Amalur ARTOLA
HERNANI

Lurrari atxikitako artelanak

Giza gorputzak, elkar besarkatzen duten edo lurrari lotzen zaizkion gorputz adarrak, ibaiak, animaliak iradokitzen dituzten figurak, zuhaitzak, adarrak… Anatomia eta naturatik eratorritako elementuak dira Aitor Ruiz de Eginoren obraren zutoin eta, orain, ikastetxe izan zuen eta eraiste aginduaren zain dagoen Hernaniko Urumea ikastolako eraikin zaharreko hormen babesera ekarri ditu. Inoiz egin duen erakusketa handienean, ia 400 obra ditu ikusgai.

Hernaniarra da Aitor Ruiz de Egino eta hernaniarra da bere obra ere. Etxetik bistaratzen dituen Onddi eta Adarra mendiek babesa ematen diotela dio, haietatik eta haurtzaroan Osiñaga auzoan –bertakoa du ama– besarkatu zuten ibai eta zuhaitzetatik edanda sortu dituela azken hogei urtetan Euskal Herriko zein atzerriko hainbat galeriatara eraman dituen eskultura eta margoak. Eta horiek ere, bere obrak, kasik %100ean hernaniarrak direla: Hernanin eginak, hernaniar baten eskutik eta herrian bertan eskuratutako materiala oinarri hartuta sortuak.

Ez da arraroa, beraz, jaiotzen ikusi zuen herrian eta haurtzaroko oroitzapen biziak dakarzkion Urumea ikastolako eraikin zaharrean egikaritu izana orain artean egin duen erakusketa handiena: eraiste aginduaren zain dagoen hiru solairuko eraikineko gela ezberdinetara eraman ditu bere ibilbidean zehar –batez ere azken urteetan– egin dituen ia 400 pieza.

«Banuen gogoa. Eraitsi behar zutela jakin nuenetik nerabilen buruan hemen erakusketa bat jarri behar nuela eta, azkenean, hemen gaude», azaldu du, irribarretsu, ikastolako atean agurtu gaituenean.

Atari horretan bertan ikus daitezke orain artean egin duen erakusketari bide eman dioten bi obra: metalean egindako bi eskultura gorri bizi, animaliak irudikatzen dituztenak. «Eskulturak dira baina esertzeko ere balio dute; Hernaniko parke ezberdinetan jarriko dira», azaldu du. Izan ere, Udalak herriko parkeetan jartzeko obren lehiaketa ireki zuenean, bere proposamena egiteaz gainera, hutsik urteak daramatzan ikastolaren eraikin zaharrean erakusketa jartzeko eskaera ere egin zuen artista hernaniarrak eta, lehiaketa irabazita, erakusketarako bidea ere ireki zitzaion.

Hala, eraikineko hiru solairutan banatu ditu Ruiz de Eginok bi hamarkadako ibilbidean egindako lanak. Zeramikarekin hasi zuen arte munduko ibilbidea, eta material hori erabilitako hainbat pieza eraman ditu gela ezberdinetara. Metalean jarri zuen begia gerora, batez ere aluminioan –brontzezko eta altzairuzko hainbat pieza ere baditu–, eta formatu ezberdinetara eraman du material hau: badaude hormetatik irteten direla diruditen eta giza eta animalia formak irudikatzen dituzten eskulturak, baita lurretik jaiotzen direla diruditenak ere, eta margoa eta eskultura, lantzen dituen bi diziplinak uztartuta sorturiko piezak ere baditu. «Margolanetan aluminioa txertatzen hasi nintzen, baina orain batez ere aluminio xaflen gainean margotzen dut, pintura berezia erabilita, manganesoduna. Edozein pinturak ez du balio metalean aritzeko. Gainera, xaflek leku gutxi hartzen dute eta gordetzeko hori ere garrantzitsua da, halako bostehun obratik gora izango ditut ziurrenik», ziurtatu du.

Obra horiek Santa Barbara auzoan, etxe azpian duen sotoan (galeria modura eta lan «ez-zikinak» egiteko darabil batik bat) eta Zikuñaga auzoan Errapia artista taldeak duen egoitzan gordetzen ditu. «Han egiten ditut lan ‘zikinak’. Zeramikako labea dut han, piezak leuntzen ere han aritzen naiz... Errapia oso garrantzitsua izan da niretzat. Hernaniko artista talde bat gara eta elkar babesten dugu, inportantea da zalantzaren bat duzunean edo laguntza behar duzunean babestua sentitzea, eta hori ematen dit», ziurtatu du. Orain, kolektiboa «indarberritzen» ari dela dio, dinamika berrietarako prestatzen.

Metala eta natura

Eraikinera eraman dituen obrei begira, naturako irudiak, lurrari lotzen zaizkion zuhaitzak, elkar besarkatzen duten giza adarrak eta batez ere animalia irudiak iradokitzen dituzten piezak ikusiko ditu bisitariak. Sormenari bere gisara, ezer konkretuaren bila joan gabe, irteten uzten badio ere, urteen poderioz bere artelanek bere herrira eta batez ere haurtzarora eramaten dutela nabarmendu du. «Urteak behar izan ditut jabetzeko, baina uste dut hala dela. Zikuñagako lokalarekin hasi ginenean hasi nintzen neure buruari ‘zergatik egiten ote dut nik hau?’ galdetzen, Artelekun pila bat irakurtzen... eta uste dut txikitan bizi izandakoa agerikoa dela nire obran. Gustatzen zait pentsatzea basoan dauden izpirituak agian ez baina Onddi eta Adarra mendietan dabiltzan arima batzuk edo halako zerbait direla nire obran ageri direnak», nabarmendu du.

Eta, hain justu, eraikineko leihotzar batetik babesa ematen dioten bi mendien tontorrak bistaratzen dira. «Horregatik jarri dut obra hau hemen –esan du, sekretu bat kontatzen duenaren ilusioaz, elkar besarkatzen duten giza edota zuhaitz adarrak dituen eta zezenaren figura iradokitzen duen metalezko eskultura erakutsiz–; ikusten duzu nola dituen bi adar? Ba, beti pentsatu izan dut buruak beti horrela egiten ditudala, bi adarrekin, Adarra eta Onddi imitatuz bezala. Uste dut azkenean norbera bizi izan den lekuek eragin handia dutela bere obran. Itsasoaren ondoan bizi izan banintz, ziurrenik nire obrak ez lirateke horrelakoak», ondorioztatu du.

Materiala, metala

Materialei begira, metalaren aldeko apustua egitera ere horrek berak, herriarekiko loturak, eraman zuela uste du. «Hernani sagardoarekin lotzen da, baina metalak historikoki garrantzia handia izan du herrian. Hernani metalari esker bizi izan da eta gaur ere Karmelo Labaka institutua metalari begirakoa da, Oronak ere metala du oinarri... Nik metalarekin edozer gauza egin dezaket Hernanitik irten gabe», ziurtatu du eta, adibidez, metalezko xaflak txatartegian lortzen dituela edota polispanean diseinatzen dituen eskulturak herriko fundizio batean amaitzen dituela zehaztu du. «Pentsa, hona kanpotik etortzen dira metalarekin lan egitera», nabarmendu du.

Hernanik metalarekin duen lotura hori nabarmendu du Ruiz de Eginok herriko haurrekin egin dituen bisitaldi gidatuetan –helduekin datozen bi larunbatetan egingo ditu, 11.00etan–, baita nork bere espresiobidea aurkitzeak duen garrantzia ere. «Niretzat oso kontu larria da kirolari horrenbesteko garrantzia eman eta horrenbeste denbora eskaintzea eta, aldiz, gauza bera ez egitea pertsonalki espresatzeko modua bilatzeari. Kirola egitea garrantzitsua iruditzen zait, gorputza zaintzea ondo dago, baina barruan duzun hori ateratzeko, adierazteko modu bat bilatzea are garrantzitsuagoa da burua sano mantentze aldera eta ikastetxeek, erakundeek, instituzioek apenas sustatzen duten», kexatu da. «Nik ez diet esaten eskultore edo margolariak izan behar dutenik, baina bai daukaten gaitasun edo berezitasun hori lantzen eta horretaz disfrutatzen saiatzea ondo legokeela, izan margoekin, ikus-entzunezkoekin edo idatziz», argudiatu du.

“Metal eremutik” erakusketa abenduaren 3ra arte egongo da ikusgai.