G. M. ZUBIARRAIN
BAIONA
Entrevista
BENAT GACHEN
LES BASCOS ELKARTEKO PRESIDENTEA

«Larrialdi egoeran ez, larritasuna arazo sozialetan dago»

Duela hamar urte sortu zen Les Bascos, Ipar Euskal Herrian LGTBen aldeko borrokan ari den elkartea. Larunbatean zuten ospakizun jaia Baionan, Elkarteen Etxean. Hori aitzakia harturik, sexu aukeren berdintasuna nola eta zertan den aztertzeko tartetxo bat hartu dugu historia irakasle honekin.

gara-2016-04-09-Entrevista

Zertan gaude sexu aukeren bazterketari dagokionez egun?

Ezkontza legeak erakutsi bezala, lege mailan gauzak aldatu dira, mentalitate mailan beste bat da egoera. Lan ikaragarria dugu egiteko horretan, pazientziaz, jendearekin hartu-emanean. Baionan ezkon gaitezke bi mutil, kalean eskua emanda ibili edota musuka aritu… Komunikabideek homosexualitatearen gaia konponduta egongo balitz bezala aurkezten dute eta errealitatea bestelakoa da. Alde sozialean ere badago zer egin, egoera ekonomiko zaila bizi duten gay eta lesbianak badirelako.

Beste aldarrikapen batzuk dituzten elkarteekin batera ikusten dugu maiz Les Bascos; hor zineten, adibidez, Ailleten aurkako martxan martxoaren 8an. Zer dela-eta hori?

Diskriminazio guztien aurka altxatzen dugu ahotsa; herritarrak gara, beste herritarrekin bizi garenak, eta gure borrokak haienarekin egin behar du bat, dela elkartasun arazoa, dela ilun aroaren aurkako borroka, dela diskriminazio arazoa sexismoagatik edota elbarritasunagatik... Egun, adibidez, etorkinen gaia jarri nahi dut mahai gainean; jarrera humanista da gurea. Ez gara alde horretatik arras LGBT mugimendu bat, nahiz eta gure partaideen %90 hala izan. Berdintasun balioek batzen gaituzte, ez sexu-aukerak. Azken hau oso garrantzitsua iruditzen zait indar populista batzuk kolektibo ezberdinok elkarren aurka jarri nahian dabiltzan garai hauetan. Horrexegatik sartu gara batzuk ezbaian jartzen duten laikotasunaren defentsan, sinetsita gaudelako balio horretan oinarrituta eraikiko dela elkarbizitza etorkizunean.

Duela bi urte ireki zenuten Txalaparta lokala Baionan. Zer nolako harrera izan du?

Dimentsio asko ditu lokalak: kulturala batetik, erakusketak, eztabaidak, egiten direlako; bizikidetzarena bestetik, topaleku bat delako; azkenik, zerbitzu soziala ere bada. Orientazio lana egiten dugu eta atakan daudenak beste egitura batzuetara bideratzen: sindikatuetara, ospitalera, abokatuarenera... Iaz egoera kezkagarriko 70 dosier kudeatu genituen. Gero eta gehiago daude. Ez dira denak zentzu hertsian LGTB dinamikak; hortik ere ondorioztatzen da diskriminazio egoera orokorki hartuz jarduteko premia.

Zein dira zuen esperientzia horretatik bazterketaren aurrean kolektiborik ahulenak?

Bi polo bereizten dira argi, batetik gazteak, bestetik adinekoak. Baditugu klandestinitatetik ateraz beren sexu-hautua onartu zutenak eta zahartu ahala atzera egin dutenak, zahar etxeak-eta ez daudelako dimentsio horretarako prestatuta. Hor benetako lana dago egiteko. Bestetik gazteak ditugu; hezkuntza sistema mamuta baita. Borondatea badago, kontzientzia ere bai, baina hortik gauzak egitera beti egoten da tarte handia. Gazteekin beraiekin ikastetxez ikastetxe lan egitea litzateke interesgarria; esperientzia batzuk burutu ditugu jada. Lizeoko ikasleekin talde bat osatu nahian gabiltza, uste baitugu ikasleek eurek hitza hartzeak beste eragin bat duela.

Zer bilakaera izan du klase politikoak LGTB eskaerekiko?

Hauteskunde guztietan mahai inguruak antolatzen ditugu, hautagaiak gure aldarrikapenekin sentsibiliza daitezen. Geuk aurre egin behar diogun errealitatetik lekutan bizi dira maiz ordezkari politikoak. Baionako alkateari, adibidez, hautagai zenean, diskriminazioaren aurkako batzordea sortzeko eskatu genion eta axuant bat izendatzeko. Hitzeman zuen eta bete du. Hemengo diputatuekin ere harremana dugu.

Larunbatean egin zenuten Baionako elkarteen egoitzan urteurreneko ospakizun jaia. Zer darabilzue orain esku artean?

Harrotasun martxa ekainaren 18an izango da, «eginarazi diezaiegun atzera beldurrei, aurrera eskubideei» ardatz duela. Beldurra aipatzean Estatu frantsesaren egoeraz ari gara, denaren beldur baita uneotan, eta bere baitan ixten ari da, atzera doa; eskubideek aurrera egin behar dutela esatean, berriz, ezkontza-lege mediatikotik harago doala kontua azpimarratu nahi dugu. Hor datoz presidentetza hauteskundeak 2017an eta ate guztiak, baita irekitzeko prest ez daudenak ere, jo beharko ditugu, tartean, Michel Alliot Marierena. Ez gaitu inoiz hartu nahi izan. Larrialdi egoerarik ez, arazo sozialei aterabidea aurkitzeko larritasuna dago, eta gurea horietako bat da.

Hona irakaslearentzako etxeko lana: aipatu azken hamar urteotan mugarri izandako hiru une.

Lehena, ezbairik gabe, elkartearen sorrera bera, mendi ibili hutsak ziren haiek berdintasunaren aldeko ibilaldi bihurtzen hasi baitziren pixkanaka. Bigarrena, nola ez, guztientzako ezkontza arautu zuen legea, eztabaida hark gure elkartea ezagutaraztea ahalbidetu baitzuen eta hari izaera militantea behin betiko ematea. Hirugarrena, duela bi urte Baionan Txalaparta lokala irekitzea izan zen, urrats horrekin elkarteari izaera soziala eman genion.

 

Les Bascos larrugorrian: 204 partaide, bi heren gizon

Batzuetan lortzen horren nekeza dena konplexurik gabe egin digu Beñat Gachenek: elkartea biluzi. Uneotan 204 kide direla dio, baina egunerokotasunean 40 bat dabiltzala, «leku guztietan bezala». Azterketa soziologikoa egiteko eskatuta, hagin zorrotzez heldu dio ogi gogorrari: gehienak 50 urtetik gorakoak dira; bi heren gizonezkoak, herena andreak. Egoitza Baionan dute; aurrekontua 60.000 eurokoa, nagusiki Txalaparta lokalaren zerbitzuetan joaten dena. Diru-laguntzek gastuen %18 estaltzen dute.

Hedapen geografikoaz galdetu diogunean zintzo erantzun digu: «Baditugu partaideak barnealdean, baina elkartea ez dago han errotua. Adar bat behar genuke sortu». Barnealdeko ekitaldietan, «normala den eran», jende gutxiago batzen da eta zio bat ere eman digu: «Eragozpena izaten du hainbatek gela nabarmenen batera etortzeko». Nerabeen etxea edo CPAM bezalako egitura zabalagoekin lan egitea ikusten du giltzarri Gachenek hor aurrera egiteko.G. M. Z.