Andoni ARABAOLAZA
Entrevista
HARITZ MONREAL ZARRAONANDIA
«MENDI LITERATURA» LIBURUAREN EGILEA

«Mendi literatura tribialtzat jo izan da; uste dut hor ezagutza falta apur bat egon daitekeela»

Haritz Moreal Zarraonandiaren «Mendi literatura» liburuak (Euskal Herriko Unibertsitatea, Euskal Literatura saila, 584 orri) badu dagoeneko nazioarteko zein gure mendizaletasunaren historian txoko berezi bat. Doktorego tesi batetik jaiotako lan mardul bezain miresgarria da. Hori dela eta, GARAk ez du aukera galdu nahi izan hurrengo lerrootako protagonistarekin hitz egiteko.

Zergatik hasi zenuen mendi literatura aztertzeko egitasmoa?

Aitortu behar dut egitasmo hau ez dela interes puru edo desinteresatu batetik sortu. Azkenaldian unibertsitatean lanean ari naizenez, doktoregoa egitea egokitu zitzaidanean, aukera aprobetxatu nuen asko interesatzen zaidan zerbaiten inguruan ikertzeko. Mendia eta eskalada gustatzen zaizkit eta iruditu zitzaidan mendi literatura gutxi ikertua izan den arlo oso erakargarria izan zitekeela. Catherine Destivelle edo Jim Bridwellen narrazioak irakurtzen oso ondo pasatzen nuenez, espero nuen antzeko zerbait izango zela dena.

Hutsune asko ikusi zenituen?

Beste hainbati gertatu izan zaion moduan, ikertzen hasi aurretik ezin nuen imajinatu ere egin gaiak zuen hedadura, eta, Euskal Herritik kanpo batez ere, zenbat idatzi eta ikertu den mendiak literaturan duen eginkizunaz. Hasieran, nire asmoa zen mendizaleen istorioak soilik aztertzea; gero interesa beste testu batzuetara hedatu da.

Baiezta daiteke mendi literatura tribial gisa mespretxatu izan ohi diren genero horietako bat dela?

Esan izan da literatur kritikariak –unibertsitatekoak barne, edo batez ere– neurotiko xamarrak direla orokorrean, eta, literatur serioa eta kalitatezkoa zer den finkatzen dutenez, euren ezinegona hobeto islatzen duten autoreak hobesten dituztela; hau da, gehienetan, neurositik irten ezinik dabiltzan arima penatuak. Serioa ala tribiala zer den bereizteko, badaude bestelako aurreiritzi batzuk. Batzuentzat, fikzioa bakarrik izan daiteke literatura edo artea, berez sorkuntza hor baizik ez delakoan ematen. Edo, alderantziz, literatur tradizio nazional bat sortzeko asmoz, sorkuntzatik urrutitxo dauden testuak sartzen dira literatur kanonean; euskarazkoan, adibidez, Bibliaren itzulpenak.

Mendi literatura, berriz, aisialdiko kontuekin harremanean jartzen denez normalean, tribialtzat jo izan da. Nik uste dut hor ezagutza falta apur bat ere egon daitekeela, eta espero dut argitaratu berri dugun liburuak generoari duintasun apur bat ematen lagunduko duela.

Mundu mailako mendi literatura eta Euskal Herrikoa ikuspegi konparatibo batetik aztertu dituzu. Zergatik hori?

Lehenik, formazioagatik, Literatura Konparatua eta Orokorra deritzan arloan espezializatu nintzelako. Arlo horretan hizkuntza edo tradizio diferenteetako literaturen arteko harremana aztertzen da, eta nik bertako literatura testuinguru zabalago batean kokatu nahi nuen.

Zer ondoriotara iritsi zara?

Inportanteena, gure idazleek, euskaraz, gaztelaniaz edo frantsesez idazterakoan, beste hizkuntza batzuetan idazten dena gertutik jarraitu izan dutela, eta zaila dela bertakoa ulertzea kanpokoaren erreferentziarik gabe.

Badirudi, mendi literaturak nazioarteko komunitate akademikoaren arreta jaso duela XIX. mendearen bukaeratik aurrera. Zer gertatu da?

XIX. mendearen erdialdetik aurrera, mendizaletasuna praktikatzen hasi ziren aisialdirako dirua nahiz astia zuten pertsonak, horietako asko formazio akademikoa ere bazutenak; pixkanaka, mendiko esperientziak idatziz jasotzen hasi ziren, aztertzea merezi zuen corpus bat sortuz. Aurretik ere hor zituzten, gainera, Ilustrazio garaiko naturalisten narrazioak, poeta erromantikoen irteerak, eta abar. Idatzi horien inguruan hausnarketa egiten hasi ziren laster, eta jadanik XX. mendearen hasieran Oxforden mendi literaturari buruzko jardunaldiak egiten hasi ziren. Pentsa, unibertsitate horretako Bodleian liburutegi famatuak badu milaka aleko mendi literaturari buruzko atal bat. Gurean, akademikoen mendizaletasun horren adibide ezagunena Unamuno bilbotarrarena dugu.

Zoritxarrez, mendi literaturaren eta mendiaren inguruko interes horrek badu alde ilunago bat. XVIII. mendean, Mont Blanc mendiaren gailurrera iristea, gizakiak arrazoiketarako duen garaipen gisa irudikatu zen, dogmaren eta superstizioaren gaineko garaipen gisa. XIX. mendeko esplorazioak, berriz, interes zientifiko soiltzat jotzen ziren, interes bakarra ezagutza eta zientziaren argia hedatzea zelakoan. Baina diskurtso horrek atzean bazuen bestelako ideologia interesatuago bat, garaiko europar espantsioa eta kolonialismoa justifikatzeko erabili zena. Ordutik honako mendi literaturaren analisiek, batzuetan modu inkontzientean, garai horretan egindako analisi akademikoei jarraitzen diete mendi literaturaren sorkuntza azaltzen dutenean...

Non koka genezake mendi literaturaren hastapena?

Segun eta nola definitzen dugun mendi literatura bera. XIX. mendean bertan esan zen mendi literatura Errenazimentuan hasi zela, Petrarca poeta Mont Ventouxera jakin-nahiak bultzaturik igotzearekin batera. Ni ez naiz ausartzen hasiera non dagoen esatera. Egia da mendizaleen narrazioak Britainia Handiko Alpine Clubeko argitalpenekin ugaritu zirela pila bat, baina aurretik ere idatzi ziren mendi irteeren narrazioak, Suitzan, esate baterako.

Mundu mailako nahiz Euskal Herriko mendi literatura ardatz izan duzu. Baina, zehatzago esanda, zer herrialde eta zein hizkuntza hautatu dituzu? Eta zergatik?

Nik ezagutzen ditudan hizkuntzek baldintzatu dute ikerketa. Euskal Herriko testuez, gain, batez ere, frantsesez eta ingelesez idatzitakoak aztertu ditut. Iruditzen zait gure idazleek ere, azken bizpahiru mendeetan behintzat, hizkuntza horiek ezagutu dituztela, eta esango nuke mendi literatura orokorrean hizkuntza horietan idatzi dela gehienbat. Alemanezko testuak ere aztertu ditut tesian, itzulpenen bitartez, baina argitaratu dugun liburuan kentzea erabaki dut. Beste batzuetan, ordea, ez da posible itzulpenez baliatzea; adibidez, badakit japonieraz asko idatzi dela, baina idatzi gehienak ez dira Europa mendebaldeko hizkuntzetara itzuli. Ezezagunak zaizkigu Europan, geu ere, Europan egon arren, ezezagunak garen modu berean.

Liburuaren amaieran Euskal Herriko mendi literaturak protagonismoa hartzen du. Baten batek, agian, ezustekoa hartuko du euskal mendi literatura existitzen dela irakurtzen duenean. Azalduko duzu, mesedez.

Bueno, “Pyrenaica” aldizkarian, 1970eko hamarkadan, baten bat kexu zen ea zergatik Jon Bilbaoren bibliografian, mendi literaturari dagokion atalean, ez zegoen euskarazko argitalpenik...

Gure mendi literaturari dagokionez, zer eite nagusi azpimarratuko zenituzke?

Mendiak gure literaturan leku nabarmena izan du, halabeharrez, eremu menditsu batean bizi garelako. Nik esango nuke azpimarragarria dela mendiak balorazio positibo bat izan duela eta propiotzat hartu dugula Ilustrazio garaia baino lehen. Mendizaleen narrazioei dagokienez, beharbada beste leku batzuetan baino beranduago hasi gara idazten, baina hemen ere gauza politak idatzi dira.

Jakin badakigu, gizonezkoek dominaturiko mendizaleen talde itxien giro horretan, emakumezkoek lortu dutena askotan gutxietsi egin dela. Mendi literaturan, emakumeek zer rol dute eta izan dute? Esaten da genero honetan idazteko modu berezia dutela. Hala al da?

Tesian apur bat aztertu nuen gaia, baina liburutik kendu egin ditut emakumeek idatziriko mendi literaturako kontu gehienak, tratamendu bereizia eta azterketa sakonagoa behar dutelakoan. Gai honen inguruko monografikoa idazteko intentzioa dut.

Emakumeen literaturari dagokienez, orokorrean, nahiko eztabaida handia dago aspalditik ere ea ba ote dagoen emakumeen literatura bat, ezaugarri bereziak dituena. Koldarra naizela usteko duzu, baina ni ez naiz atrebitzen hor sartzera. Argi daukat, hala ere, gizartean merezi ez duzun lekua egokitzen dizutenean, adibidez, bozkatzeko eskubidea ukatzen baldin badizute, horrek zure idazkeran eragina edukiko duela seguru, erabiliko dituzun tonuan, gaietan, eta abar. Emakumezkoen mendi literaturan bidegabekeriak islatu eta aldarrikapenak plazaratzen dira.

«Mendi literatura» liburuak, eginiko beste batzuekin alderatuta, zer berrikuntza eta ezagutzaren aurrerakuntza dakartza?

Korsikan oporretan geundela, afaltzeko orduan alboko mahaian Manchester aldeko bikote bat eseri zitzaigun, GR-20 ibilbidea egitetik zetorrena. Lakuetako distrituan eta Galesen eskalatzen zutela-eta, erromantikoez eta mendi literaturaz hitz egiten amaitu genuen eta haietako batek Cambridgeko irakasle ezagun baten liburuan “dena” zegoela esan zidan. Bueno ba, euskaldunen mendi literatura behintzat falta da liburu horretan...

Beste ingeles batek esandakoa dakarkit horrek gogora. Stephen Hawkingek behin esan omen zuen ezinezkoa dela garai batetik bestera eroango gaituen denboraren makina bat asmatzea, bestela beste garai bateko norbaiten bisita jasoa izango genuelako dagoeneko. Beharbada, baten bat halako makina bat asmatzeko gai izango bada noizbait, konturatuko da behatzaileak hobe duela behatzen duen hori ezjakintasunean mantentzea, ez dadila konturatu behatua dela, eragina kaltegarria izan bailiteke. Bueno, Europaren erdian eta aldi berean periferian gaudenok ere beharbada ikusezin izaten jarraitu beharko genuke. Auskalo.

Zure liburua zabaldu eta irakurtzen hasi baino lehen, ze aholkatuko zenioke irakurleari?

Ez ikaratzeko liburuak duen tamainarekin! Zortzimilakoak, eta baita mendi txikiagoak ere, etapaka igotzen dira...