Andoni URBISTONDO

Euskal txirrindularitza, bi gurpilen bidegurutzean

Aspaldi ezagutzen ez genuen egoera gertatuko da 2018an. Maillotean Euskadi izena eramango duten bi proiektu ikusiko ditugu errepidean hurrengo urtean. Bi kategoriatan. Euskadi-Murias taldea bigarren mailan, Kontinental-Profesional mailan; Euskadi Fundazioa, Mikel Landa buru dela, koska bat beherago, Kontinental Mailan. Zein izango da 2019ko egoera? Berbera? Bestelakoa? Bi taldeek jarraituko dute? Zein mailatan? Bakarra osatzeko elkartuko dira? Galderak egitea erraza da. Jaurlaritza da korapiloa askatzen lagun dezakeen erakundea. Eta bere iritzia ere eman du, Jon Redondo kirol arduradunaren ahotik: «Etorkizunean taxuzko proiektu bateratua nahi genuke».

Txirrindulariek 2017ko zama eta nekea astindu dute dagoeneko. 2018a berehala iritsiko da, eta harekin, egutegiko lehen lasterketak. Kirol zuzendariak ere ordu luzeak pasatzen ari dira bulegoan, sakelakora eta posta elektronikora kateatuta. Baten egutegia, papergintza, azpiegiturak... Etxeko lana, baina lan ilun eta nekeza. 2018ko udaberria aspaldiko argitsuena izanen da Euskal Herriko txirrindularitzarentzat. Euskaltel-Euskadi desagertu zenetik (2013an), Euskadi izena eraman duen talderik ez da egon nazioarteko ziklismoko bigarren mailan, Profesional-Kontinental mailan, eta datorren urtean euskal talde bat egongo da bertan, Euskadi-Murias hain zuzen ere.

UCI Txirrindularitzaren Nazioarteko Batasunak azaro hasieran baieztatu zuen berria. Pasatu beharreko langa guztiak eta aurkeztu beharreko agiri guztiak aurkeztu zituela esan zuen. Mailaz igotzeko prozesu hori orain bukatu da, baina hasi, aspaldi hasi zen, udaberrian. Jauzi kualitatiboa handia da. Kontinental mailan oihartzun mediatiko apaleko lasterketak korritzen dira, World Tour edo maila gorenean ari diren taldeen parte hartze txikiarekin. Koska bat gorago, Kontinental-Profesional mailan, erakusleihoa askoz ere aberatsagoa da. Egin kontu, egutegia errepasatuta: Kataluniako Volta, Euskal Herriko Itzulia, Donostiako Klasikoa eta Espainiako Vuelta ziurrak dira. Tour of the Alps (Trentinoko Giroa zena) edota Dauphine Kriterium-a korritzeko gonbita ere aurreratua du Euskadi-Muriasek. 20 laguneko taldea osatu du Jon Odriozola kirol zuzendariak, egutegi exijente hori duintasunez osatzeko helburuarekin.

Irailak Euskadi Fundazioaren berrantolakuntzaren albistea ekarri zuen. Migel Madariagak Mikel Landari Fundazioa desagertzear zela jakinarazi, eta Murgikoak Fundazioaren kudeaketa bere gain hartzea erabaki zuela adierazi zuen, bera txirrindulari egin zen taldea ezin zuela desagertzen utzi argudiatuz. Fundazioa Kontinental Mailan ariko da 2018an, Jorge Azanza gidari dela, dozena bat txirrindularirekin. Fundazioaren kudeatzaile berriek argi utzi dute etorri badira geratzeko dela. Urria bukaeran hainbat komunikabidetan euren proiektua azaltzen jardun zuten. Euren asmoa, 2019an Kontinental-Profesional mailara jauzi egin, eta tropeleko euskal txirrindulari onenak pixkanaka proiektura batzen joatea da. 2020an Fundazioak halako Euskal Selekzioaren oinarria bilakatu nahi luke, eta maillot hori munduko proba entzutetsuenean erakutsi: Frantziako Tourrean. Plangintza horretako helburu gorena Mikel Landa bera Tour horretan Fundazioko taldeburua izatea litzateke.

Landa bera da, hain zuzen ere, Fundazioaren argudiorik indartsuena anbizio handiko plangintza hori arrazoitzeko: Arabarra txirrindulari mediatikoa da, zaleak trumilka erakartzen ditu, ikuskizuna ematen duelako mundu osoko mendateetan. Haren balentriek, zaleek bezala, Fundazioa mailaz igotzea ahalbidetuko luketen babesleak ere erakarriko dituelakoan daude kudeatzaile berriak. Eta babesleekin batera, egun tropelean han eta hemen korritzen ari diren euskal ziklista onenak, euren ibilbideko azken urteetan etxeko taldean korritzeko ilusioa akuilu. Etxeondo eta Orbea markak euren artaldera bildu izana darabilte ahoz aho, Fundazioarena ekimen sendoa dela erakusteko.

Euskadi-Murias taldeak ibilbide luzeagoa darama. Hiru urte egin ditu Kontinental mailan, eta laugarrenean, jauzi kualitatiboa eman du, kategoria bat igota. Jon Odriozola kirol zuzendariak azaldu du bilakaera: «Muriasek lau urterako konpromisoa hartu zuen, eta hitza bete du: hiru urte Kontinental mailan, eta azkena Kontinental-Profesional mailan». Taldearen etorkizuneko asmoa zein den ere aitortu du: «20 urtez jarraitzea. Hori da nire asmoa eta Murias enpresarena. Jendartea proiektuari bultzada emateko prest badago, lortuko da. Uste dut pauso zailenak eman direla, bide bat egin dugu, lau urtekoa, bakar-bakarrik, eta Kontinental-Profesional mailan lehiatuko gara. Aurrera egiten bada, agente guztien konpromiso sendo bat dagoelako izango da».

Hiru milioi euroko aurrekontua izango du Euskadi-Murias taldeak 2018an. Babesle nagusiak erdia baino gehiago jarri du, eta taldeak maila handiko probak korrituko ditu. Jauziaren zergatiaz, Odriozolaren hitzak: «Gure lana ez zen ikusten Kontinental mailan, kategoria amateurra da ia-ia, eta orain hori aldatu egingo da. Exijentzia handiagoa izango da, jarraipena ere handiagoa, baina gu prest gaude lana egiteko, proiektu honi zentzua emateko».

Bi proiekturen talka

Odriozola jakitun zen Mikel Landak emango zuen pausoaz, zurrumurrua ofizial egin aurretik: «Berri ona da guretzat ere. Fundazioak 25 urte egin ditu, eta erreferente bat izan da Euskal Herriko txirrindularitzan». Eusko Jaurlaritzak ere, noski, bazeukan informazioa. «Berri positiboa da», dio Jon Redondo Kirol gaietako arduradunak. Bilera bat egin zuten Fundazioko ordezkariekin, informazioa jasotzeko, «eta zubi lan bat egitea proposatu genien, Murias-ekin elkar zitezen. Baiezkoa eman ziguten, eta astebeteko epean batzarra egin genuen bi aldeekin. Bilera txukun joan zen. Elkar ezagutu zuten, eta eskaera argia egin genien: ea posible zen beraien arteko elkarlana sustatzea».

Iraileko kontuak dira horiek. Jaurlaritzak onartua zeukan 2018ari begira egoera konpondu edo aldatzeko berandu zela, Fundazioa eta Euskadi-Murias bakoitza bere bidetik joango zirela. Batez ere Murias-ek aspaldi, udaberrian, egin zuelako atzera bueltarik ez zeukan urrats sendoa: Kontinental-Profesional mailako talde bilakatzeko UCIri ordaindu beharreko 400.000 euroko bermea. Irailetik abendura bitarte gauza asko gertatu dira, gauza asko esan, entzun eta irakurri. Hainbeste, ezen 2019rako aurreikusten den agertokia egungo berbera baita: talde bakoitzak bere bidea egitea.

Mikel Landa garbi mintzatu zen Gorraizen, Movistar taldeak duela aste batzuk egindako kontzentrazioan: «Ni Euskadi Fundazioko kidea naiz, ez Euskadi-Murias taldekoa, ez dakit talde horrek ze bide egingo duen. Nik dakidana da Fundazioak ia 25 urte daramatzala lanean, ni bertatik atera nintzela, eta proiektu hori ez desagertzeko erantzukizuna daukadala». Odriozolari ere iristen zaizkio, noski, han eta hemen esandakoak, eta bere taldearen bilakaera goraipatzen du: «Urteen joan-etorrian hainbat proiekturen sorrera iragarri dute han eta hemen, eta ez dute aurrera egin. Guk agindu genuena bete dugu: Kontinental izan gara hiru urtez, eta Kontinental-Profesional izango gara 2018an. Uste dut horri errespetua zor diogula denok. Babesle sendo batek milaka euro jarri ditu lau urtez. Datorrenak, edo antzeko proiektu bat eraiki nahi duen guztiak, erakutsi egin beharko du zer egin nahi duen eta nola, ze pauso emango dituen. Gauza ezberdin bi dira ‘hau eta hau egingo dut’ agintzea lau haizeetara, eta bestea, egitea, gauzatzea. Guk agindu genuena egin dugu».

Jaurlaritzaren zubi-lana

Jon Redondo arduratuta mintzatzen da egoeraren inguruan. Hitzez hitz esan gabe ere, onartzen du egoeraren zailtasuna: «Esperantza mantentzea dagokigu guri, bidean dauden oztopoak ezabatzea. Elkarlana ez da posible izan 2018rako, eta 2019ari begira proiektu bateratu bat lotzen saiatuko gara, biak elkartuz». Eta arrazoibide hau ematen du: «Proiektu bat ateratzeak zailtasuna badu, ba bi proiektu, pentsa, ezta? Gure asmoa proiektu bakarra litzateke, taxuzkoa, bi txiki baino. Kanpotik ikusita, herri ikuspegitik, proiektu bateratua nahiko genuke. Gizarteak hori exijitzen digula esango nuke, proiektu bateratua. Txirrindularitza da ‘nation branding’ delakoa (nazio marka) sustatzeko biderik aproposena. Beste kiroletan EAEko herrialdeen arteko lehia ikaragarria da: futbolean, saskibaloian... txirrindularitzan, ordea, herri bezala aritu izan gara, eta aritu gaitezke. Hori lortzeko lana egitea da gure zeregina».

Jaurlaritzak nahiko lukeen agertokiari buruz ere mintzatu da Redondo: «Gure erronka euskal Cofidis bat egitea litzateke (Kontinental-Profesional mailan ari den Frantziako taldea). Ez dut uste Pro-Tour mailako egitura handikaria sortzeko bitarteko ekonomikorik duen herria garenik, baina bagara nahikoa indartsu munduko proba entzutetsuenetan lehiatzeko aukera emango digun azpiegitura sortzeko, bigarren mailan. Hori proiektu jasangarria litzateke. Gero, dirua etortzen dela eta proiektu hobea egin litekeela? Ba aurrera».

Bi proiektuek beren bidea egiten jarraitzen badute, gerta liteke Jaurlaritza baten edo bestearen alde egiteko beharrean egotea. Posible ote? «Ez, ez da hori gertatuko. Ez gara baten edo bestearen alde jarriko. Gure ekimen oro biak elkartzeko lan egitea izango da. Jaurlaritzak posizionamendu jakin bat hartzen badu, baliteke erabaki hori jendartean ondo ez ulertzea, kritikak jasotzea. Ezin dugu bi proiektuetako baten aldeko jarrera hartu».

Gaur-gaurkoz, 2019 edo 2020an aurreikusten den egoera tropelean Euskadi izena eramango duten bi txirrindulari talde egongo direla da. Ulergarria al da hori? Jon Redondoren ustez, ez: «Talde bateratu bat nahi dugu, non Euskadiko selekzioa batuko litzatekeen, Tourra korrituko lukeen taldea. Jaurlaritzako kide eta zale gisa ari naiz. Hor jarriko dugu gure indar guztia, aukera hor dagoelako eta aprobetxatu egin behar delako». Antzeko hausnarketa egiten du Jon Odriozolak: «Euskal Herrian ez dago Kontinetal-Profesional mailako bi talderentzako tokirik. Ez lirateke konpatibleak. Nik ez nuke ulertuko eta, nire iritziz, euskal gizarteak ere ez. Kontinental mailan bat, Kontinental-Profesionalean bestea, eskema hori bai. Biak bigarren mailan ez. Gaur-gaurkoz gu gara profesionalak, hor dago erreferentea».

Mihi gaiztoek diote Jon Odriozola bera dela elkarlanerako oztopo. Serio mintzatzen da oñatiarra hori entzutean: «Urte asko daramatzat jardun honetan. Txirrindulari profesionala ere izan nintzen urte luzez. Izen bat badudala uste dut. Arazoa ni naizela diotenek zer proposatzen dute? Ni kendu eta beraiek jarri? Zergatik? Nekatu egiten nau eztabaida horrek...». Eta elkarlanerako mezua helarazten du: «Alde batera utzi behar ditugu inbidiak eta pertsonalismoak. Beste proiektu sendo bat etortzen bada, denontzat ona dena, ba aurrera. Uste dut nahikoa adimen badaukadala oraindik, nire lana beharrezkoa ez denean horretaz jabetu eta alde batera egiteko».

Errepideko jardunak eman eta kenduko ditu arrazoiak, kemena, jendartearen onarpena Euskadi-Muriasen kasuan. Fundazioak ere 2018ko lehen sei hilekoan jakinarazi beharko ditu 2019 eta 2020ari begira emango dituen pauso zehatzak. Euskadi izena erakusten duten bi talde egongo al dira tropelean? Bi gurpilen arrastoari jarraitu beharko zaio? Gurpil bakarrari? Erantzunak dituena, aberats!