Patxi GAZTELUMENDI
AZPEITIA
Entrevista
WIM MERTENS
MUSIKARIA

«Ezinbestekoa dut lotura sendo bat izatea errealitatearekin, jakitea zer ari den gertatzen nire inguruan»

Pianista flandriarra Azpeitiko Soreasu antzoki ezin beteagoan aritu zen ostiralean, Kirmen Uriberekin batera. «Mussche» nobelako pasarteen irakurraldiari lagunduz hamabost piano pieza eder jo aurretik, GARArentzako galdera batzuk erantzun zituen, eta hurrengo lanaren aurrerapena egin zigun. Gizarte eta politika zientziak ikasi zituen Lovainako Unibertsitatean, eta bere lan artistikoetan nabarmena da konpromiso politikoa.

Orain dela hiru urte Bilbon ikusi zintugun, Arriaga antzokian. Zer iruditzen zaizu Euskal Herriko publikoa?

Euskal Herriko entzuleekin daukadan harremana aspalditik dator. 1991n edo 1992an etorri nintzen lehenengoz, eta orduko hartan Donostian jo nuen. Harrezkeroztik, Guggenheim museoan ere jo dut hiru bat aldiz, lehenengoan “Der Heisse Brei” lanarekin. Asko pozten nau beti Euskal Herrira etortzeak; “itzuli” egiten naizela sentitzen dut.

Nazioartean ezaguna den musikari flandriarra zara. Zein da zure hizkuntza? Zer eskaintzen diozu munduari?

Nire lehen hizkuntza nederlandera da. Dena den, belgikar gehienok bi edo hiru hizkuntza jakin ohi ditugu. Horrek esan nahi du guztiok hitz egiten dugula frantsesa, baita ingelesa ere, jakina. Bestalde, nik lotura handia daukat alemanarekin; izan ere, herrialdearen iparraldean jaio nintzen, Belgikak Herbehereekin eta Alemaniarekin muga egiten duen lurraldetik oso gertu. Beraz, alemana ere erraz irakur dezaket.

Nik sentipen bat daukat, sinesmen moduko bat; ezin dut frogatu, baina oso garrantzitsua da niretzat. Ezinbestekoa dut lotura sendo bat izatea errealitatearekin, jakitea zer ari den gertatzen nire inguruan. “Gizon arrunta”-ren kontua dago hor, hau da, ingelesez “the common man” eta frantsesez “l’homme ordinaire” deritzon horrekin; niretzat, oso garrantzitsua da pertsona horiek nire musika ulertu ahal izatea.

Disko andana duzu argitaratua, eta guk Youtube bidez ezagutu ditugu zure sorkuntzak... Nola bizi dituzu garai digitalok?

Bai, hala da, zuzen zabiltza. Badakizu? Ehun ordu baino gehiago dauzkat grabatuak. Ez dauka zentzurik teknologia berriek ematen dituzten aukeren aurka joateak. Eta, nire kasuan, uste dut Youtubek mesede handia egin didala, nire musika mundu guztira zabaltzen lagundu duela.

Zer harreman duzu Kirmen Uriberekin?

“Mussche” gerratik ihesi datorren Euskal Herriko ume bati buruzko nobela da. Uribe eta biok hainbat aldiz batu ginen, eta oso erraza izan zen biok elkarrekin zerbait egin genezakeela amesten hastea. Normalean pentsatuko nuke: «Ni konpositorea naiz, eta musika egingo dut; bera idazlea da, eta abestien letrak sortuko ditu». Baina ez zen horrela izan. Berak testu batzuk aukeratu zituen, eta nik musika pieza batzuk hautatu nituen, eta pieza berri batzuk ere sortu nituen; hau da, abesti batzuk ikuskizun honetarako sortu nituen, eta ikuskizun honetan jo nituen lehen aldiz.

Pianista zara, konpositorea, orkestra zuzendaria... Zertan ari zara orain?

Proiektu berri bat prestatzen ari naiz musikari errusiar batzuekin batera, eta urte amaieran grabatuko dugu. Azkeneko urteetan asko inspiratu nau joan den mendeko matematikari errusiar batek: Alexander Grothendieck. Geometria aljebraikoan aditua izan zen, XX. mendeko garrantzitsuena. Haren istorioak lotura handia dauka Uribe egiten ari den lanarekin. Haren aita 1917ko Errusiar Iraultzako aktibista izandakoa zen, eta Espainiako Gerra Zibilean ere ibili zen; Auschwitzen hil zen, 1942an. 1939an, Grothendieck Frantziara joan zen, amarekin batera, eta biak harrapatu eta Rieucros-eko eremuan sartu zituzten. Gerora, ibilbide emankorra egin zuen aljebraren eremuan. 1988an Matematikako Nobel sarien parekoa den Craaford saria eman nahi izan zioten, baina uko egin zion, Parisen egindako ikerkuntza Frantziako armadak diruz lagundua zelako eta bera horren aurka zegoelako erabat. Bada, egun batean, 15 urtez ikerkuntzan jardun ostean, desagertu egin zen, inork ez zekien non zegoen. Bere ikaslea izandako batek aurkitu zuen, eta berarekin hitz egin nahi izan zuen. Grothendieckek baldintza bat jarri zion, galdera bati erantzutea: «Zer da metro bat?». Eta galdera hori izango da diskoaren izenburua. Egun, sare sozialetan, dena neurtzen da: zenbat atsegite, zenbat desatsegite… Beraz, elementu horiekin guztiekin ari naiz musika sortzen. Sortze-prozesuan nago oraindik, eta luze joko du.