17/11/2015

Lehenengo «izarren parkea», Santa Katalina lorategian

Iruña Okako Santa Katalina lorategi botanikoa «munduko lehen ‘izarren parkea’» bihurtu da. Ostiralean aurkeztu eta jarduera programa zabala jarriko dute abian, jendeak astronomia ezagutu eta gozatzeko, izarpean bilduta egotea zer den sentitu ahal izateko.

GARA
1117_eh_botanikoa

Iruña Okan dagoen lorategi botanikoa «munduko lehenengo izarren parkea» bihurtu da, Starlight Fundazioak astronomiari lotutako jarduerak egiteko «gune egokia» dela egiaztatu ostean. Izendapen hau «abiapuntua» izanik, behaketak eta jarduera didaktiko eta ludikoak antolatu dituzte, bereziki familiei zuzenduta.

Hala, umeentzako lantegiak, behaketa jardunaldiak eta dibulgazio hitzaldiak prestatu dituzte hurrengo hilabeteetarako. Zehaztutakoen artean, «ilargia behatzeko eta gauez izar konstelazioen bidez orientatzeko saio bat». Egitasmoaren babesleetako Arabako Foru Aldundiak azaldu zuenez, hasierako ekitaldien artean argi- kutsadurari eta lorategian gauez bizi diren izakiei buruzko tailerrak ere prestatu dituzte haur eta gazteentzat.

Gainera, bisitariek 360 graduko planetario saioan parte hartzeko aukera izango dute, ikus-entzunezko teknologiaren bidez zeru izartsupean bilduta egotearen sentsazioa bizi ahal izateko. Urte osoko programari dagokionez, hitzaldien eta gauez eginiko behaketen bidez bisitariak «fenomeno garrantzitsuen zuzeneko lekukoak» bihurtu nahi dituztela nabarmendu zuten atzo, «kometa, ilargi eta eguzki eklipseen, planeten lerrokaduren eta izar eurien lekuko» egiteko.

“Izarren parkea” ostiral honetan aurkeztuko da jendaurrean. Ekitaldian, Iruña Okako udal ordezkariek ez ezik, Arabako Foru Aldundikoek eta gizarte mugimenduetakoek ere parte hartuko dutela iragarri dute, bestelako erakunde eta entitateetakoekin batera.

Arabako Aldundiak 16.000 eurotik gorako inbertsioa egin du egitasmo honetan, turismo proiektuetarako laguntzen barruan. Foru gobernuko iturriek adierazi zutenez, turismo estrategiaren barruan kokapen «ezin hobea» du proiektuak, Añanako Kuadrillako turismo baliabideak osatu eta eskaintza dibertsifikatu eta aberasten duelako.

Starlight Fundazioak ematen duen akreditazioa lortzeko, Santa Katalina lorategiak hainbat azterketa gainditu behar izan ditu, batez ere «zeruaren kalitatea neurtzeko, astronomian erabili ohi diren izarretako fotometria tekniken bidez». Gainera, lortutako emaitzek azaltzen dutenez, «‘Starlight helmuga turistiko’ akreditazio garrantzitsua egiaztatzeko eskatzen diren betekizun guztiak betetzetik hurbil dago».

Starlight Fundazioa irabazi asmorik gabeko erakundea da, Kanarietako Astrofisika Erakundeak (IAC) eratua «zeru izartsuaren kalitatea balioesteko eta babesteko». Erakundeak zientziaren kultura eta bereziki astronomia zabaltzea du helburuetako bat.

TURISMOA


Egitasmoak Arabako Foru Aldundiaren laguntza du, Añanako Kuadrillako turismo baliabideak osatu eta dibertsifikatu eta aberasten dituelako.