Erabakitzeko eskubidea Madrilen adostea defendatu du Podemosek
Gernikako Estatutua berritzeko bere proposamena aurkeztu zuen atzo Bilbon Elkarrekin Podemosek. Bertan EAEren eta Nafarroaren arteko organo instituzionalak sortzeko aukeraren alde egin zuen. Erabakitzeko eskubidea, baina, Estatuarekin erdietsiriko aldebiko akordio baten ondoriotzat jo zuen.
Gernikako Estatutuari egiten dio aipamena Elkarrekin Podemosen “Hobeto bizitzeko ituna” proposamenaren hasierak, autogobernuaren eguneratzearekin zerikusia duenak. Atzo aurkeztu zuten txostena Bilbon, estatus politiko berriaren harira zabaldu den eztabaidari ekarpena eginez. Azaldu zutenez, euren proposamena Gasteizko Legebiltzarreko Autogobernu Ponentzian aurkeztuko dute.
Oinarria argia da: Gernikako Estatutuak mugak ditu eta, zenbait kasutan, ez du funtzionatu. Horregatik, alor sozialean zentratuko den eta pertsonak erdigunean jarriko dituen proposamena egiten du koalizioak, aurkezpenean adierazi zutenez. Gaineratu zuten emakume eta gizonen berdintasuna dutela helburu, eta euskal gizartearen «identitate eta kultura pluraltasuna» ulertzen dutela.
«Hobeto bizitzeko» saiakera horretan, eskubide sozialak «blindatzea» proposatzen du Elkarrekin Podemosek, hezkuntza eta osasungintzarako eskubideak bermatuz, besteak beste. Aipamen berezia egin dio koalizio moreak etxebizitza eskubideari, eta azpimarratu du gizarte «oparo eta jasangarri» batek guztientzat sortzen dituela lanpostuak. Hauek, baina, «kalitatezkoak» izan behar dutela gaineratzen dute. Gainera, politika fiskala Gasteizko Parlamentuaren eskumena izatea proposatzen du.
Gatazkaren konponbideari dagokionez, giza eskubideak jartzen ditu bere proposamenaren erdigunean eta 36ko altxamendu frankistako, frankismoko eta ondorengo biktima guztien «memoria eta duintasuna» aitortzea aldarrikatu du.
Finean, baina, «gehiago erabakitzeko» proposamena da Elkarrekin Podemosek atzo Bilbon aurkeztu zuena, koalizioko agintarien esanetan. Erabaki nahi dute gizarteak eta instituzioak harremantzeko moduaren inguruan, eta horretarako euskal erakundeak antolatzeko modu berri bat proposatuko dutela iragarri zuten.
Baina erabaki nahi dute ere estatus politiko berriaren inguruan, erabakitzeko eskubidea ardatz hartuta, nahiz eta uste duten Estatutu berri batek ez liokeela afera horri erantzungo. Estatutu berri horrek, baina, euskaldunen izaera nazionala aitortu beharko luke, eta honen pluraltasuna onartu; Estatu espainoleko gainerako lurraldeekin harremanak izateko borondatea erakutsi beharko luke, baita EAEren eta Nafarroaren arteko organo instituzionalak sortzeko aukera eman ere. Euroeskualde bat eratzeko aukera ere eman beharko luke.
Horri guztiari bide emateko, euskal alderdi politikoek erabakitze eskubidearen alde akordio bat erdiestea proposatzen du Elkarrekin Podemosek, aipatu akordioa Madrilera eraman eta aldebiko akordio bat bilatzeko.