GARA
DONOSTIA

Granadako espetxean dauden euskal presoen gaineko kezka agertu dute

Giza eskubideen arloko zenbait elkartek Alboloteko espetxean dauden emakumezko presoen egoeraz galdegin dute, hauek garbiketa lanak egitera behartuak izan direla-eta. Salaketa publiko egin zuten euskal presoak zigortu eta bakartu egin zituzten.

Granadan giza eskubideen arloan lan egiten duen elkarte batek Alboloteko espetxean dauden Euskal Herriko emakume presoen egoeraren berri jaso du. Agurtzane Delgado eta Ainhoa Mujika presoekin harremanetan ere jarri da espetxeko baldintzei buruz galdegiteko.

Zehazki, emakumeen moduluko garbiketaren auziari buruzko informazioa eskatu du elkarteak; izan ere, emakumeak euren moduluko komun publikoen garbiketa eurek egitera behartu zituzten eta horrek presoen protesta eragin zuen. Salaketa horren ondorioz, euskal presoak zigortu eta bakartze ziegetara eraman zituzten.

Txetxu Barrios eta Iñaki Beaumont presoek abenduan Alboloteko espetxetik bidalitako gutunean ziotenez, emakumeen kontra hartutako neurrien artean, hainbat jarduera ere mugatu dizkiete, gizonezkoekin ez elkartzeko aitzakiapean.

Egoera diskriminatzaile horrek kezkatuta, Granadako elkarteko abokatu bat eta Andaluziako arartekoa presoekin harremanetan jarri zen, espetxeko zuzendaritzari informazioa eskatzen zion bitartean.

Zuzendaritzari ez zaio ekimena gustatu eta presoen kontrako neurri berriekin erantzun du. Hala, emakumeei elkartasuna adierazi zieten presoak ere zigortu ditu, moduluz aldatu eta elkarrengandik bananduz.

Hala, Delgado eta Mujikaren bertakoak izanik, Irunen eta Donostian protesta ekimenak abiatu dituzte.