Ion SALGADO
#KAFETAPINTXO TOPAKETA GASTEIZEN

Ikertzaile euskaldunen sare berri bat sortzeko aukera

UEU eta EHUk #Kafetapintxo topaketa antolatu zuten atzo, Arabako campusean ikerketa eta euskararen arteko lortura sendotzeko asmoz. Topaketak hiru helburu zituen: ikertzaile euskaldunen sarea sortzea, horien arteko elkarlanerako oinarria izatea eta horien beharrak azalaraztea.

Arabako Campuseko ikertzaile euskaldunen sarea sortzea, elkarlanerako oinarria jartzea eta ikertzaile euskaldunen beharrak azalaraztea. Horiek ziren atzo Gasteizen izandako #kafetapintxo topaketaren helburu nagusiak. UEUk eta EHUk antolatu zuten bilkura, Josu Lopez-Gazpio ikertzailearen hitzaldiarekin hasi zena. “Ez gaude lekuz kanpo” leloa hautatu zuen bere hitzaldia izendatzeko; izan ere, ikertzaile euskaldunek komunitate oparoa osatzen dute: 9.700 egilek baino gehiagok erabiltzen dute euskara eta 17.000 erreferentzia baino gehiago aurkitu ahal dira.

Alta, azken urteotan, 2005. urtetik ona, euskaraz argitaratzen diren lanen produkzioak behera egin du. Lopez-Gazpioren ustez, ingelesaren pisuaren ondorioa da; finean zientzia aldizkari ospetsuenek ingelesa erabiltzen dute. «Lehiakortasun handia dago eta askok nazioarteko aldizkarietan argitaratu nahi dituzte beren lanak; ia ez dute denborarik euskaraz idazteko eta produzitzeko, azken batean errekonozimendua minimoa delako», deitoratu zuen ikertzaileak, eta etorkizunari ezkor begiratzen diola nabarmendu zuen.

Halere, bere esperantza da euskara ikerlanen dibulgazioan erabiltzea eta hizkuntzak aurrera egitea, ikertzaileek egiten dituzten lanak euskara erabiltzen duten hedabideetan azaltzea. Ikertzaileek beren lana dibulgatu behar dutela defendatu zuen Lopez-Gazpiok, eta egun Interneten topatu ahal diren aukerak azaldu zituen. Zientzia aldizkari batzuk euskaraz argitaratzen direla azpimarratu zuen. «Jar zaitezte harremanetan aldizkari horiekin, prest daude zuen proposamenak entzuteko eta zuen ikerlanei buruz hitz egiteko», ohartarazi zuen, eta dibulgazioan euskarak aukerak dituela azpimarratu zuen berriro. «Akatsa da dibulgazioa garrantzitsua ez dela pentsatzea».

Hitzaldia amaitzerakoan, world cafe dinamika bat martxan jarri zuten topaketan parte hartu zutenek. Ikerkuntza arloan eta zientziaren munduan euskara sustatzeko eman behar diren pausoei buruz eztabaidatu zuten. Itziar Txurruka EHUko Arabako Campuseko Euskara zuzendariak lan guztiak euskaraz egitea eta ondoren lan horiek ingelesera itzultzea proposatu zuen, esate baterako. Aukera hori babestu zuten Arabako Campuseko Pabiloian bildutako ikertzaile batzuek ere. Lopez-Gazpiok, halaber, egiaztagiri agentziek, Unibasq eta Aneca bezalakoek, euskaraz egindako lanak kontuan izan behar dituztela adierazi zuen.

Zentzu horretan, ebaluazioak egiten dituzten agentziek «askotan euskaraz egiten diren lanak» kontuan hartzen ez dituztela kritikatu zuen Ainhoa Latatu UEU graduondoko ikasketen arduradunak, eta ikertzaile gazte askok «curriculumaren presioa» nabaritzen dutela gaineratu zuen. Halaber, ikerketa zientifikoak egiten dituzten taldeak askotarikoak direla gogoratu zuen eta ikertzaile guztiek euskaraz ez badakite euskara galtzaile ateratzen dela. Horri aurre egiteko, ikertzaile euskaldunen sare bat sortzea beharrezkoa dela adierazi zuen. Amaitzeko, Gasteizen egindako topaketan proposatutako ideia guztiak agiri batean jasoko direla iragarri zuen.

#txiotesia3

Bestetik, azaroaren 22an #txiotesia3 egingo dela eta “Txiokatu zure tesia 6 mezutan” lehiaketarekin bat egingo duela adierazi zuten UEUko kideek. Egitasmo honen helburua ikertzaile euskaldunek egiten duten lana gizarteratzea da, eta lan horren atzean dauden pertsonen izan-abizenak zabaltzea. Lehiaketa Twitter bidez egingo da eta parte hartzaileek beren tesia sei txiotan azaltzea lortu behar dute. Ikertzaileen txio kateak epaimahai batek baloratuko ditu eta sari bi banatuko dira: txiolari ulergarriena (500 euro) eta txiolari originalena (300 euro). 2013. eta 2016. urte bitartean tesia aurkeztu zutenek edo egun tesia egiten ari diren ikertzaileek parte hartu ahal dute.