Amalur ARTOLA
DONOSTIA

Pendrive talismanikoan gordetako ipuinak

Ordenagailuan idatzi eta soinean, galtzetako patrikako pendrive «talismanikoan» eraman ditu Juan Luis Zabalak «Ospa» bilduman argitaratu dituen ipuinak. Hamar urtetan idatzitako aleek ezaugarri komun gutxi dutela dio: ahal bezain libre idatzi dituela, hori bai.

Era autonomoan, liburu baten zati izango ziren kontzientziarik gabe sortu zaizkio Juan Luis Zabalari “Ospa” ipuin-bilduman (Susa) argitaratu berri dituen kontakizunak. Azkoitiko filologo, idazle eta kazetariak –“Euskaldunon Egunkaria”-n eta orain gutxi arte “Berria”-n aritu da, besteak beste– hamar urtean idatzitako aleak ekarri ditu bildumara eta, zentzu horretan, bere bizitzako «aro ezberdinetan» idatziak izan direla azaldu zuen liburuaren aurkezpenean.

«2013an, hiruzpalau idatzi nituen denbora gutxian. Bildu nituen USB batean eta hasi nintzen USB hori poltsikoan eramaten, amuleto bat bezala, idazleari zerbait esku artean edukitzeak ematen diolako halako indar bat», zehaztu zuen Zabalak, eta segurtasun horri tiraka idatzi zituen hurrenak, betiere, bere buruari baldintzarik jarri gabe. Horrek forma eta gai aldetik bilduma anitza izatea ekarri du, baina Zabalak aitortzen dio batasunik: «Kezketan badago halako batasun bat eta ipuin gehienetan bada iheserako gogo bat».

Sorkuntzaren gaineko kezka

Neurrietan laburrak izatea –badira bi orri soilik hartzen dituztenak– eta, “Txistu eta biok” (Algaida, 2016) eleberrian bezala kultur munduko pertsonaiei aipamen egitea dira ipuinok dituzten beste bi ezaugarri komun eta, autorearen hitzetan, sorkuntzaren inguruko kezka bat ere badago bilduman: «Ipuinetako protagonista gehienak zinemagileak, musikariak edo idazleak dira. Kazetaritzak ere badu garrantzia, 25 urtean izan bainaiz kazetari; kasu batean baino gehiagotan kazetariak dira protagonista eta alegiazko artikuluak ere badaude», zehaztu zuen.

Idazteko moldeari dagokionez, “Nobelagile isila” ipuina liburuaren hitzaurrea izan zitekeela onartu zuen, «nire idazteko modua islatzen delako». Ipuin horretan, Izaskun protagonistak barruak eskatzen diona idazten du, nahiz eta susmoa duen «literatura txarra» egiten ari dela, baina berari berdin dio: «Gorde egiten du USB batean, lagundu egiten diolako bizitzan, edo horrelako zerbait». Berak ere askatasun horretatik idatzi nahi izan duela esan zuen Zabalak, eta zentzu horretan artista plastikoekiko «inbidia» sentitzen duela esan zuen. «Artista plastikoari onartu egiten zaio bere bulkadari erantzuteko duen askatasuna, merkatuari begiratu gabe, baina idazleon kasuan ez da horrela, zorrotz begiratzen zaigu. Ni hala ere saiatu naiz barruko bulkada horri erantzuten, nire buruarekin zintzo jokatzen», esan zuen.

Eta, bulkada horren eraginez, ipuinetako pertsonaiek beretik nahi baino gehiago dutela ere aitortu zuen. «Nire nobelak dira nire bizitzako egoeraren isla», nabarmendu zuen, eta ipuingintzan pertsonaiekiko distantzia gehiago sumatzen badu ere, bere buruaren islak ikusten dituela esan zuen: «Ezin dut saihestu nire antzekoak izatea. Ipuin batzuk nire oroitzapenetan oinarrituta daude eta pertsonaiek ziur aski nik nahi baino nire antz handiagoa dute. Zientzia-fikzioarekin egin beharko dut proba», egin zuen txantxa.

Bildumako bost ipuin –liburuari izena ematen dion “Ospa”, “Harmonikaren erabilera egokia”, “Txoriaren hegaldiaren atzean”, “Margolari ohia” eta “Sandraren baratzea”– aurrez argitaratuak direla ere azaldu zuen, «baina gainerakoek lehen aldiz ikusi dute argia».