Maite UBIRIA BEAUMONT
BAIONA

Jabekidetzari buruzko lege berriaren zain formazioa hobetsi du Fnaim-ek

Gobernu frantsesak jabekidetzari buruzko araua aldatu nahi du. Hartara etxejabeen kontseiluari erabakimena aitortuko lioke aztergai duen egitasmoak. Fnaim elkargoak aldaketa horien aurrean auzoen eta administratzaileen formazioa hobesteko beharra azaleratu du.

Ipar Euskal Herriko higiezinen %60 inguru ordezkatzen dituen Fnaim elkarteak (Higiezin Agentzien Federazio Nazionala) formazio saioa antolatu zuen atzo, Baionan. Jabekideen kontseiluetako kideekin batera etxe administratzaileek ere elkargo profesionalaren gonbita jaso zuten. Orotara 200 lagunek izena eman zuten hiru orduko saioan parte hartzeko.

Fnaim-eko lehendakari ohia, Andre Lacabe, hedabideen aurrean azaldu zen ikastaroaren atarian, kopropietatearen kudeaketari buruz aurki heldu daitezkeen aldaketak aipatzeko.

2014an indarrean sartu zen «Alur legeak» hasieran «zenbait kritika» eragin bazituen ere, arau horren gainean balantze «aski baikorra» egin zuen Lacabek. Besteak beste, etxebizitza erosi aitzin erosleari jabekidetasunaren egoerari buruzko informazioak errazago eskuratzea ahalbidetu zitzaiolako.

Aurrekontuen bozketa

Izan ere, frantses Gobernu berriak legea aldatu nahi du. Egitasmo horren xehetasun guztiak oraino ezagutzen ez badira ere, Lacaberen esanetan «legeak erronka berriak finkatuko ditu eta horren aurrean ezinbestekoa da jabekideen kontseiluetan jarduten duten kideen prestakuntza hobetzea». Legeak, besteak beste, kontseiluaren beraren funtzioa aldatuko luke, hala nola «kostu handiko lanen aurrekontuen gainean erabakiak hartzeko bere ahalmena handituz».

Horrek «arrisku batzuk sor ditzakeela» ohartarazi zuen administratzaile profesional gehienak (sindic) elkartzen dituen Fnaim-ek. Ipar Euskal Herrian orotara 50.000 auzotegi kudeatzen dituzte euskal lurraldean jarduten duten 2.000 administratzailek. Gehienak (1.474) independenteak dira eta gainerakoak higiezin agentzia edo banketxe handiei lotutakoak.

Etxejabeak askotan kexu dira, oro har hiru hilero, sindic-en fakturak jasotzen dituztenean. Alta, lege zein gizarte mailan izan diren aldaketen ondorioz egun zerbitzu gehiago eskaintzen badituzte ere, «beraien tarifak ez dituztela emendatu» defendatu zuen Lacabek.