Maider IANTZI
BILBO
Entrevista
JOKIN APALATEGI
«UZTARO» ALDIZKARIKO ZUZENDARIA

«Borrokak balio du. Euskarari beldurrak kendu dizkiogu»

Giza eta gizarte zientzietako aldizkaria une «zoragarrian» dagoela pasatu dio testigua Jokin Apalategik (Ataun, 1943) Gidor Bilbao zuzendari berriari, atzo Bilboko Kafe Antzokian egindako ekitaldian. Proiektuak duen harrera «txapela kentzekoa» dela eta urte aunitzetako etorkizuna duela uste du.

«Talde zoragarri bat dago atzean eta badakit dena belusean josita bezala egongo dela», adierazi dio GARAri ekitaldiaren aitzinetik. Nahiz eta erran bere adinean ametsen azpitik bizi dela, pasio handiz mintzatzen da.

Ehungarren zenbaki borobilera iritsi da «Uztaro». Zer sentitzen duzu?

Ilusioa, dudarik gabe. Ikusita 1990ean abiatu ginenean euskal kulturan zegoen giroa, unibertsitatean zegoen ahulezia, eta zer urrats eman diren, zer ibilbide egin den, horrek poz ikaragarria ematen dit. Askotan esaten dugu «hainbeste borroka egin dugu eta ez du ezertarako balio». Eta bai, balio du, ikaragarri. Borroka egiten den guztietan, beti balio du. Sentsazio hori dut, asko balio izan duela.

Zeintzuk izan dira zuretzat lorpenik inportanteenak?

1970eko urteetan euskara dudan zegoen. «Jakintza munduan ibiltzeko lain izango da? Edukiko du errekurtsorik?». Halako galderak egiten ziren. «Euskaraz unibertsitatean bai?» Koldo Mitxelenak ez zuen garbi ikusten hori zenik lehen urratsa. Hori zen giroa. Jean Haritschelhar Baionako Euskal Museoan ari zen eta udako kurtsoak egiten hasi ziren, UEUren aurretik. Berak ere Koldoren hipotesi horri jarraitzen zion eta gaztetxo ameslaritzat gintuen. Pixkanaka Unibertsitatean sartzen da euskara eta “Uztaro”-k bere partea du horretan. Euskal irakasleak sartzen gara, irakasle-ikertzaile karreratxo batekin. Derrigortuta egon ginen karrera hori dena erdaraz egitera.

Ausardiarekin sortu zenuten aldizkaria.

Ikusten genuen jende asko zegoela jada euskaraz lanak egiten ari zena, artikulu ederrak, beste unibertsitarioen mailakoak. Eta planteatu genuen: zergatik ez dugu dena aldizkari batean biltzen? UEUko ordezkaritza txiki bat etorri zen nire etxera, aldizkari hori nola aurrera eraman ikustea proposatuz.

Segituan erantzun zenuen baietz?

Zalantzarik gabe, minutu erdi bat ere pasatu gabe: Aurrera! Soziologia formazioa nuen nagusiki, baina ezin genuen soziologiako aldizkari bat egin; giza eta gizarte zientzietako arlo guztiak batu behar genituen. “Uztaro”-ren arrakastaren puntu handi bat diziplinarteko izaera izan da, oso irekia, denontzako tokiarekin. Lehenbiziko erredakzio kontseilua egin zen, zazpi lagun ginen, eta lanak ateratzen hasi ziren. Zenbaki bakoitza egiteko azken ordura arte ez genuen jakiten zein artikulurekin itxiko genuen, baina beti lortzen genuen. Oso inportantea izan da UEU atzetik edukitzea. Hori izan da asegururik handiena.

Hori lortuta bigarren etapa bat etorri zen.

Gure euskarazko artikuluek nazioarteko aitorpena eduki zezaten lanari ekin genion. Latindex sistemaren bidez egin genuen. 33 baldintza bete behar ziren onartuak izateko eta ikusi genuen jada 21 betetzen genituela. Besteetara aski laster heldu ginen. Batzorde zientifikoa falta zitzaigun, adibidez. Jende ezaguna behar genuen eta proposamena egin genien guztiek baiezkoa eman ziguten, tartean Jean Haritschelharrek. Onarpena lortu izanak erakarpen handia zuen bereziki karrerarako seiurtekoak bilatzen ari ziren irakasle-ikerlari gazteentzat. Hala euskaraz egindakoek ere eduki ditzakete beren puntuak. Horrekin jendea barra-barra etortzen zaigu. Aurretik bizpahiru edo noizbait bost zenbaki prest edukitzera heldu gara. Lan asko egiten da, gainera kalitatezkoa. Azken urteetako “Uztaro” hartzen duenak maila handiko artikuluak irakurriko ditu. Artikuluak etortzen direnean ez ditugu guk epaitzen, baizik eta aldizkaritik kanpoko pertsona jakitunek. Kanpoko aldizkari zientifikoek bezala funtzionatzen du gureak ere. Horrek indar handia eman digu, baita onarpen handia ere unibertsitatean eta euskal munduan. Euskarari hasieran aipatutako beldur haiek kendu dizkiogu. Euskaraz egin liteke zientzia guztia. Jendeak euskara menderatzen du zientziak eskatzen dituen adierazpen guztietan sartzeko eta ibiltzeko. Lan eginez heltzen da goi punturaino. Oso baikor naiz.

Zein erronka dituzue momentu honetan betetzeko?

Euskal Herrian irakasle-ikerlari funtzionarioek proposamenak aurkezten dituztenean seiurteko eta bosturtekoak lortzeko epaimahai bat egoten da. Hau Unibasq-ek kudeatzen du. Baina gaurkoz Euskal Herriko Unibertsitateak ez dauka subiranotasunik hori egiteko, alegia, Espainiako goi mailako adituen onarpenik gabe ezin dira pasatu. Bada unea Unibasq subirano euskalduna izateko, kalitate eta exijentzia guztiarekin. Horretarako Eusko Legebiltzarra, Jaurlaritza eta Euskal Herriko unibertsitate guztiak inplikatu beharko lirateke. Inportantea da ditugun idazleak unibertsitate guztietatik datozela.

Gidor Bilbao zuzendari berriari pasatuko diozu lekukoa. Zer erranen zenuke berari buruz?

Aspalditik ezagutzen dugu elkar. Uste dut “Uztaro”-ren bosgarren urtean sartu zela erredakzio kontseiluan. Oso langile fina da, argia, isila, zoragarria, besteekin harremanak oso neurtuak eta gozoak egiteko kapaz dena. Eta, bistan da, esperientzia handia dauka ikerketan eta baita administrazioan ere, EHUn errektoreorde izana baita. Gure lanek hizkuntza orrazketak dituzte eta bost orrazketalari garrantzitsu badauzkagu. Horietatik bat ere bada bera. Dena dauka.