Maider IANTZI
DONOSTIA

«Lur eta Amets», Euskal Herriaren historiaren kontaketa gure begietatik

Euskal Herriko Ikastolak, Katxiporretak eta Elkar argitaletxeak batera pentsatu eta garatutako proiektu handia da «Lur eta Amets, Euskal Herriaren historia». Ezagutza liburua, ipuin sorta, galdera-erantzunen mahai-jokoa eta aisialdirako atari digitala hartzen ditu barnean.

«Gure herriaren historiaren irakurketa geure ikuspuntutik berreraiki eta eskuragarri jartzeko asmoz» sortu dute Euskal Herriko Ikastolak, Katxiporretak eta Elkar argitaletxeak “Lur eta Amets, Euskal Herriaren historia”. Gaztetxo eta haurrei zuzendutako edukiak dira, familia osoarentzat ere baliagarriak.

Atzo Donostiako San Telmo museoan egin zuten aurkezpena jendetsua eta handia izan zen, egitasmoaren erakusgarri. Maddalen Iriarte aurkezle zela hartu zuen hitza, lehenik eta behin, lan potolo honen koordinatzaileak, Antxiñe Mendizabalek. Jarraitu dituzten irizpideak zerrendatu zituen: zorroztasuna eduki historikoetan; historiaren ikuspegi integrala ematea; dinamikoa, malgua eta parte-hartzailea; herri xeheak egunero eraikitzen duen historiari kasu egitea; emakumearen figura berreskuratzea; eta jolasa, irudimena eta umorea erabiltzea.

Spota, amets baten aurrerapen

“Gure ametsaren lurra” abestia da egitasmoaren musika. Spota ere badu, egin nahiko luketen filmaren edo marrazki bizidun sailaren aurrerapena. www.luretaametshistorian.eus atari digitalean daude, proiektuaren informazioarekin batera.

Lur eta Amets anai-arreba bikiak dira egitasmoaren protagonistak. Andere amonak erraten dien bezala, izanak eman die izena. Amets ameslaria da, sortzaile fina eta sentibera; Lurri, aldiz, inguruak miatzea gustatzen zaio, trebea da eskuekin, eta abenturazale amorratua. Anderek gure herriaren historia maite du, aunitz daki eta aunitz du erakusteko. Beti dabilkio inguruan “Baltaxar” katua. Dei Gaztelumendi eta Patxi Pelaez ilustratzaileek eman diete bizia.

Ekaingo kobazuloan hasi eta atzo arte iraunen du bidaiak. Zortzi aldi biziko dituzte: gizakion sorrera, Nafarroaren konkista, industrializazioa... Hala, historiaren gurpilari zortzi bira emanen dizkiote.

Lotura Films etxeko Juanba eta Miren Berasategiren zuzendaritzapean lantalde zabala ibili da historiaren pasarte eta txokoak irudikatzen. Ezagutza liburua Manu Arregik eta Jesus Mari Olaizola Txilikuk idatzi dute, eta ipuinak, Uxue Alberdik (“Atzaparra zubian” izan ezik; hau Unai Elorriagak), Patxi Pelaezen irudiekin. Bederatziko sailetik lehenengo hirurak kaleratu dituzte; bertze hiru labean daude eta bertze bi idatzita.