Haritz LARRAÑAGA
DONOSTIA
Surf

Hasi da munduko WSL zirkuitua:Wilson eta Peterson txapeldun

Lehen mailako munduko zirkuituari hasiera ematen dion Gold Coasteko txapelketa Julian Wilson australiarrak eta Lakey Peterson estatubatuarrak irabazi zuten. WSL tourrak Australian jarraituko du: hurrengo txapelketa datorren astean hasiko da Bell’s Beachen.

Hasi da surf lehiaketen munduan garrantzi gehien duen zirkuitua. Nesken zein mutilen kasuan itzuliari hasiera Australian ematen zaio, ia-ia jarraian egiten diren hiru txapelketekin. Gold Coast, Bell’s Beach eta Margaret River urautsi famatuetan egiten dira nesken WCT eta mutilen CT zirkuituko lehen hiru txapelketak.

Pasa den astean amaitu zen Quicksilver Pro Gold Coast txapelketa Julian Wilsonek eta Lakey Petersonek irabazi zuten, eta ondorioz, egun ranking orokorreko lehen postuetan dira.

Australia ekialdean egiten den txapelketak duen arrisku handiena olaturik ez egotea izaten da, Gold Coast ez baita itsaski asko jasotzen dituen ingurunea, baina sasoi honetan zikloien denboraldia izaten da eta ekaitzak izaten badira, olatu oso onak ere izaten dira. Horixe bera gertatu da aurtengoan, haizea zakar aritu arren txapelketa egiteko baldintza onak izan baitziren, eta ikusleek Gold Coasteko eskuin olatuetan surflari profesionalek egiten dituzten tubo luzeekin gozatu ahal izan zuten.

Lakey Peterson

«Zer esan ere ez dakidala nago. Zazpi urte egin ditut lanean beste garaipen bat lortzeko. Luzea izan da, baina lan gogorrak bere fruituak ematen ditu. Nire helburu nagusiak aurtengo sasoian egonkor aritzea, nigan sinestea eta bidaiekin gozatzea da». Honela mintzo zen Lakey Peterson garaikurra jaso eta oholtzatik jaitsi ostean prentsari egin zizkion adierazpenetan.

Mundu mailako txapelketa bat irabazi zuen azken aldia 2012an izan zen Huntington Beachen, baina orduko hartan, munduko txapelketa garrantzitsu bat izan arren ez zen lehen mailakoa. Aitzitik, Gold Coasten lortutakoa Petersonek eskuratu duen WCT mailako lehen garaipena izan zen.

Egun 23 urte dituen estatubatuarra 17 urte zituenetik ari da lehen mailan lehian, beraz gaztea izan arren jada esperientzia handia du lehiaketa munduan eta oso ezaguna da.

Petersonek finalean izan zuen aurkaria, ordea, ez da hain ezaguna. Keely Andrew australiarrak ere 23 urte ditu eta 2011tik ari da munduko txapelketetan parte hartzen, baina orain artean ez du emaitza ikusgarririk lortu. Petersonek alde handiagatik irabazi zion (10 puntu), baina finalean ez bezala, aurreko txandetan ederki frogatu zuen Andrewk aurrerantzean kontuan hartzeko lehiakidea dela.

Wilson vs Buchan

Mutilen kasuan, australiarrak izan ziren nagusitu zirenak. Julian Wilson eta Adrian Buchan izan ziren buruz buru finalean. Bi metroko olatu borobiletan tubo ikusgarriak egin zituzten bi lehiakideek, baina Wilsonek lortu zuen olatu handiena hartu eta tubo luzeena egitea, eta horrek eman zion garaipena.

Olatuak handiagoak direnean txapelketa eremuko mutur batean jasotzen den Kirrako urautsian egin zuten finala. Bertan jasotzen den eskuin olatua borobila bezain azkarra izaten da eta horregatik ezker surflariek zailtasunak izaten dituzte abiadurari behar bezala eusteko, baina Buchanek, ezker surflaria izan arren, bizkarka ere sekulako abiadan surf egiteko gai dela erakutsi zuen.

Adrian Buchanek 35 urte ditu eta lehiakide beteranoa da CT zirkuituan. 2008an Hossegorreko munduko txapelketa irabazi zuen. 2013an, Teahupooko (Polinesia frantsesa) ezker olatu beldurgarrian lortu zuen txapela.

Julian Wilsonek ostera, aurten 30 urte egingo ditu, 2011. urtetik ari da CT itzulian lehian eta orain artean lehen mailako hiru txapelketa irabazi ditu: lehena 2012an Portugalen eta 2014an Hawaiin, Pipe Masters txapelketa ospetsua irabazi zuen. Urte hartan gainera Triple Crown itzulia irabazi zuen.

2015. urtean, Mick Fanningekin Jeffreys Bayko finalean lehian ari zen , marrazo batek aurkariari eraso egin eta lehiaketa bertan behera geratu zenean. 2017an Teahupoko txapelketa irabazi zuen.

Urtarrilean izan zuen lesio bati aurre egin ostean eta berriki izan duen haurra gogoan, zinez pozik agertu zen Wilson lortutako garaipenarekin: «Haurra nintzenetik amesten nuen Quiksilver Pro Gold Coast irabaztea. Txapelketa honek nire burua hobeto ezagutzen lagundu dit, benetan asko ikasi dut. Lesio bat izatetik nator, Olivia izeneko haurra izan berri dugu Ashley [bere emaztea] eta biok, eta orain hau, zinez pozik nago»

Fanning agurra prestatzen

Laugarren errondan kaleratu zuten arren, Mick Fanning txapelketako protagonistetako bat izan zen. Australiarra gazte zelarik lehiatzen hasi zen urautsi berean lehiatzen zuen azken aldia zen, datorren astean hasiko den Bells Beacheko txapelketaren ostean lehiatzeari uzteko erabakia hartua baitu.

Fanning jarraitzaile gehien dituen surflarietako bat da, bere surf egiteko moduaz harago, bere jarraitzaileekin abegikorra baita, eta hori agerian geratu zen Gold Coasten. Laster agertokitik desagertuko den jakitun, txapelketak iraun zuen artean, denbora asko pasa zuen jendearekin argazkiak atera eta sinadurak egiten.

Hala ere, Fanningek izan zuen keinu politena kaleratua izan zen txandatik ateratzen ari zela izan zuen. Oraindik urertzean, poster batekin eta errotuladorearekin gerturatu zitzaion 12 urte inguruko haur bat. Fanningek taula heltzeko eskatu zion, eta honek, sinatu ahal izateko taula eutsi zion. Fanningek ordea, ez zion posterra sinatu, baina taula oparitu zion. Hasiera batean haurrak ez zuen ulertu taula beretzat zela eta errotuladorea luzatzen jarraitzen zuen, baina Fanning jendartean galdu zen. Fansak segundo batzuk behar izan zituen erreakzionatzeko.