Maitane ALDANONDO
Narbaxa

EKAIA EKO GESTION, ONGARRIA PLATERETIK ETA PLATEREAN

Materia organikoa biltzea eta konpostatzea da Ekaia Eko Gestion enpresa txikiaren egiteko nagusia. Mertxe Miguel kimikariaren egitasmoa irtenbide jasangarriak bilatzen saiatzen da. Hala, hondakin bilakatu beharrean, soberakinak baliagarriak dira berriro.

Ekaia Eko Gestion Mertxe Miguelek 2013an abiarazitako egitasmoa da. Ekonomia zirkularraren eremuan kokatzen da Narbaxako (Araba) enpresa txiki hau. Izan ere, bere jarduera nagusia hondakin organikoen konpostatzea baita. Prozesua eurek gauzatzen dute edota bezeroei irakasten diete nola egin.

Kimika ikasketak amaitzean, etxean egiten zutena besteentzat ere egitea pentsatu zuen Miguelek. «Narbaxan bizi nintzen eta han mota guztietako etxe-abereak ditugunez, gorotz piloa sortzen dute. Horren konpostaren inguruan zerbait egitea bururatu zitzaidan», gogoratu du. Edonola ere, ideia bere horretan utzi zuen, lana aurkitu baitzuen obrako materialen kalitate kontrolean ziharduen laborategi batean. Hamabost urtez bertan jardun zuen, krisiak eraikuntza sektorea erabat gelditu eta itxi zuten arte. Orduan, asmoa berreskuratu zuen, ikuspuntu berri batetik helduta. «Ez dugu animalien gorotza konpostatzen, janari hondarrak, material organikoa, baizik. Hau da, gizakiok gehien sortzen dugun hondakina eta gutxien birziklatzen duguna», azaldu du.

Ekiterakoan bera bakarrik zegoen; egun, bi langile dira, eta taldean hainbat lankide izan ohi ditu. Denetarik egin behar izaten duela dio Miguelek: bezeroak bilatu, konposta egin, kontuak eraman, erosketak... Pixkanaka eta beldurrez hasi zirela onartu arren, aukera probatzen joan dira eta orain ilusioz ikusten dute etorkizuna. «Gogorra bada ere, alde onak ere baditu, eta aurrera egiten duzula ikustea poz handia da».

Hasieran nahiko galduta zegoenez, Hazi Fundaziora jo zuen eta landa eremuko ekintzailetzari lotutako ikastaroetan parte hartu zuen. «Oso baliagarri izan zaizkit. Alor asko ukitzen dituzte, zertzeladak diren arren: marketina, produktua nola saldu, kontuak eraman... Zentratzeko, ikasteko, eta batez ere, kokatzeko balio izan didate». Erakunde honen bidez ere makineria erosteko diru laguntza bat eskuratu zuten, gainera. Probetxugarri izatearen proba, hala ere, 2015ean izan zuen. Araba Ekinean-ek antolatutako “Zure ideiak balio du” lehiaketan parte hartu zuen eta, aitortu duenez, praktikara eraman zituen landutako gauzak. «Epaimahaiaren aurrean 5 minutuan proiektua azaldu behar genuen. Horrelakoak egiten genituen Hazi-ko ikastaroetan eta baliagarria izan zitzaidan». Jasangarritasun saria jaso zuen Ekaia Eko Gestionek eta bultzada handia izan zen. «Pentsatu genuen zerbait behintzat ondo egiten ari ginela».

Baten hondarra, bestearen elikagai

Konpostaren inguruan egituratu dute euren jarduera. Bezeroei konposta egiten irakasten diete edo beraientzat egiten dute. Baztertutako hondar organikoak hartu eta konpostatu egiten dituzte. «Hau da, gure janari hondarrak landareentzako elikagai bilakatzen ditugu», laburbildu du arduradunak. Konpostatutakoan lortutako ongarria itzuli egiten diete, eta nahi ez dutena, saldu. Erosleak, hortaz, hondakinen eragileak eta horien ingurukoak izan ohi dira; batik bat, arabarrak.

Jantokiak, jatetxeak, udalak... janari hondar askoren sortzaileak dituzte bezero, nahiz eta batetik bestera aldea egon. Udalek auzo konposta antolatu, formakuntza eman edo prozesua kontrolatzeko eskatzen diete. Ikastoletan, berriz, partekatu egiten dute ardura. Ikasleei prozesua nola gauzatu irakasten diete parte batean kudea dezaten; eta gainerakoa, enpresak landu eta itzuli egiten die.

Horrez gain, bestelako materialak ere baliatzen dituzte, berrerabili edo «konpost antzekoak» egiteko. Hala, adibidez, zura berrerabiliz konpost ontziak egiten dituzte eta ontziekin loreontziak. Miguelek gogoratu duenez, Lautadako Kuadrillako merkataritza elkarteak antolatutako ekimenetan ere parte hartzen dute hainbat modutan. Esaterako, pintxo lehiaketako soberakinekin konposta egiten dute, eta hura ongarri duten landareekin moda pasarela apaindu. «Materia organikoen zirkulua ixten dugu, nolabait». Horretan ere bai baitatza ekonomia zirkularra: ekoizpenaren hondakinak ekoizpenerako ongarri bilakatzean.

Araban jendeak konposta egiteko ohiturarik ez duenez, poliki doazela dio Miguelek. Dituzten bezeroei esker mantentzea lortzen dute, eta gainera, urtetik urtera, jarduera pixka bat hazten doa eta lanak ere handitzen. «Oraindik ez gara aberatsak, baina, bidean gaude», dio umoretsu. Epe laburrean, jatetxeekin lanean hasi nahi dute, nahiz eta bezeroak lortzea zaila izango zaiela jakin. Arduradunaren hitzetan, «inbertsio moduan ikusi beharrean, gastu bezala ikusten dute. Konpostatu eta terrazan edo sarreran lorategi bertikal bat jar dezakete edo baratzea horrekin elikatu. Bezeroei esan behar diete jaten ari direna beraiek hazitakoa dela, pestizidarik edo bestelakorik gabe. Ekologikoa eta naturalagoa izateaz gain, gainetik kentzen ditugu hondakinak».