Nagore BELASTEGI

GURPIL BAT IRAULIZ 800 KILOMETRO LOTUKO DITUZTE ZIENTZIAREN ALDE

Minbiziaren eta fibrosi kistikoaren inguruko ikerketari laguntzeko dirua bilduko dute kirola eginez. Orduko bi kilometroko abiaduran aritu beharko dira, denbora galdu gabe, eta galtzen badute hurrengo iraulian berreskuratuz. Korrika-ren erara.

Oraindik oroimenean fresko dugun Korrika aipatuko dut, Re-Vuelcate proiektuak baduelako horrekin antzekotasunik. Korrikan lekuko bat pasatzen da eskutik eskura 10 egunean zehar, etenik gabe. Bada Re-Vuelcaten fitness kirola egiteko balio duen gurpil erraldoi bat erabiliko dute eta Irundik Santiagoraino iritsiko dira, Done Jakue bidean barrena, gurpilari buelta emanez. Baina ez biraka, baizik eta irauli eta gero berriro altxatu egin beharko dute parte hartzaileek. Guztira 800 kilometro izango dira eta Euskal Herritik hasita, Kantabria eta Asturias zeharkatuko ditu Galizian amaitzeko.

Parte hartzaileek gurpilari bueltak eman ahal izateko ordaindu egin beharko dute; euro bat buelta bakoitzeko, eta buelta bat gutxienik. Bildutako dirua minbizia eta fibrosi kistikoa ikertzen duen elkarte bati eskainiko diote zuzenean, honen kontu korrontea emanez. Bidean zehar antolatzaileei sortzen zaizkien gastuak ordaintzeko kamisetak jarriko dituzte salgai.

Autonomia erkidego bakoitzak bere tartea antolatuko du eta Euskal Herriko zatia Etxebarriko Antsotegi hotela daramaten Hernando anaiei egokitu zaie. «Fran Linares asturiarraren ideia da. Iaz Oviedotik Covadongaraino egin zuen, 98 kilometro, eta kristoren arrakasta izan zuen, eta aurten erabaki du Done Jakue bide osoa egitea», azaldu zigun Gontzal Hernandok. Beraiek hotela «kanpaleku base» moduan utziko dute, eta bertatik mugituko dituzte parte-hartzaileak. Izan ere, Euskal Herriko zatia lau egunetan osatuko dute, uztailaren 10ean, eguerdian, gurpila Onton herrian (Kantabria) utzi arte.

Uztailaren 6an aterako da Irundik eta uztailaren 23an amaituko da Santiagon. Euskal Herriko zatia egiteko 30 pertsona behar dituzte; beraz, parte hartu nahi dutenei dei egin diete anaiek. «80 kilo pisatzen ditu gurpilak. Ez da asko, guk egin ditugu probak. Kontua da bi buelta emateagatik ez dela ezer gertatzen, baina hiru ordutik aurrera gauza konplikatu egiten da... –azaldu zuen Hernandok–. Sei orduko txandak dira eta horregatik kirolari iaioak behar ditugu, gimnasioko frikiak», zehaztu zuen. Antolatzaile asturiarrak 12 ordu egingo ditu egunean, egunero.

Jende askok parte hartu nahi duenez, ideia bat izan dute: «Beharbada, gurpil handiaren ondoan beste txikiago bat jarriko dugu, edonork parte hartu ahal izan dezan, Korrika Txikia egiten den moduan». Izan ere, nahiz eta etxebarritarrak esan edonork egin dezakeela, ez da hain erraza gurpilari bueltak ematea, are gutxiago bi kilometro orduko abiadura mantendu behar izanda. Eta atzeratzen badira, gero galdutako denbora berreskuratuko beharko dute!

Ez daudenen ohorez

Linaresek iaz egin zuen Re-Vuelcate zatian 8.000 euro lortzea lortu zuen, Oviedoko Unibertsitateak sekulako babesa eman ziolako. Aurten, helburua ahalik eta diru gehiena lortzea da, baina Hernandok uste du zifra horretara gerturatzea zaila izango dela. Hala ere, animoso daude eta lanean ari dira udaletxeen babesa lortzeko. «Uste dugu erraz lortuko dela», dio ekimenari buruz hitz egitean.

Baina zergatik sartu ziren bizkaitarrak proiektu honetan? Fran Linaresen lagun bat minbiziak hil zuen eta konturatu zen gaiaren inguruan oso baliabide gutxi zeudela eta horregatik erabaki zuen iaz proiektua martxan jartzea. Hernandotarren aita ere minbiziak jota hil zen duela hiru urte eta aitaren lagun asturiar bat haiekin jarri zen harremanetan. Gazteak Asturiasera joan ziren eta Linares ezagutu zuten, haren ideiak entzun zituzten eta aurtengo abenturan parte hartzea erabaki zuten. Gurpilak, elkartasunak bezala, ez du mugarik izango eta indartsu abiatuko da.