Amalur ARTOLA
DONOSTIA

Mariasun Landak literaturaz duen pentsamoldera sarbidea

Urteak daramatza Mariasun Landak literatura egiten eta, egiteaz batera, literaturaren «galdera eternalen» gainean teorizatzen. Pamielaren eskutik, «Puertas y ventanas abiertas» argitalpenean osatu du azken urteetako hitzaldien, artikuluen eta bestelako testuen bilduma.

Irakaskuntzan zein idazketan, haur eta gazteei eskutik helduta egin du bere ibilbidea Mariasun Landak, baina bestelako bideak ere, teorizazioarenak, urratu ditu. Euskal Herrian zein gure mugetatik harago, dozenaka hitzaldi, bilkura, topagune... ezagututakoa da eta horietarako egin dituen testuen hautaketa da, Pamiela argitaletxearen eskutik, “Puertas y ventanas abiertas” argitalpenera dakarrena. «Urteak daramatzat zenbait gairen inguruan idazten eta sakontzen. Niretzat erronka txikiak dira, maiz sorkuntza lanek baino ahalegin gehiago eskatzen baitidate, hilabeteetako lana izatera ere iristen dira... Horien hautaketa lan bat da irakurleak hemen topatuko duena», azaldu zuen Landak.

Bizitzan zehar «ehun mila ideia ez, asko jota lau edo bost» izaten ditugula uste du idazle eta irakasle errenteriarrak, eta, lantzearen lantzeaz, azken horiek direla «uste sendo» bilakatzen zaizkigunak. Alde horretatik, literatura egiteaz gainera literaturaz «asko irakurri eta hausnartu» duela ziurtatu zuen Landak eta teorizazio ezberdin horiek literaturaren «galdera eternalak –zer da literatura? ze funtzio luke? zer egin dezakegu gazteek gehiago irakur dezaten?...– noiztik datozkigun ulertzen» lagundu diotela zehaztu zuen. «Autoantologia honetan nire uste sendo horiek badaudela uste dut, liburuan bilduta geratu direla, bizikletaren pedalei eragiten daramatzadan berrogei urteetako ibilbidearen esentzia badagoela sentitzen dut», esan zuen.

Halaber, Landak Asun Balzolari eskainitako atal bat (lau testu dira orotara) ere badagoela zehaztu zuen, «haren obrak gure artean bizitzen jarraitu dezan. Artista plastiko bikaina izan zen, berritzailea eta euskal kulturarekin estuki lotua zegoena».

Testuak atzerrirako zirenez, jatorrian gaztelaniaz idatzi zituen Landak eta argitalpenean hizkuntza horretan biltzea erabaki dutela gaineratu zuten Pamielatik.

Landaren testuez gainera, argitalpenean Marga Otaegiren argazkiak ere badaude eta, horren gainean, argazkilaria pozarren azaldu zen proiektu honek arte diziplina ezberdinen arteko esperimentaziorako bidea ireki diola-eta: «Bada literaturaren eta argazkilaritzaren arteko elkarrizketa bat, hitzen eta irudien artekoa, batak irudi batekin mila hitz deskribatzen dituen bitartean besteak mila hitzekin irudi bat deskribatzen duelako».

Bere lanerako Roland Barthesen «literaturak hobeto arnasa hartzeko balio du» esaldia oso gogoan izan duela azpimarratu zuen eta, hala, irudi bakoitzaren bidez «argazkiek barrurantz eta kanporantz arnasa har dezaten» ahalegindu dela esan zuen. Otaegiren irudiek ate eta leihoak, naturako elementuak eta horien konposizioak aurkezten dituzte, eta testuen artean «atseden eta arnasa hartzeko» beta eskaintzen dutela esan zuen, bere aldetik, Landak.