Ion SALGADO
BILBO
EUSKAL PRESOAK

Ibon Iparragirre etxera ekarri ahal izateko bi bide aztertzen ari dira

Iñaki Goioagak bi bide iragarri zituen muturreko osasun egoeran dagoen presoa aske utz dezaten lortzeko; bata, sei hilabetean behin egiten den graduaren berrikustea eta bestea, epaia eman zuen auzitegiari zigorra eteteko eskatzea. Castro epailearen ebazpena kritikatu zuen, presoa Arrasateko Aita Menni ospitalera eramateko agintzen duena.

Sei hilabetean behin egiten den graduaren berrikustea edo epaia eman zuen epaitegiari zigorra eteteko eskatzea; bi bide horiek planteatu ditu Iñaki Goioaga abokatuak Ibon Iparragirre aske utz dezaten lortzeko. «Biderik laburrena zein den aztertu behar dugu, Ibonek ez baitu denborarik», azaldu zuen atzo Bilbon Etxeratek egindako prentsaurrekoan.

Lehenik eta behin, Jose Luis Castro Espetxe Zaintzako epailearen ebazpenari buruz mintzatu zen abokatua. Iparragirre, muturreko osasun egoeran dagoen euskal preso ondarroarra, Arrasateko Aita Menni ospitalera eramango dutela dio ebazpenak, eta presoak bigarren graduan jarraituko duela gaineratzen du. Nahiz eta hiesa eduki eta gaitzaren fase terminalean egon, Auzitegi Nazionaleko epaileak ez du onartu baldintzapeko askatasuna.

Goioagak eta Etxerateko kideek azpimarratu zutenez, Espetxe Zaintzako 104.4 artikuluak jasotzen dituen baldintza guztiak betetzen ditu Iparragirrek, eta «artikulu hau onartu baliote etxean egongo litzateke». Izan ere, epailearen ebazpenean aipatzen diren txostenen arabera, presoaren egoera «oso larria» da. Etxerateko kide Urtzi Errazkinek zehaztu zuenez, egoera «muturrekoa» da.

Irailaren erdialdera egin zioten azken analisiek soilik 20 defentsa dituela erakutsi zuten, eta normalean gizaki heldu osasuntsu baten defentsak 723 eta 1.124ren artean egoten dira.

Madrilgo xantaia

«Ibon Iparragirreren inguruan erabakitakoa Espetxe Erakundeko Idazkaritzaren eta fiskalaren xantaiaren ondorioa da eta era honetan Ondarroako presoak eta bere senideek eskaintzen zaizkien bi aukera hauen artean erabaki behar dute: batetik, Aita Menni zentroan egotea edo, bestetik, espetxean presoaren gaitza areagotzen duten baldintzak pairatzen jarraitzea», azpimarratu zuen Errazkinek.

Honek «dikotomia honen krudelkeria» salatu zuen, «Ibon Iparragirreri denbora bukatzen ari zaiolako». «Iparragirreren egoerak premiazko hobekuntza behar duela argi eta garbi dago, eta horregatik, Espetxe Erakundeko Idazkaritza eta Fiskaltzaren jokabidea jendaurrean salatzen badugu ere, Ibon Iparragirre Arrasateko Aita Menni zentrora eramatea onartu beste aukerarik ez dugu», gaineratu zuen, eta Etxeratek presoa bere etxera ekar dezaten lanean jarraituko duela baieztatu zuen.

Bestalde, Iparragirreren ama Angelita Burgoak «Estatuaren krudelkeria» salatu zuen. «Uste genuen azkarrago eta beste era batera konponduko zela», esan zuen lekualdatzearen arriskuen berri eman ostean. Zentzu honetan, presoaren lekualdatzea ahalik eta lasterren egitea exijitu zuen Goioagak. Izan ere, oraindik ez dakite noiz izango den lekualdatzea. Ebazpenak lekualdatzea laster izan behar dela dio, baina ez du data zehatzik aipatzen.

Lekualdaketa beharrezko bermeekin egin dadila eskatu zuen. «Baldintza duinekin eta azkar egitea eskatzen dugu. Ez dugu nahi Ibon hainbat kartzelatan egotea Arrasatera heldu baino lehen, beste kasu batzuetan gertatzen den bezala», esan zuen abokatuak, Castroren ebazpenak «legaltasuna urratzen» duela adierazita. «Batzuentzat legaltasuna luzatzen eta laburtzen den txiklea da, interes politikoen arabera, eta hori onartezina da. Pertsona baten sufrimenduari ezin zaio atera etekin politikoa, are gutxiago Zuzenbide Estatu bat dela dioen lekuan».

Gaur egun gaixotasun larriak pairatzen dituzten 21 euskal preso daude frantziar eta espainiar estatuetako kartzeletan. «Haiek eta beraien senideak gogoan izan nahi ditugu, une honetan espetxetik kanpo egon daitezen inoiz baino beharrezkoagoa delako. Euskal presoen eta beraien senideen eskubideak aintzat hartuak izan daitezen denok lanean jarraitu behar dugu», amaitu zuen Errazkinek.

 

Gaur jakinen dira atzo Parisen izan zen bileraren xehetasunak

Euskal delegazioak eta frantziar Justizia Ministerioaren ordezkaritzak beste bilera bat egin zuten atzo arratsaldean, Parisen. Euskal presoei ezartzen zaien salbuespen politika aldatu behar dela eskatzeko, iragan uztailaren 10ean gizarte zibilaren eta hautetsien artean eraturiko euskal delegazioa lehenbizikoz frantziar hiriburura joan zenetik, hirugarren bilkura izan da atzokoa. Euskal Elkargoko lehendakari Jean-Rene Etchegaray, frantziar Giza Eskubideen Ligako ohorezko presidente Michel Tubiana, Bake Bidea elkarteko presidente Anaiz Funosas eta Mixel Berhokoirigoin bakegileak osatzen duten ordezkaritzak gaur jakinaraziko ditu bilerari buruzko xehetasunak. Abenduaren 9an Parisen eginiko manifestazio jendetsuaren ostean, presoek eta senideek pairatzen duten urrunketa politika baztertzeko Parisek «neurri zehatzak» aitzineratzea espero duela adierazi zuen delegazioak bileraren aurretik. M.U.