez diola ekarri uste du, baina igandetik aurrera fruituak jasoko dituen beldur da: «Jendea nekatzen hasita da. Hainbeste momentu historiko, hainbeste boz... Ezer aldatzea ezinezkoa dela zabaltzea lortzen ari dira».

Apokalipsirik ez

Gizartea sinetsita zegoen oraingoa zela benetako data, baina bada indarrak berritzen dituenik ere. «Beste erakustaldi bat eman dugu, eta Estatuak ikusi du atzera biderik ez dagoela. Guk ere hori sinetsi behar dugu», azpimarratu du Maria Gispertek. Hala ere, onartu du Junts pel Si koalizioko zenbaketan egon eta gero, «gasa galdu duen botila» baten sentsazioarekin joan zela etxera, orduak pasa ahala jendea ezkorrago ikusita. «Atzera goaz aurrera ez bagoaz» ideiak duen pisuaren beldur da. Hauteskundeen aurreko egunetan independentzia ezagutzen ez zen norabait egindako saltoa zela saldu zuen unionismoak, baina horri buelta eman zaiola uste du Gispertek: «Bozkatu egin da, ez da apokalipsirik gertatu, eta ia bi milioi pertsonek beste bide bat beharrezkoa dela argi esan dugu».

Orokorrean asko dira bere burua nahiko galduta ikusten dutenak igandeko emaitzen aurrean. «Ezin izan dut oraindik irakurketa garbirik egin», dio eskolan haurra jasotzetik datorren aita batek. «Ez dut batere argi orain bakoitzak zein paper joka dezakeen, nola eman irtenbidea honi». Eta hori da gehien zabaldutako ideia. Emaitzak bai, baina sentsazio argirik ez. Aurreikuspen ugari zeuden jarrita irailaren 27an eta Kataluniako Parlamentuak marraztutako eskema berrian hainbat pieza nola mugituko diren ez du argi gizarteak, horrek sortzen duen eszeptizismo dosiarekin.