Joxemari CARRERE
Ipuin kontalaria

Kontaketan

Bitxia da hizkuntza. Zenbakiak kontatu egiten dira, baina baita ipuinak ere. Ipuin saio batean zenbat istorio kontatu ditugun konta dezakegu. Konta dezakegu zer kontatu dugun, baita saioan zenbat jende egon den kontatu ere. Horrela kontalaria zientzietako eta letretako pertsona bihurtuko da. Zenbakietan eta letretan murgildurik ibiliko da.

Ipuin batean matematika eragiketak edo jokoak egon daitezke ezkutatuak eta, era berean, sistema dezimala azaltzeko istorio bat konta dezake. Zeroaren garrantzia, esate baterako. Zenbakiek garrantzi handia dute ipuin sinbologian. 3 haur edo 7 izango dira familia batean, ez 2, 4 edo 5. Hamalau, 14, ipuinetako pertsonaia izango da, indartsua, emakume baten eta hartz baten semea.

7 dira ipotxak “Edurnezuri” ipuinean, Grimm anaien bilduman; baina 13 erraldoi bihurtuko dira Kataluniako “La Tarongeta” ipuinean, Joan Amades-ek jasotako bertsioan.

Eta 2 kontaketa jaialdi abiatuko dira egunotan Euskal Herrian. 11 kontaketa eta istorio barreiatuko dira han eta hemen. Bilbon Istorio Biziak jaialdiak, Zurbaranbarri eta Castaños auzoak berbetan blai izango ditu. Bertako zein kanpoko kontalariek euren kontaketak eskainiko dituzte; zenbat jende hainbat kontu.

Tolosan eta Ordizian, berriz, Ahoz Aho jaialdiak konta ezineko hitz zaparradekin bustiko du bertaratzen den jende kontagaitza. Matematika txikia osatzen dute, ordea, ipuin kontaketa jaialdiek, helduei zuzendutako saioek bezalaxe. Kontaketan arituta zerotik hurbilago gaude hamaikatik baino.