Ariane KAMIO
DONOSTIA

Zertzelada bat naturari

Alejandro Tapiak 90eko hamarkadatik aurrera margotu zituen olioen erakusketa ikusgai egongo da bihartik aurrera Ekain Arte Lanak galerian. Hogeita bost lanek osatutakoa, margoez gain artista aginagarrak egindako eskulturak ere batzen ditu erakusketak. Obra gehientsuenetan naturak berebiziko garrantzia hartzen du, bere estudiotik gertuko naturako elementuen eta paisaien isla agertzen baita bere lanetan. Apirilaren 22ra arte izango da zabalik.

2016ko abenduan hil zen Alejandro Tapia margolari aginagarra, euskal artean erreferentziazko izena. Ur taldeko partaidea izan zen Carlos Bizkarrondo, Jose Grazenea eta Javier Arozenarekin batera 1960ko hamarkadan eta ondare mardula utzi du bere ondorenean. Josune Agirre iloba arduratzen da gaur egun bere obraz. Haren erakusgarri bat Donostiako Ekain Arte galerian ikusgai egongo da bihartik apirilaren 22ra bitarte.

Orotara hogeita bost lanez osatutako erakusketa da, olioz egindako margoak bere gehientsuenean. Guztiak 90eko hamarkadatik aurrera egindakoak. Badira tartean bi eskultura ere, egurrez, harriz eta burdinaz egindakoak.

Badute guztiek oinarri bat komunean. Natura. Tapiak margotutako obra gehientsuenetan ageri dira Aginagako estudioko inguruetan dauden paisaia naturalak. «Aginan erreka dago eta artoa ere ugaria da. Zuhaitzak, inguruko paisaiak oso presente daude bere obra osoan zehar», azaldu zuen atzo erakusketaren muntaketan ari zen Josune Agirrek berak.

Atzerrian artearen ezagutzan sakondu ahal izan zuen Tapiak. Paris, Londres, Belgika, Herbehereak... Estilo artistikoa zehazten lagundu izan zioten bidaia horiek, gerora bere obran eragina izango zutenak. «Boladaka lan egiten zuen. Baditu akuarelaz egindako lanak, olio lanak, baita eskulturak ere. Denboraldika aritzen zen. Batzuetan diziplina batean, bestean besteetan».

Herri Batasunaren murala

Alejandro Tapiaren obrak ez du muga koadroetan aurkitu; Euskal Herriko memoria bisualean txertatuta dagoen irudi baten egilea ere izan zen. 1985ean Usurbilen margotu zuen Herri Batasunaren aldeko mural bat. Ipar Irlandako kaleko muralen antzekotasunak zituen obra hark. Pertsona talde bat, idatzizko aldarrikapenak eskuan.

2009. urtean, alabaina, Lakuako Herrizaingo Sailak marrazki hura ezabatzeko agindua eman zuen. Bertan agertzen ziren lema eta aurpegiak pintura grisez ezabatu zituen Ertzaintzak.

Alejandro Tapiak utzitako ondare zabala gaur egun Aginagako bere estudioan dago gordea. Etorkizunari buruz galdetuta, ondokoa erantzun du Josune Agirre ilobak. «Bere estudioan dago obra guztia. Lan pila bat utzi zituen eginda. Gustatuko litzaiguke ondarea gordetzea, erakusketa moduko bat edo sortzea, baina horretarako laguntza behar genuke». Erakusketa bihar irekiko da Donostiako Ekain Arte Lanak galerian eta apirilaren 22ra arte egongo da zabalik, asteartetik larunbatera, 11.30etik 13.30etara eta 17.00etik 20.30era.