Ane URKIRI ANSOLA
BERDELAREN KANPAINA AMAITZEAR

Behin berdela begiztatu dutenean, sarekadak harrapatu dituzte

Kaioen soinuek baieztatu zuten arraina porturatu zela Getariako Kofradian. eta bai porturatu ere. Berdelaren kanpaina amaitzear daudela onartu zuten arrantzaleek eta zenbait bapore heldu dira 80 tonatara. Horietariko batzuk Mutrikuko Berdel Egunean, hilaren 24an, dastatzeko aukera egongo da.

Atzo goizaldean Getariako portuan deskargaturiko berdel kilo kasik guztiak salduta zeuden goizeko bederatzietarako. Ez zen goiz makala izan. Zazpiak aldera hasi zen mugimendua Elkano Kofradia inguruan. Arrantzaleen joan-etorriak, kaxak arrainez beteta zeudela. Beraientzako goiz arrunt bat zirudien, errutina. Mugimendu oro buruz egiten zuten, begiak itxita joango balira bezala. Zigarroa esku batean, orga jasotzailearen heldulekua bestean, izkinan eseri eta aurrera eta atzera.

200.000 kilo berdel porturatu zituzten atzokoan eta guztira, pasa den astekoekin batuz, milioi bat kilora iritsi dira. «Beraz, 400.000 kilo inguru gelditzen zaizkigu kuotaren gehiengora iristeko, hau da, aste honetan kanpaina bukatutzat emango dugu», zehaztu zuen kofradiako presidentea den Emeterio Urrestik. Izan ere, aurtengo kanpainarako %20ko murrizketa ezarri zuten agintariek eta zifrara iritsi bezain pronto Madrilera bidali behar dituzte datuok.

Behin berdela begiztatu dutenean sarekadak harrapatu dituzte. Mutrikuko portuan, arrantzaleek geldialdi biologikoa zuten bitartean, behin eta berriz aditzen zen, iaz lau-bost egunean bete bazuten kupoa, aurtengoan hirurekin nahikoa izango zutela.

Ez zebiltzan oker. Bi egunean, esaterako, 65.600 kilo inguru arrantzatu ditu “Izaskun berria” itsasontzi getariarrak. «Baporeko 80.000 kiloko kuota daukagu beraz, bihar [gaur] bukatzea aurreikusten dugu», azaldu zuten, azkar batean, bertako arrantzaleek. Bestalde, “Berriz Irigoien” baporea jada iritsi da gehiengora, eta arrastian antxoaren bila, Kantabria aldera, joko zutela aurreratu zuten.

Arratsaldeko seiak aldera itsasoratu ziren berriro baporeak, batzuk berdeletara, beste batzuk antxoatara. Apenas deskantsatzeko paradarik izan gabe. «Ze ondo egongo nintzateke orain Puerto tabernan», onartu zuen “Berriz Irigoien”-eko arrantzale mutrikuar batek. Ez zitzaion arrazoirik falta. Hala ere, jarrera egokienarekin zebilen lanean, paleta mordoxka balantzara eramanez; pisatu, eta horietariko batzuk Llorente enpresa ondarroarrak erosi zituen.

Arrainaren usainean

Kaioen soinu zein hegaldiak, bere horretan, arraina porturatu den egiaztagarri dira. Goizeko zazpietan Getariara iristearekin, beraz, bagenekien berdela porturatu zela. Horrez gain, jada lauzpabost kamioi ere baziren bertan, arraina garraiatzeko antolatzen.

Itsasoaren apeta ezagututa, kofradiako presidenteak ohartarazi zuen behin berdelarekin hasita, normalena, jarraitutasun bat izatea dela, «baina inoiz ez da jakiten». Pasa den ostegun eta ostiralean arrantzatu zituzten aurreneko piezak, nahiz eta kanpaina otsailaren bukaeran abiatu zen.

«Kiloa 1,07 euroan saldu dugu gure kasuan», zehaztu zuten “Berriz Irigoien”-ekoek. «Bada zerbait. Joan den astekoa euroa baino gutxiagoan saldu baikenuen; ostiralean, esaterako, 77 zentimoan egon zen kiloa», azaldu zuen, bere lankide senegaldarrak berba gutxiago eta lan gehiago egiteko exijitzen zion bitartean.

Kaxa guztiak, bakoitzaren xehetasun ororekin, kofradiaren barrualdean aparkatzen joan zen arduradun bakoitza. Gauez garaje itxurakoa zen espazio galanta –zenbaki eta guzti– berdelez bete zen bi orduren buruan.

«Asko ahitzen zaituen lana da. Agian, petrolio aldetik, onuragarriagoa da egunero porturatzea eta etxera etortzea, baina pertsonentzako ez». Ez dira edonoren adierazpenak. 43 urte daramatza itsasoan Jose Kruz Urrestik, beti “Izaskun berria” ontzian, eta ekain aldean erretiro hartuko duela jakinarazi zuten bere lankideek, ondoren berak irribarre batekin baieztatuz.

Astelehenean gaueko hamarretan irten ziren itsasora Getariako kofradiako baporeak. Eguraldi eta itsaso aurreikuspenak zirela medio, atzeratu egin zuten. «Olatuekin dantzan aritu garen arren, eguraldi aldetik giro ederrean jardun gara», adierazi zuen Jose Kruzek.

«Ardora» edo distira

Berdelaren bilakaera bitxiaren erakusletzat har dezakegu hamar egun barru ospatuko den Mutrikuko Berdel Egunaren 23. edizioa; antzina, aldiz, ez zen hain preziatua dastatzeko orduan. «Lehen arrain urdina jatea txarra zela zioten. Orain, ordea, onuragarriak direla diote, Omega 3, fosforoa eta abarrengatik. Gainera hauek –kaxetara seinalatuz– ez dute anisakirik», laburbildu zuen barrezka Jose Kruz Urrestik.

Arrain ergeltzat ere jo izan da berdela, beti multzoan joaten omen direlako eta amua segituan heltzen duelako. Sareko baporeetan, aldiz, zehaztu nahi izan zuen getariarrak, «zirrikitu txikiena ere ikusten duen bezain laster» ihes egiten saiatzen da. «Ez da batere ergela. Are gehiago, berdela arrantzatzen ikasi egin dugu, lehen ez baikenekien», nabarmendu zuen.

Beste arrain asko legez, berdelak ere itsasoan dir-dir egiten du gauean. Bloke bat osatuz igeri egiten dutenez, «ardora» sortzen dute, «orban txuri bat bailitzan, ikusteko erraza da». Mendebalderantz migratu ohi dute eta sarearekin arrantzatzerakoan, tarte bat ematen diote, beherantz joan daitezen eta orduan sarea itsasora botatzeko.

Atzoko solasaldiei erreparatuz, arrantzaleen gehiengoa ez dago ados berdela murrizten doan diskurtsoarekin, baina aginduak betetzera derrigortuta daudenez, errespetatzea besterik ez dute. Gainera, azaldu zuten aurtengoan inoizko kontrol gehien dagoela, ondorioz tranpa gutxiago –edo batere ez– egitera behartuta daude.

Arrainaren kontrola ez, baina zerbaitetan bazebilen Guardia Zibilaren patruila bat, goizeko zazpietarako, kofradia parean, bertaratutakooi ongietorria ematera etorri izan balira legez. Horiek horrela, eta barrezka kontatu bazuten ere, badaezpada, legeari men eginez, espainiar bandera erakutsi zuten itsasontziek.

Elkarlana

Ontzi bakoitzean 15-17 langile izateko hitzarmena dagoela adierazi zuen “Izaskun berria”-ko arrantzale getariarrak. Beraiek 16 dira eta horietatik lau dira herrikoak. Senegaldarren presentzia, orokorrean, handia da eta Jose Kruzek jakinarazi zuen duela urte batzuk euskal herritarrek ez zutela nahi itsasoko lana, «beraz, etorkinak kontratatu genituen. Ondoren, krisiarekin, lehorrean lanik ez zegoenean, bai, interesatu ziren. Baina, orduan, zer egin behar genuen, itsasora moldatu diren senegaldarrak bota? Bada ez, horregatik gurekin bi senegaldar hauek jarraitzen dute».

Jose Kruz Urresti bera 14 urterekin itsasoratu zen lehenengo aldiz, 1975ean: «Irailean 14 urte bete eta urrian itsasontzian nengoen, Azoreak uharteetara bidean». Atzokoan han utzi genuen bederatzietan, lankideekin elkarlanean, koordinazioaren berebiziko osagaiarekin, 18.00etan beste behin 40 miliara itsasoratzeko prest.

Kofradia barrualdean, arrain kaxek beren «azterketa» propioa ere pasa zuten; eta piezak kalibratu zituztela eta ia guztia saldu zela egiaztatzean, gau guztia lanean eman ondoren, beharrezko kafearen bueltan solastatu ziren hainbat arrantzale Getariako portuan.