G. M. ZUBIARRAIN
BAIONA

Elkargoaren alde hautetsien %75ek egin eta «uzkurrak» konbentziteko garaia da

Jendarte eragileak biltzen dituen elkargo bakarraren aldeko Ici et Maintenant taldeak lehen faserako balorazio «pozgarria» egin du. Eztabaidan herritarrek parte hartu behar dutela defendatu dute.

Datorrena «euskal udaberria» izango dela sinetsita agertu ziren atzo, Baionan, Ici et Maintenant kolektiboko Thierry Delobel eta Vianney Cier. Datuak mahaigaineratu nahi izan zituzten esana baieztatzeko: Ipar Euskal Herrian dauden 158 herrietatik 112k elkargo bakarraren aldeko iritzia agertu dute, 45ek aurkakoa eta herri batean bi iritziak berdinduta agertu dira. Hots, hautetsien %75 agertu dira alde, eta biztanleriaren %66 bizi da udalerri horietan.

Prefetak elkargo bakarra sortzeko jarritako bi baldintzak (udalerrien gehiengoaren oniritzia jasotzea eta biztanleriaren gehiengoa ordezkatzea) erdietsi badira ere, euren konpromisoa azkartu eta «uzkur guneak» deitu dituztenekin lan egiteko xedea aitortu diote euren buruari kolektiboko kideek. Ipar Euskal Herriarentzat eta herritarrentzat «horren une garrantzizkoan pentsaezina» iruditzen zaie ausente egotea. Batera plataformak bezala, jendarte zibila Ipar Euskal Herria elkargoaren alde mobilizatzea du xede ekimenak.

«Uzkur» horien artean jarrera ezberdinak hautematen dituztela argitu zuen Cierek. «Baiezko eta ezezko baldintzatu» asko antzeman dituzte iritzi emate fasean, udalerriz udalerri bozkatu aurretik. Garaian eta ondoren egindako 1.000 telefono deietan oinarritzen dira datu horiek emateko. Zalantzak nagusiki bi gaik pizten dituztela jabetu dira: elkargo bakarraren gobernantza ereduak eta finantzaketak. Uzkur guneak ere identifikatu zituen Delobelekin batera bozeramaile lanetan aritu zen Cierik: Amikuze eskualdea Nafarroa Beherean, Xarnegu aldea Aturri bazterrean, eta Biarritz, Angelu, Bokale eta Bidarten.

Izenik aipatu ez bazuten ere, Lapurdiko hiri horietako alkateei erantzun nahi izan zieten kolektiboko kideek. Delobelek adierazi zuen «asaldatuta» ikusten dutela hautetsi bat baino gehiago, eta «maila eskaseko argudioak» ematen. Herritarrak «geure etorkizuna erabakitzeko gai izango ez bagina bezala» ari direla salatu zuen. Ozen esan nahi izan zuen hori ez dela horrela.

Herritarrei «demokrazia parte hartzailearen ariketa eginez» hitza eta erabakia hartzeko deia egin zien. Ekonomian, ekologian, etxebizitzan, mugaz gaindiko harremanetan eta hizkuntza eta kultura alorretan eskuduntzak izango dituen erakunde baten gaineko eztabaidak «parte hartzailea» behar duelako ezinbestez.

Eztabaidarekiko eta ezbaian dagoenarekiko herritarren artean «ezjakintasuna» dagoela aitortu zuten, baina horren gainetik «benetako interesa eta grina» antzeman dutelako «harritu» ere egin direla. Esaterako, kontsulta fasea izanagatik, udalerri guzti-guztiek eman dute iritzia elkargo bakarra sortzeaz.