Nerea GOTI
BALDINTZARIK GABEKO OINARRIZKO ERRENTA EZTABAIDAGAI

Aurrera egiteko prest batzuk, dagoena hobetzea aski besteentzat

EHUko Areto Nagusiak sei alderdi nagusietako ordezkariak bildu zituen, Baldintzarik Gabeko Oinarrizko Errentari buruz zer pentsatzen duten azaltzeko. Bi ikuspuntu agertu ziren, bide horretan aurrera egiteko prest daudenena (EH Bildu eta Elkarrekin Podemos) eta dagoena hobetzea nahikoa dela diotenena.

Gasteizko Legebiltzarrerako hauteskundeetara aurkezten diren sei indar politiko nagusietako hautagaiak bildu zituzten atzo, EHUko Leioako campuseko Areto Nagusian, Baldintzarik Gabeko Oinarrizko Errentaren gainean eztabaidatzeko. Sareetan aretoan baino mugimendu handiagoa sortu zuen eztabaidak, oso ikasle gutxik jarraitu baitzuen zuzenean solasaldia. Gehienbat ikaslez osatutako publikoaren aurrean, Arantza Tapia (EAJ), Ander Rodriguez (EH Bildu), Alfonso Gurpegi (PSE), Laura Garrido (PP), Julen Bollain (Elkarrekin Podemos), David Pasarin (Ciudadanos) eta gai bakarra: hiritartasun eskubidea duen pertsona orori, enplegu egoerari erreparatu gabe, hilero 650 euro inguruko diru sarrera bermatzea jasotzen duen proposamena.

Mahai-inguruko gidariak zehaztu zuenez, errenta horren finantziazioa erreforma fiskal progresibo eta birbanatzaile baten bidez gauzatuko litzateke. Diru sarrera altua duten pertsonek finantzatuko lukete errenta hori, «jasotzen duten diru kantitatea baino zerga gehiago ordainduz».

Botatako ideiaren aurrean bi jarrera izan ziren nagusi: proposamenari heldu eta aurrera egitearen aldekoak (egoera txarrenean daudenei bizitza autonomoa izateko suposatzen duen ‘arnas’ ekonomikoari erreparatuta) eta egun indarrean dagoen babes sistema hobetu eta mantentzearen aldekoak (badaude egoera larriak babesteko politikak, horiek hobetzea nahikoa da).

Proposamena garatzearen aldekoak, EH Bildu eta Elkarrekin Podemos. Ander Rodriguez EH Bilduko ordezkariak errenta horrek maila ezberdinetan okerren dauden kolektiboei zabaltzen dizkien aukerak nabarmendu zituen: diru sarrera horiek askatasunez erabakiak hartzeko suposa dezakeena aipatu eta lan harremanen munduan ekar dezakeen aldaketa eta ekintzailetzari eman diezaiokeen bultzada jarri zituen mahai gainean lehenik. «Aukera emango luke orain ezinezkoak diren hainbat proiekturi ekiteko», defendatu zuen.

Zentzu berean, Elkarrekin Podemosek defenditu zuen oinarrizko diru-sarrera horiek eragin zuzena dutela norberaren «ibilbide pertsonalean» bide bat edo batere ez hartzeko orduan.

Indar politiko biek proposamenak ekar ditzakeen ondorioen azterketan sakondu zuten gainerakoek ez bezala. Bloke ezberdinetan planteatutakoari heldu eta neurri horrek lan harremanak irauliko lituzkeela argudiatu zuten, oinarrizko diru sarrera bermatuta izateak beste egoera batean jartzen duelako enplegu eskalea eta enplegu emailea. Euren esanetan, sarrera bat ziurtatuta daukan langile batek ez lituzke lan baldintza batzuk onartuko.

Ezkerreko indarren ikuspuntuaren alboan, PSEk animoak ilundu zituen erronka berri bati ekin aurretiko mamuak astinduz. Onartu behar izan zuen gutxieneko diru sarrera bat izateak oso egoera ezberdinean jartzen dituela hainbat kolektibo, baina zalantzak agertu zituen proposamenaren bideragarritasun ekonomikoaren inguruan eta horren aldeko alderdiei aurpegiratu zien ez dutela proposamena martxan jartzeko neurri zehatzik plazaratu.

«Proposamen egingarriak»

Arantza Tapia EAJko hautagaiaren hitzetan, Baldintzarik Gabeko Oinarrizko Errenta proposamena «maila teorikoan dago», eta «aztertzen jarraitu» behar da, baina EAEn badaude egoera zailak babesteko politikak eta, nabarmendu zuenez, EAJk «proposamen egingarriak» egiten ditu. Garrantzitsuena guztientzat enplegua lortzea eta babes sozialerako politikak eskaintzea dela nabarmendu zuen.

PPko hautagai Laura Garridok bere alderdiaren programan jasotako proposamenez aritu zen gaiari heldu gabe. EAEko egungo politikak kritikatzeaz gain, Garridok defenditu zuen egun badirela tresnak politika eraginkorrak egiteko, Itun Ekonomikoak fiskalitatean eskaintzen dituen aukerak martxan jarriz, eta gizarte integraziorako mekanismo onena lana dela esan zuen.

Bide beretik Ciudadanos-ek nabarmendu zuen pertsona ororen helburua lana izatea izan behar dela eta garapena ahaleginarekin lotuta egon behar dela. Alderdi laranjako hautagaiak esan zuen ongizate estatuak badituela aberastasuna birbanatzeko tresnak.