Ane URKIRI ANSOLA
GETARIA

Getariako Txakolinaren azken uztak hiru milioi eta erdi botila ekarri ditu

1989. urtean aitortu zuten Getariako Txakolinaren jatorri deitura eta ordutik urtero ospatu dute Txakolinaren Eguna produktuari izena ematen dion udalerrian. Aurreko urteko uztarekin ekoitzitakoa dastatzeko aukera izaten da bertan, Gipuzkoako 33 upategien eskutik, eta aurtengoan Unai Agirre eta Haimar Zubeldia izendatu dituzte Mahasti Jaun.

Hogeita zortzigarren edizioa zuen atzo Getarian ospatu zen Txakolin Egunak, San Anton egunarekin batera. Getariako Txakolinaren jatorri deituraren 2017ko uzta aurkeztu zuten bertan, «uzta oparoa» izan dela nabarmenduz, behin eta berriz, bai orokorrean eta bai upeltegi bakoitzari galdetutakoan.

3.800.000 kilo mahats bildu zituzten iazko irailean eta urrian, «modu patxadatsuan eta jasotako produktua egokia izanik», eta zifra horiekin hiru milioi eta erdi botila ekoitzi dituzte 33 upategien artean. 431 hektarea mahasti aurkitzen dira Gipuzkoan, %90a kostaldean, eta horietan lan egiten dute 150 mahastizalek, «izan ere, prozesu guztia eramaten dute hauek, mahatsa jasotzetik merkaturatzeraino», zehaztu zuten aurkezpen ekitaldian.

Getariako Txakolinak lurralde gipuzkoarrean du muina, upategiak hamalau udalerritan baitaude banatuta: hamazazpi Getarian, zazpi Zarautzen, hiru Aian eta bana Alkizan, Arrasate, Beizama, Deba, Hondarribia, Mutriku, Oiartzun, Olaberria, Orio, Oñati eta Villabonan. Txakolindegi bakoitzeko ordezkariak oholtzara igotzean ireki zituzten uzta berriarekin eginiko botilak, eta jatorri deiturako lehendakari den Emilio Ostolazak adierazi zuen moduan, dastatzen ari zen bitartean, «gorputz handikoa eta aromatikoa da». Ruth Mozo ordezkariak, aldiz, gastronomiaren motorra dela ohartarazi zuen, «biztanleria aktibo mantentzeko gai izanik».

Frontoian kokaturiko karpa jendez beteta aurkitzen zen, uzta berriko txakolina dastatzeko gogotsu, bakoitzak bere edalontzia eskuetan zuela. Bitartean, Unai Agirre, bertsolari eta Euskal Sagardoa jatorri deiturako teknikaria, eta Haimar Zubeldia, txirrindulari ohia, omendu zituzten, aurtengo Mahasti Jaun izendatuz.

1.200 edalontzi

1989an aitortu zen aipatu jatorri deitura eta ordutik urteroko ohitura bihurtu da Txakolinaren Eguna. Txartelak salgai egoten dira frontoiaren alboko aterpean, eta atzo Iosu Mujika eta bere taldekideak topatu genituen. Getariako futbol taldekoak dira, eta diru laguntza ematen dietenez atzokoan mahai baten atzean «lana egitea» egokitu zitzaien. «1.200 edalontzi ditugu, eta sei euroko tiketarekin edalontziaz gain bost txikito edo botila bat trukatu ditzakezu», azaldu zuen. Eguerdirako martxa politean zebiltzala jakinarazi zuen, euriaren eragina ez omen zen nabarmen igarri, «eta urtero legez, guztia salduko da».

Ohiturari iskin egin gabe bezero askok hartu zuten lur Getarian. «Oso zaleak gara», azpimarratu zuen Maite Larrañaga zarauztarrak, dastatutakoa «zoragarria» dela goraipatuz.

Frontoiaren atzealdean ere txakolindegien postuak zeuden, «zozketa bidez kokatuak». Flysch izenekoak atentzioa ematen zuen, etiketan bertan euskal kostaldea berezi egiten duen paisaia agertzen baita. «2012an merkaturatu genuen aurrenekoz, duela sei urteko uztatik gabiltza lanean», adierazi zuen Maisabel Etxabek, izena erakargarri suertatzen dela onartuz. Debako Elorriaga auzokoa da upategia eta Alemania, Ingalaterra, AEB eta Holandako merkatuetara ere zabaldu da.