Maru ERIZ
Argia ikastolako lehendakaria

Badator «la carrerica», badator Korrika

Korrika betea dator, osoa: 20. edizioa; zenbaki parea, zenbaki borobila, zenbaki garrantzitsua, zenbaki heldua, zenbaki adinduna eta zenbaki urdindua (nire kasuan, behintzat). Hau guztia esateko dauka Korrikak, milaka bizipen, milaka oroitzapen, milaka urduritasun, milaka zorion, milaka izerdi, milaka eta milaka abentura, berak dagoeneko beteta dauzkan kilometroak bezainbeste.

Korrika karrera bizia da, alaia eta sentibera, edonor barrutik astintzen duena eta bere indarraz jabetzen gaituena. Hamar egun aldarrikapenerako, alaitasunerako, elkartasunerako eta euskararen herria batzeko. BAT horretatik BATZUK horretara eramaten gaitu eta GUZTIOK izaten laguntzen gaitu.

Korrika da euskaldunon eta euskaltzaleon runing martxosoa, aspaldikoa, heldutasunera iritsi den horietakoa; Korrika da osasuntsu mantentzen gaituena, bai gorputzez zein arimaz eta animoz.

Korrikak urteak beteko ditu eta ezin ahaztu Euskararen legeak ere hortxe dirauela. Honek ere urteak betetzen jarraitzen du nafarron zoritxarrerako! Ea 20. edizio honek inoiz baino jende gehiago biltzen duen, ea abiadurak eta alaitasunak eta aldarrikapenerako mezuek erakundeetako ordezkariak kutsatzen dituen eta ausart bihurtzen eta petoa jantzita daukatela herrialde honetako edozein txokotan konturatzen diren lege horrek ez digula mesederik egiten. Ea gai diren euskarari zor zaion eta beharrezkoa zaion ofizialtasuna ematen gure Nafarroa honetan. Bada garaia eta!