GARA
PILOTA

«Pauli» erraketalari eibartarra atzo hil zen 94 urterekin

Oiartzungo Raketistak Lehen eta Orain Kultur Kirol Elkarteak jakinarazi zuenez, Paula Lamarain Astigarraga “Pauli” raketista eibartarra atzo hil zen 94 urterekin. Beste bi ahizpa ere erraketalariak izan zituen, Pakita eta Antonia, baina hiruretan ospe handiena berak erdietsi zuen.

Herrian erraketan ikasteko aukera izan zuen eta bertako eskolan trebatu zenean Salamancan jokatzeko kontratua egin zioten. Hamalau urterekin hasi zen profesional gisa jokatzen, eta Madril, Bartzelona, Las Palmas, Valentzia eta Tenerifeko frontoietan jokatu zuen aurrelari postuan.

Gerra ondorenak harrapatu zuen Paula, beste erraketalari asko bezala, eta etxera dirua bidaltzea izan zuen hasierako helburu. Gerora, ibilbide profesional oparoa izan zuen, hamar urtez izan baitzen profesional. Garaiko prentsa artikuluetan bere «mugimendu azkarrak», «bi eskuekin duen erraketaren erabilera» eta «kolpe zakar eta indartsua» nabarmentzen zituzten. Eta Valentziatik Tenerifera 18 urterekin joan zenean, izar nagusietako bat bilakatzeko aukerak ikusten zizkioten adituek.

Cayetano Menarquez futbol jokalaria ezagutu zuen Valentzian jokatzen ari zela eta berarekin ezkondu zen. Eibarren osatu zuen familia eta bertan bizi izan zen. Hileta elizkizuna gaur egingo da Eibarko San Andres Apostolua parrokian, 19.00etan.