Ariane KAMIO
DONOSTIA

Baleazaleen sarraskia, euskarara

Tapio Koivukari idazle finlandiarrak 2011n eman zuen argitara «Ariasman» eleberria, 1615ean Islandian hil zituzten euskal baleazaleen historia biltzen duena. Urtebete beranduago itzuli zen islandierara eta orain euskarara ekarri du Maia Ossa Rissanenek.

1615ean ekaitz batek hiru baleontzi txikitu zituen Islandian eta bertako biztanle batzuek 31 euskal baleazale hil zituzten, Ari Magnusson magistratuaren aginduz. Tapio Koivukari idazle eta itzultzaileak, euskaldunen eta islandiarren ikuspegiak bateratuta, sarraski hura nobelara ekarri zuen 2011. urtean. Hain zuzen, Magnusson magistratuari euskal baleazaleek jarritako goitizena du izenburu orain Maia Ossa Rissanenek euskarara ekarri duen lanak, “Ariasman” (Erein).

Koivukari finlandiarrak teologia ikasketak egin zituen eta Islandiarako bidea hartu zuen ondoren. Han ezagutu zuen euskal baleazaleen historia. Buruan izan zuen eleberriarekin ekitea, baina tartean Finlandiara itzuli eta urte batzuen buruan berreskuratu zuen ideia hura. Berea ez da, ordea, euskaldunen ikuspegia soilik biltzen duen lana, bi komunitateen hariak luzatzen dituena baizik. Bide horretan, dokumentazio lan eskerga egin du Koivukarik, garaiko eskuizkribuak aztertuz eta Magnussonen bueltan idatzi ziren lanak ere kontuan hartuta. Tartean aurkitutako hainbat elementu txertatu ditu bere nobelan –zati txiki batean soilik fikzionatua–, pidgin hizkuntza esate baterako, baleazaleek eta tokikoek elkar ulertzeko erabiltzen zuten hizkera, hizkuntza desberdinak nahastuta traturako sortu zutena. «Hori da froga bat erakusten duena euskaldunak finkatuta egon zirela Islandian», adierazi zuen Koivukarik berak, atzo, euskarazko alea aurkezteko saioan.

Hain zuzen, Maia Ossa Rissanenek egin ditu itzulpen lanak. “Ariasman”-en bertsio bat egina zuen, gazteentzat, Ikastolen Elkartearen enkarguz. «Uste nuen zailena egina zegoela, baina ez. Eleberri luzea da eta oso zehatza. Oso polita izan da nire bi ama hizkuntzekin batera lan egin ahal izatea», aipatu zuen itzultzaileak. Liburuaren aurkezpen berezi bat egingo da gaur arratsaldeko seietan, Albaolan, idazlearen eta itzultzailearen parte hartzearekin eta bi dokumentalen trailerrak aurkeztuko dira, gai horrekin lotutakoak.