GARA
DONOSTIA

Berrikuntzak pilatuta dator aurten Donostiako Bertso Eguna

Urtarrilaren 30ean Bertso Eguna hartuko du beste behin Donostiak, zenbait aldaketarekin. Goizean bertso saio musikatua izango da eta gaueko afaria eta festa Kursaalera itzuliko dira. Aurten, bertsolariek gaia entzun artean hartu beharreko erabakiak izango dituzte hizpide.

Hilaren 30ean hartuko du Donostiak Bertso Egunaren 47. edizioa. Urtero legez, egun osoa hartuko duen egitaraua antolatu dute, baina aurtengoak izango du berezitasunik: goizeko ekitaldia bertso-saio musikatua izango da eta, arratsaldeko ohiko saioaren ostean, gaueko afaria eta festa Kursaalen egingo dira, orain dela bi urtera arte egiten zen moduan. Orotara, 28 bertsolarik girotuko dute eguna.

Goizeko ekitaldiari eguerdian emango zaio hasiera. Azken urteetan bertsolariak kalez kale aritu dira kantuan baina, aurtengoan, hamabietatik aurrera oholtza gaineko saioa eskainiko dute, Kursaal parean dagoen Picachilla garagardotegian. Bertso-saio musikatu honetan, bat-bateko bertsoak osatuko dituzte Ane Labaka, Maialen Lujanbio, Beñat Gaztelumendi eta Miren Amurizak, eta Rosi Lazkano eta Nerea Elustondok, aldiz, bertso jarriak eskainiko dituzte. Saioaren gidaritza Estitxu Eizagirreren esku egongo da eta Idurre Eskisabel eta Eñaut Asurabarrena «saioan zehar klima aldaketak eragiteaz» arduratuko dira, gitarraz musikatutako testuen bidez. Azken hauek Arkaitz Goikoetxea eta Ainhoa Agirreazaldegiren laguntza izan dute gidoia eta gaiak lantzeko.

Ekitaldi nagusia

Arratsaldeko seietan emango zaio hasiera Kursaaleko ekitaldi nagusiari. Bertsolariak antolatzailearen deia jasotzen duenetik oholtzan gaia entzunda kantuan hasi artean hartu beharreko erabakiak dira aurtengo ekitaldiaren helduleku, eta gai hau lantzen aritu dira Aitor Mendiluze, Aitor Sarriegi, Eneko Lazkoz eta Urko Casado. Saioan hamar bertsolari ariko dira kantuan: Unai Iturriaga, Andoni Egaña, Oihana Iguaran, Etxahun Lekue, Fredi Paia, Xabier Terreros, Jon Maia, Oihana Bartra, Julio Soto eta Agin Laburu. Odei Barrosoren 2zio taldea ere zuzenean ariko da.

Ekitaldi nagusiaren ostean afaria eta festa izango dira. Berrikuntza nagusi modura, bi urteren ostean berriro ere Kursaalera itzuliko dira biak eta, antolakuntzatik iragarri dutenaren arabera, «emanaldi mamitsua» izango da afalostean, hamabi bertsolariri esker: Amets Arzallus, Unai Mendizabal, Xabi Igoa, Onintza Enbeita, Alaia Martin, Eli Pagola, Maddalen Arzallus, Eneritz Artetxe, Iker Zubeldia, Jexux Mari Irazu eta Unai Agirre. Alaitz Rekondok gidatuko du saioa eta bat-bateko bertsoak eta prestatutakoak tartekatuko dira, horietako batzuk musikatuak.

Goizeko ekitaldira joateko ez da sarrerarik behar eta ekitaldi nagusirako zein afarirako sarrerak eskuragai daude www.bertsosarrerak.eus atarian. Saiorako sarrerak 18 euroan daude (Bertsozale elkarteko bazkideek 13 euroren truke eskura ditzakete eta hamasei urtetik beherakoek 8 euroren truke) eta ekitaldi nagusira eta afarira joan nahi dutenek 45 euroan lortu ahalko dute sarrera (bazkideek 40 euroan eskuratu ahalko dituzte eta hamasei urtetik beherakoek, aldiz, 33 euroren truke).