Fredi Paia
Bertsolaria
JO PUNTUA

Kanpotik begira

Hamabost urte zituen eta Pariseko Louvre museoan zegoen. Gela batera heldu eta jende mordoa aurkitu zuen multzoan, ikusten ez zuen zerbaiti argazkiak atera eta elkarri ukondokadak ematen.

Jende-aldra ertzean tartea aurkitu eta kanpotik begiratu zuen. Koadro txiki bat ikusi zuen, Leonardo Da Vinciren “Gioconda”, foku guztien erdigunean sentitzen denean irteten zaion irri enigmatikoa ezpainetan.

Esaten dute zerbait ondo ezagutzeko ikuspegi eta distantzia ezberdinetatik begiratu behar zaiola. Eta aurtengo Bertsolari Txapelketa oso kanpotik jarraitu dut, aurreko 16 urteetan barrutik bizi ostean. Nerbio sistemaren osasunaren ikuspegitik, bizitza osoan hartu dudan bigarren erabakirik onena.

Kanpotik begira, orain arteko txapelketan igarri dudan ezberdintasun nagusia hitz lauak hartu duen protagonismoa izan da. Esango nuke bertsoez beste hitz egin dela txapelketari buruzko artikulu, txio eta deribatuez. Bertsolari txapelketek euskal kulturan duten flagship izaera, elkargune sozial funtzio eta masa espektakulu izpirituaren baturaren ondorio izan liteke joera hori. Bere arriskuak ditu, baina baita alde positiboak ere. Bertsolaritza jendartean indartzeko beharrezkoak dira askotariko narratibak, eta narratzaileak. Bertsoa, zerbait bada, versátil-a baita. Hala ere, eskertzekoa litzateke debateen fokua bertsogintzatik gehiegi ez desbideratzea. Batez ere, bertsolariari diskurtso eta rol aukeraketan arriskatzeko ausardia ken liezaioketen mezuekin. Bertsotan esaten denari mugak iradokitzea beti da jolasaren arau nagusia apurtzea. Baita bertsolariak diskurtso perbertsoa egitea aukeratuko balu ere. Hain zuzen ere, bertsoa da ideia per verso-en adierazpen zilegi bakarra.

Garai batean Durangoko Azokan erosten ziren finalerako sarrerak, aurten Gernikako Urriko Azken Astelehenerako agortuta zeuden eta baliteke hurrengoan hondartzetan saltzen hastea, barkilloekin batera. Bertsodromoa eraiki beharko da hainbeste zalerentzako leku estalia asmatzeko.

Sukar txapelketazaleak gabe utzi ninduen, baina bihotz handi batek sarrera bat eskaini didanez, domekan BECera joango naiz. Han izango da bat-bateko hitz neurtuen kantua, buru-jolas, oholtza-joko, foku guztien erdigunean sentitzen denean irteten zaion irri enigmatikoa ezpainetan.