Idoia ERASO
ZIGOR ESKULTOREAREN ERAKUSKETA BIARRITZEN

NATURA ETA ARTEA ELKARTUZ, ITZALEAN IKUSTERA GONBIDATZEN GAITU ZIGORREK

ERAKUSKETAREN ARRAKASTAREN ZANTZUAK ATEA IGARO AITZIN ERE SUMATU DITUGU. ZIGOR GURI HARRERA EGITERA ZETORRELA, BEHIN ETA BERRIZ GELDITU DUTE ZORIONTZEKO, GALDERAK PAUSATZEKO... EGUNERO IA 200 BISITARI BILTZEN DIRENEZ ASTEBETEZ LUZATU DUTE, APIRILAREN 8RA ARTE.

«Bi helburu izan nahi ditu erakusketak. Alde batetik, zuhaitzari omenaldi handi bat egitea, jendeak esaten dit egurra lantzen dudala, baina ez da egia nik zuhaitzak lantzen ditut. Bestalde, didaktikoa izatea; jendeari kontatzea nola egiten den sorkuntza, hau da, iturritik eskulturarainoko bidea», azaldu digu Zigor eskultoreak Bellevueko erakusketaren sarreran. Azalpenarekin bat eginez, harrera egiten 2005ean egindako “Zuhaitz VI” agertzen da.

“Itzalean ikusi” dauka izena 100 eskultura, eta orotara, margo eta poemekin batera, 300 bat obra biltzen dituen erakusketak. Lehen gelara sartzean, izenburuaren zergatia agerian gelditzen da berehala, «zuhaitzez beteriko baso txiki» batean sartuta argi-itzalak agertzen dira. «Itzalean argi osoan baino hobeto ikusten da, begirada estutu behar delako ondo ikusteko, sakonago», baieztatu zuen.

Gu bezala artistaren “bisita gidatua” izateko zorterik ez dutenentzat ere obren eta artistaren ikuspegiak barneratu ahal izateko testuak eta poemak daude emanak paretetan: «Lekuz aldatu/ eta ikusi itzalak mundua idazten».

Zigorren azken 35 urteetako lanak bilduta daude bertan, erakunde publikoetatik zein bilduma pribatuetatik ekarriak. 1992 eta 2015 artean egindako lau “Txori”-k egiten dute harrera lehen gelan, bere ibilbidean sarritan jorratutako gaia baita.

“Eguzkilorea” eskultura dute ondoan hegaztiek, eta bestaldean “Alea III”, erakusketaren irudi bilakatu den obra: «Haziari buruz egindako lana da. Bizian den gauzarik babestuena da hazia, eta udaberrian hautsi eta bizia ateratzen du».

Kaosa eta horren antolaketaren bilaketa artistaren obra anitzetan ikus daiteke. Gaiarekiko duen lotura eta ikusmoldea obren izenburuei begira atzeman daiteke, sailetako obrak ezberdintzeko zenbaki ezberdinekin “Antolaketa” eta “Olerki” eskulturak atzematen dira. «Kaosak badu antolaketa poetiko eta estetikoa, guk ez dugunean errekonozitzen, kaosa dela uste dugu, baina badu antolaketa».

Natura eta berarekiko harremana, gizakien sorreraren garaia eta kosmogonia modu ezberdinetan atzeman daiteke Zigorren obretan. “Aterpe III” eta “Harpea” dira horietako batzuk, biziaren hasieran «gorputza eta beldurrak babesteko» erabiltzen ziren lekuak.

Fraktalitate edo oinarrizko egitura zatikatua eskala ezberdinetan errepikatzen den objektu erdigeometrikoaren kontzeptutik abiatuta, osotasunerako bidea ematen duten obrak ugariak eta anitzak dira erakusketa honetan.

Hormak marrazkiz beteak agertzen dira, zuhaitzen nonahikotasunaren erakusgarri ere badirela. Inguru horretan eskultura txikiak ere atzeman daitezke; horiek dira hain zuzen, ertilariaren gustukoenak.

Leku sakratua

Basotik leku sakratu batera pasatu gara gelaz aldatzean. Hilerri edo kanposantuan «heriotzari loturiko ekimenak» agertzen dira. Gurutze forma duten obrez beteriko gelaren hondoan behe lainoz jantzitako Iratiko oihanaren argazki erraldoi bat agertzen da. «Mundu honetatik betikotasuneko lainoetara» eramaten duen bidearen erakusle.

Gurutzeak, ez dira adierazpen giristino batetik eginak, kosmogoniarenetik baizik: «Bertikalak zeruarekin lotzen gaitu, eta horizontalak lurrarekin, geuretasunarekin. Niri beti interesatu zait bien arteko lotura». Elizen eta txorien margoz ere jantzia dagoen gelak «misterioz betetako beste mundu batera garamatza».

Gela sakratutik atera gabe, baina eskuinaldean, “Espazioa eta denbora” instalazioa ikus daiteke, euskal harrespilak gogora ekartzen dituena. Espazioak lau puntu kardinalak markatzen ditu, eta hamaika hilabete. Falta denak «hemendik ateratzeko tenporalitatea» ordezkatzen du, muntaiak «hasiera osoa, dena hasten den lekua» adierazi nahi duelako.

Hirugarren gelak argira darama bisitaria, naturarengana. Biarritzeko hondartza azpian ikusgarri duten leiho handietatik sartzen den argiak ekartzen dio gelari izadiaren ikuspegia: «Leihoetan egoten diren estoreak kentzeko eskatu nien antolatzaileei, ikus dadin ze lotura duen nire lanak naturarekin, berarekin bat eginez».

“Txoriak” saileko hainbat lan ikus daitezke bertan, baita ur tanten historia edo istorioa erakuts dezaketen eskulturak ere hor dira, uraren ibilbideak izan ditzakeen formak agertuz. Aurrekoan Irati agertzen zen bezala, hemen Urbasako irudi erraldoia ezartzea deliberatu zuen artistak, «hor hasten baitira ibaiadarrak».

Gela horretan dago eskultorearentzat erakusketako obrarik hoberena dena ere: “Otoitza”. Kanpotik begiratuta harri koxkor bat besterik ez dirudien horrek artistak maite duen txikitasuna eta naturaren errealitatea erakusten ditu.

Bukatzeko, zer adierazi zigun: «Ez nuen uste erakusketak horrelako arrakasta izango zuenik. Biarriztarrentzat izatea nahi nuen, horregatik nahi nuen neguan izatea, eta asko etortzen ari dira». Inguruko biztanleak ere hurbiltzen ari dira, eta egunero 7 euroko sarrera ordainduta dozenaka dira Bellevue jauregira joaten direnak. Bisita gidatuak ere jendetsuak izaten ari dira, batzuetan 90 pertsona biltzen dira.

Ikuspegi ederreko jauregiko erakusketarekin bat eginez, Biarritz gaitzat hartuta artistaren hogei bat argazki eskaintzen dituen beste gune bat jarri dute Mediatekan. Gainera, bertan, Bi Harriz Lau Xori jaialdiaren baitan, artistaren gibelean dagoen pertsona hobeto ezagutzeko topaketa antolatu dute martxoaren 21erako.