Imanol Esnaola
Gaindegiako koordinatzailea
GAURKOA

Bitartean, Euskal Herria

Kataluniako hauteskundeen ostean eta Euskal Herriak ezaugarri propioak dituela kontuan hartuta, Estatu espainolaren itxikeriaren aurrean burujabetzaren aldeko jarrera irmoa erakusteak duen garrantziaz dihardu Esnaolak. Xede nagusia: gizartearen gehiengoari konfiantza emango dion «garapen paradigma bat» adostea.

Irailaren 27ko hauteskundeek Katalunian utzi duten emaitza ikusita, orain Espainiak badaki zer egin. Alegia, badaki zer egiten jarraitu. Espainiak Kataluniako herriaren garapenari ezarritako morroiloak jendetza mobilizatu du eta sentsibilitateak eraldatu ditu. Kataluniarentzat beste estatus baten aldeko posizioak inoiz iritsi ez diren lekura eraman ditu. Zoriontzekoa eta eskertzekoa, euskal herritarron begietatik ikusita.

Espainiako Erresumak, ordea, bere gobernuko buruak, Rajoy jaunak, adierazi bezala, ez ditu aintzat hartzen ez bozak ez gehiengo parlamentarioen erabakiak. Emaitzak ikusita, metropoliaren politika kolonialista eta kolonizatzaileak uholdeari eustea lortu du. Alde bakarreko independentzia adierazpenari behar zuen babes maila eskuratzea eragotzi dio. Nola diren gauzak, galdeketa bera Gibraltarren egin izan balute ikustekoa litzateke unionismo espainolaren babes maila.

Kanpainan erretretaren saria galtzeko aukera, aurrezki pertsonalen erabilera mugatzeko mehatxua, etnikotasun mindua, korporazio enpresarial handien presioa... Hori eta askoz gehiago baliatu dute Espainiako Estatuak eta bere zaldunek. Ikusitakoak ikusita, orain badakigu Katalunia taxuzko herria dela, lehen mailako gizartea antolatzen jakin duena, baina kolonizatuta daude. Metropoliarekiko loturak oraingoz eraginkorrak dira eta loturak modu traumatikoan apurtzeko aukerak jende gehiegi izutzen du.

Orain Espainiako Erresumak badaki zer egin behar duen Euskal Herrian. Nagusigo mediatiko-kulturala erein, korporazio ekonomiko handien sartzea sustatu, pentsioen kutxari gogor eutsi, etnikotasuna eta txokokeria haizatu, gizarteko erabakiguneetan Madrilekiko leialak diren pertsonak kokatu, profesionalik handienak bere eskutik eraman, lan harremanak Espainiarekin berdindu, euskal enpresen nazioartekotzea kontrolatu, lurralde zatiketa sustatu, euskal hiztun-herriaren gorpuztea eragotzi, euskal lurraldeen arteko lankidetza zaildu… Eta ondorioz, gure etorkizunari gutasunetik begiratzea eragotzi.

Ondo egia da, ordea, jada Espainiak ez duela konbentzitzen Katalunian, izutu egiten du, xantaia egiten du eta baliabideak modu bidegabean bereganatzen ditu. Kataluniako gizarteak hori guztia badaki; badaki, halaber, Espainiako Erresuma ez dela lurralde erakargarria eta ez dela aukera berrien lurraldea. Izututa egon ala aukera berriak jorratu, bien arteko balantza horretan joango dira hurrengo garaiak. Ez dadila luza.

Euskal Herritarroi, beraz, datorkiguna, kolonizazio handiagoa da. Erabaki demokratikoen legitimazioa auzitan jar dezaketen urrats guztiak eragotziko ditu Espainiako Erresumak. Zehatzago esanda, norabide horretan joan ez gaitezen, askoz lehenago, ereingo ditu zatiketaren haziak. Asko jada ereinda daude, agerikoa denez. Baina etorriko dira berriak. Inoizko zahartuena dugun gure gizartean erretreta saria jasotzeko direnak izutuko ditu. Etnikotasunean lokalismoak, arrazismoak, eta hispanikotasunak piztuko ditu; euskararen izaera integratzailea zatitzaile bihurtzeko lan egingo du; autogobernuaren hedadura murrizteko mehatxu egingo du; euskal enpresen nazioartekotzea fiskalizatuko du… Kataluniakoaren ondoren laztanik ez dugu jasoko; bai, ordea, larrituta dagoen estatu baten altzairuzko irmotasun zekena, ongi neurtutako errepresio dosiekin. Ikusteko dago gure sektore ekonomiko zein sozialek zein bide hartuko duten, baina euskal eragile soziopolitikoek ongi neurtu beharko dute estatus berri baterantz abiatzeko unerik egokiena zein den. Eta bitartean?

Kataluniak ederto erakutsi digun legez, Espainiako Estatuaren proiektuarekin konbergentzia garestia da. Euskal kontzeptu nazionalaren anbiguetateak lagun dezake Madrilen baba apurrak eskuratzen, baina ez du gizarte bat bere baitan zentratzen, ez du arazoen eta aukeren aurrean bere buruarekiko konfiantza hartzen laguntzen. 

Ez da erraza izango Euskal Herriarentzat garapen paradigma bat adostea, baina ez da zalantzarik hurrengo urteetan berebiziko lana egin beharko dugula euskal herritarrok, nor bere lurraldean kokatu, ilusionatu eta gainerako euskal lurraldeekin lankidetza bide gotor batean sartzeko. Euskal eremu sozioekonomiko eta soziokulturala sendotzeko garaiak ditugu. Elkarrekin bizi, elkar lagundu, elkarrekin amestu eta elkarrekin erabaki egunerokoak. Independentziaren aurretik dago Euskal Herria funtzional bat, materialki beregaina, gorpuzteko urratsa. Gehiengoari konfiantza eskaintzen dion Euskal Herria.

«Zer egin?». Galderari erantzutea ez da erraza, baina ikuspegi sozioekonomikotik eta soziokulturaletik badira aski argiak diren zenbait erronka XXI. mendeko herri bat, gutasuna, mamitzeko Europako hego-mendebaldean. Lankidetza ekonomikoak, batez ere bertako industriaren garapenak, berebiziko eragina du kohesioan. Lurralde desberdinetako enpresak elkarrekin lanean jartzea, produktu eta zerbitzu aurreratuak elkarrekin gauzatzen, gure burua herri gisa ikusten lagunduko digu. Industriari eman ohi zaio gizarte bat egituratzeko ahalmen nagusia, enplegu sendoa eta aberastasuna sortzeaz gain, formazio sarea, lan harremanak, lurralde antolamendua, nazioarteko (para)diplomazia, finantziazio egiturak… herri irizpidez antolatzea eskatzen duelako.

Bestetik, babes sozialeko politikak ditugu, besteak beste, pentsio sistemak, langabeziaren aurkako politika aktiboak, gizarte bazterketaren aurkakoak, segregazio sexuala gainditzeko helburua dutenak… Herritarrak ongizate paradigma sendo batean kokatzeak dakar adostasun sozialik integratzaileena.

Horrek guztiak herritarren atxikimendua handitu eta gure herriari herri dimentsio berriak ematen laguntzen du. Ez egiteak, berriz, metropolitik datozen pizarren aiduru jartzen gaituzte. Lehen urrats batean, Frantziako politika sozialak Hego Euskal Herrira hedatuz, Euskal Herri mailako eremu bakar batean bildu eta babes sozialaren ikuspegi gure-gurea hartuko genuke, gaur egungo gure gizartearekin bat datorrena.

Bi erronka hauekin batera ez genuke osagai kulturala ahaztu behar; euskal identitateak gehiengoarentzat desiragarria den proiektu sozial berria eskatzen du eta horretan euskal hiztun-herriak ezinbesteko erreferentzia bihurtu behar du, euskaraz diharduten profesional eta enpresak, euskarazko hedabideak edo euskarazko goi-mailako hezkuntza bide horretan asko indartu beharreko osagaiak dira.

Kataluniak erakutsi digu «nor» izatea beste aukerarik ez dagoela. Guri dagokigu, ordea, adostasun zabal eta sendoei lehentasuna ematea. Independentziarako aukerak gauzatu ala ez erabakitzen dugun bitartean Euskal Herri izateko egitasmoa garatzea beste aukerarik ez dugula da, dirudienez, Kataluniako ikasgai nagusia.