Amalur ARTOLA
DONOSTIA

Rockaren zamari hortzak erakutsi dizkio Sorkunek

Sorkunek ez du ezkutatu tristuratik sortu direla «Ziklomorphosia» lan berrira eraman dituen abestien hitzak, ezta hainbat urtetan rocka&rollaren iturritik edan ostean gorputzak oholtza gainean egoteko era pausatuagoa eskatzen dionik ere. Urtetan zehar bidaide izan dituen hainbat lagunen eskutik osatu du bere ibilbidera aldaketa dakarren lana.

Eroso, ondo egindako lanak ematen duen lasaitasunarekin eta urtetan oholtzaren alde bietan bidaide izan dituen hainbat lagunez inguraturik aurkeztu zuen atzo Sorkunek “Ziklomorphosia”, bakarkako bere laugarren lana. Badira zazpi urte “Sorkun & Vicepresidentes” hartatik eta, estudiora sartzeko asmorik ez zuela aitortuta ere, iaz Kashbad-ekin egindako biraren ostean sabelaldea sentipenez eta burua ideiez betetzen ari zitzaiola eta gorputzak estilo berriekin proba egitea eskatzen ziola onartu zuen errenteriarrak. «Kashbaden azken bira orain artean egin dudan rockeroena izan da eta gorputzak oholtza gainean beste era batean aritzea eskatzen dit», azaldu zuen, eta, hala, «rockaren pisua» alboratu eta erritmo dantzagarriei helduta, funky, jazz eta soul zaporeko disko anitza aurkeztu du.

Anitza, eta kolaborazioz josia. Abestien hitzetatik beretatik hasita. «Krisialdia izan nuen nire euskararekin eta ez nintzen esan nahi nuen hori hitzetan jartzeko gauza sentitzen», aitortu zuen, eta 20 urtetatik lagun-min izan duen «eta ondo baino hobeto ezagutzen nauen» Eider Rodriguez idazleari eskatu zion barrunbeetako oihartzun hari hitzak jartzeko. «Gure kodeak eta hitz egiteko era ditugu eta une honetan hitzek maila bat izan dezaten nahi dut. Hitz guztiak gure afal eta bazkal osteko hizketaldi luzeetatik atera dira», azaldu zuen, eta hitzetan tristurak nagusitasuna hartzen duela nabarmendu zuen: «Tristeak direla onartu behar dut, agian horregatik egin dut dantza daitekeen diskoa, beltzagoa... Death metal talde batenak izan daitezkeen hitz horiek orekatzeko».

Abesti gehienak Sorkun eta Rodriguezen hartu-eman horretatik sortu badira ere, “Gizon laztan” abestia Harkaitz Canok idatzi du eta Javi P3z-ek rap kolaborazio bat ere egiten du bertan. «Sekulako lana egin dute; ziurrenik, horixe da diskoko nire abestirik gustukoena», ziurtatu zuen.

Errenteriarrak disko honetara ekarri du, halaber, Koldo Soretekin egin zuen eta Hibaika-ko arraunlarien «ereserki» bilakatu den “Urazpian” abestia ere, baita hainbatetan interpretatu duen Howling Wolfen “Spoonful”-en bertsio berria ere. «2013an bertsio akustikoa egin genuen eta gero Rumba eta Xhelazz-ekin beste bertsio bat... Orain, bien arteko hibridoa osatu dut. Batzuetan, zergatik jakin gabe, abesti bat hor geratzen zaizu, ez da joaten», nabarmendu zuen.

Diskoa Beasaingo Pottoko estudioetan grabatu zuen aurtengo abuztuan oholtza gainean ere lagun izango dituen Aritz Luzuriaga, Juanma Urriza, Mikel Romero eta Fredi Pelaezekin batera. Aurkezpen kontzertua azaroaren 26an eskainiko dute, Libe-rekin batera Bilboko Kafe Antzokian. Bi egun beranduago Iruñeko Zentral-en izango dira Zea Mays-ekin eta abendurako ere badituzte bi hitzordu: 11n Gasteizko Jimmy Jazzen Zura-rekin batera, eta 19an Donostiako Intxaurrondo kultur etxean, Ras Miguel & Tafari lagun dituztela.