GARA
TOLOSA

Istorio Biziak eta Ahoz Ahoz ipuin- kontaketa jaialdiak hasiko dira aste honetan

Ipuin-kontalaritza gustuko dutenak zorteko daude, aste honetan emango baitzaie hasiera diziplina hau hedatzea helburu duten bi jaialdiri: Bilboko Istorio Biziak eta Tolosa eta Ordizian egiten den Ahoz Aho, hain zuzen ere.

Istorio Biziak atzo abiatu zen eta martxoaren 4ra bitartean garatuko da, Castaños eta Zurbaranbarriko Udaltegietan eta 2. barrutiko beste gune batzuetan. Haur eta gazteentzat zein helduentzat izango dira saioak eta, besteren artean, Anne Wilding, Xalto pailazoa, Anabel Muro eta Marta Zubieta, Mama Crea, Sapali, Maite Franko, Samuel Mountoumnjou eta Dorleta Kortazar arituko dira ipuin-kontaketan.

Liburu aurkezpenak (“Sor ditzagun istorio biziak”, Alabazan) eta tailerrak ere izango dira.

Tolosa eta Ordizian

Ahozkotasunaren nazioarteko Ahoz Aho feria ostiralarekin iritsiko da Tolosara eta martxoaren 17an amaituko da.

Programa zabala du jaialdiak eta, besteren artean, Benita Prieto haur eta gazte literaturan aditua den ikertzaile eta idazle brasildarrak, Cristian Atanasius antzezle eta kontalari alemaniarrak eta Paula Carballeira antzezle, idazle eta kontalari galiziar ezagunak parte hartuko dute. Ondorengoak ere parte hartzaileen zerrendan daude: Imanol Arabaolaza, Markus Zerorajasoa, Sorgina Txirulina, Amaia Puin, Pello Añorga, Eneko Haritza, Ane Gebara, Maider Alzelai, Elena Setien, Odei Arregi, Iban Moreno eta Joxemari Carrere Euskal Herritik, eta Nicolas Alberto Lubo (Kolonbia) eta Zoa Tamara Cuellar (Nikaragua) nazioartetik.

Zirkoloretsuaren “Argikale” kalejira, VI. Ipuin Narrazio Lehiaketa eta hainbat hitzaldi eta ikastaro ere izango dira.