Maider IANTZI
IRUÑEA

Ispiluari so, euskararen herriak euskaldunago ikusi du bere burua

«Ispilu batean bezala islatzen da bizitza hizkuntzan», dio Joseba Sarrionandiaren mezuak. Eta Korrikaren iritsiera bizi-bizia izan da. Puskatutako ispiluaren piezak berriro elkartzen ari dira, eta euskararen herriak –hiriburuak– euskaldunago ikusten du bere burua.

Iurretako idazle handiaren testuak bertze mezu hagitz adierazgarri batekin egin du topo 2.535. kilometroan: «Gu gaurko euskaldunak, gure aitasoen illezkorren oroipenean, bildu gera legea gorde nahi degula erakusteko. (…) Atzerritarrari ostatu gozoa eman ohi diogu, baina ez dugu bere uztarria jasan nahi». Bi testuen bat egiteak zirrara berezia eragin du Sarasate pasealekuan elkartutako jendearengan. Dantza, txalo, salto, oihu... Erotuta hartu du Otxandiotik etorri den lekukoa. «Hemen gaude, euskararen alde!».

Hendaia, Urruña eta Azkaingo gazte kuadrilla topatu dugu zuhaizpean. Pierre, Santxo, Odei, Xumai eta Rafu dira. Azken hau iruindarra da sortzez, eta hagitz hunkituta bizi izan du horregatik Korrikaren amaiera besta. «Ohartzen naiz euskaldun gehiago dagoela bertan. Euskara gehiago aditzen da kaleetan. Inkesta bat ere atera da berriki hori erranez. Jendeak beldurra kendu dio euskarari. Gauzak aurrera doaz».

Emozioa, poza, alaitasuna... Hitz onak bertzerik ez dituzte gazteok Korrikarentzat. Ez ziren egon martxa Nafarroako hiriburura ailegatu zen aitzineko aldietan. Gogotsu parte hartu duen Joseba Asiron alkateak oroitu duenez, duela hamar urte euritan bukatu zen ekimena Gaztelu plazan; Udalak ibilbidea aldatu izan dio, eta nafar Gobernuak ere makina bat traba jarri izan dizkio; eta orain 14 urte zezen plaza alokatu behar izan zuten. «20. edizioa iritsi da, aldaketa instituzional eta historikoarekin bat eginez», adierazi du Asironek kontent.

Orain, ispiluari begiratu eta «ika, ika, ika, Korrika!» oihartzuna aditzen da haurrengan. Eta peto koloredunak ukitzen dira kale guztietan barna, eta joaldunak usaintzen dira, eta «Gora euskararen herria!» sentitzen da. Txarangak, batukada, kontzertuak –antolatuak zein inprobisatuak–, mahaiak etxe atarietan bazkari goxo-goxoarekin... Santiago bidea eginez motxila erraldoia bizkarrean Iruñean lurreratu diren erromesek sanferminak direla sinetsi dute.

Hagitz bertzelako prozesio bat

Oinkada sendoz sartu den martxak hagitz bertzelako prozesio batekin ere egin du topo, erramu-igandeko prozesioarekin. Bi ekimenak gurutzatu direnean nabarmen ikusi da, tximista bat bezala, baten argitasuna eta bertzearen iluntasuna. Baten irri algara ozena eta bertzearen seriotasuna. «Ez zitzaien entzuten ere», komentatu du Arantxak. «Edo zuk ez dituzu aditu nahi izan», zuzendu du Jose Luisek. Sakanarrak dira, Pedro eta Marili bezala. Etxarri Aranatz, Arbizu eta Unanueko kuadrilla da. Momentu batean zalantza egin dutela aipatu digute, Korrikan segitu ala erramuak zeramatzan prozesioan sartu. Irribarre handi bat dute ezpainetan.

Kontatu digute bezperan Etxarrin lasterka ibiliak zirela eta atzo, Iruñean. Udaletxetik Gaztelu plazara eta handik Nabarreriara eta gero Santo Domingora. Ederra. «Pozgarria da hainbeste jende gazte ikustea» nabarmendu dute, «baita Iruñean amaitzea ere». Etxean jaso dute eurek euskara eta pixka bat alfabetatu dira AEKn. Diotenez, euskara aunitz berreskuratu da beren bailaran. «Etxarrin, adibidez, erdaraz egin izan du gazte askok eta orain asko errekuperatu da». Alde Zaharrean bueltaxka bat ematera doaz agurtu ditugunean. «Ea ze jende ikusten dugun».

Mentalki kilometro guztiak

Bertze lagun ugari bezala, dantzan harrapatu ditugu Amaia, Zuriñe eta Agustin, pantaila handian lasterketaren azken pausoei jarraitzen dieten bitartean. Hunkituta ere bai. Mendillorrikoak dira eta 08.10ean egin dute korrika beren auzoan. Ezpondapea elkarteko kilometroa osatu dute. «Mentalki kilometro guztiak egin ditugu –diote barrez–. Lasterka pare bat gehienez». Berminzanan eta Etxarri Aranatzen ere ibili direla erantsi dute gero. Seguru, beraz, pare bat baino gehixeago izan direla.

«Mendillorrin jende pila bat egon da. Koreografia dantzatu dugu eta irrintzia ere bota dugu», kontatu dute. Buelta bat eman dute ondotik Iruñean eta Jarauta 69rekin dantzan ibili dira, lagunak baitira. Gero Gatiburen kontzertua ikusteko asmoa dute.

«Euskararen alde egitea normaltasunaren kontra egitea da oraindik», azaldu du Sarrik bere mezuan. Baina ispilua ere aipatu du. Ispiluak bertze aldea erakutsi du Iruñean, aldaketarena, aitzinera egitearena.

«Aldaketa sumatzen da hiriburuan bai Korrikan bai beste gauza askotan –agertu dute mendillorritarrek–. Nabaritzen da gobernuak euskararen alde daudela». AEK-ko Xabi Gartziak ekitaldian erran duen gisan, aldaketa ez da zenbakien batuketa bat; «aldaketa herritarrok gara» eta hauen bertze lorpen bat da Korrika. 20. edizioa ere amaitu da, azkar igaro dira 11 egunak eta sarri hasiko dira 21.a prestatzen. Bitartean, ispilua osatzen segitzen jarraitzea gelditzen zaigu, euskara erabiliz eta ikasiz.

 

Mezua

Alfabetatzearen, euskalduntzearen, ikastolen, euskara batuaren, literaturaren, prentsa idatziaren, irratiaren, telebistaren, eta KORRIKA askoren ondoren, azken berrogei urteotako biziberritzearen ondoren, euskararen aldeko mugimendua egonkortu egin dela esaten da, normaltasunaren alde aurrerapauso handiak egin eta normalitate moduko batean lasaiturik edo trabaturik gelditu dela euskaraz bizi ahal izateko asmo kolektiboa.

Euskararen alde egitea normaltasunaren kontra egitea da oraindik. Aukerak eta maukerak egin behar izaten ditugu euskaraz bizi nahi dugunok. Belaunaldiak daramatzagu behetik gora elkartzen eta ekiten, erresilientzia honetan, goitik behera ezartzen zaizkigun lasaigarri kulturalak eta traba politikoak gainditzeko. Badugu motibo bat: badugu altxor partikular bat balio unibertsala duena, ispilu batean bezala islatzen dela bizitza hizkuntzan.

Hizkuntzan ikusten du bere burua edozein pertsonak zein komunitatek, oharkabean bada ere, eta hizkuntza kaltetua ispilu apurtua bezalakoa izaten da. Hizkuntza bat desagertzen denean, mundu guztiak galtzen du bizitza ikusteko eta azaltzeko modu berezi bat. Balioa du norberarena denean eta beste batzuena denean ere bai. Euskara, beste hizkuntzak bezala, altxor unibertsal bat da, denona delako, agortzen ez delako eta dohainekoa delako.

Denona da, dena pribatizatzen ari den sasoian. Ez da agortzen erabiliz gero, gauza gehienak erabiliz gero bota behar izaten diren egunetan. Eta dohainik erabiltzen dugu, gehien gehiena ordaindu behar izaten denean. Euskara noranahikoa da, baina gutako bakoitzaren baitan dago. Lapur altxorra balitz bezala edukiko dugu zulo ilunen batetan ezkutaturik? Konturatzen zara goizetan ohetik jaikitzean ezti tanta gozo bat bezala senti dezakezula ezpainetan?

Joseba Sarrionandia