GARA
BILBO

Astebete baino gutxiagoan hiru langile hil dira beren lanpostuetan Euskal Herrian

Atzo goizean langile bat hil zen Arteagako Bildosola industrialdean. Germany mekanizazio enpresakoa zen 48 urteko behargina altueratik erorita zauriturik aurkitu zuten eta Gurutzetako ospitalean zendu zen.

Azken sei egunetan hiru langile hil dira hiru istriputan Hego Euskal Herrian. Ostiralean Nafarroako bi beharginen heriotzaren berri eman zuten –ostegunean izan zen ezbeharretako bat– eta atzo Bizkaiko Arteaga udalerrian gertatu zen istripua.

Bildosola industrialdeko Germany mekanizazio enpresako (IMG) langilea zen R.S.F., Derioko bizilaguna eta 48 urtekoa. Ezbeharra goizeko 8.20an jazo zen eta Ertzaintzak jakinarazi zuenez, altueratik erori zen langilea. Gurutzetako ospitalera eraman zuten baina bertan hil zen.

2018. urtea hasi denetik hamasei langile hil dira Euskal Herrian, LAB sindikatuaren datuen arabera, eta horietatik hiru sei egunen barruan. Martxoaren 16an 30 urteko Yerai Lanz Azpilikueta zendu zen Lakuntzan, Sakana S. Coop enpresako instalazioetan lanean ari zela. Beste ezbeharra, egun bat lehenago jazo zen AP-15ean, Tebas inguruan. Sarrigureneko bizilaguna zen Mikel Diaz Oyaga, 45 urteko garraiolaria, ostiralean hil zen ospitalean.

Amiantoaren epaia

Bestalde, Justizia Auzitegi Nagusiak atzera bota zuen Donostiako 4. Auzitegiko lan arloko epaitegiak amiantoak eragindako gaixotasunaren inguruan emandako epaia.

Asviame plataformak jakinarazi zuenez, Mutua Universalen errekurtsoa babestu zuen Donostiako epaitegiak –Ricardo Brandes titular izaki–, eta, era berean, baliogabetu egin zuen Gizarte Segurantzako Institutu espainolaren ebazpena.

Azken honek Jose Ramon P.-ren gaixotasuna onartu zuen, eta 2016ko apirilean laneko baja eman zion, azkenean behin betiko ezgaitasuna eman zioten arte, biriketako kartzinoma gaixotasunarengatik. Hain zuzen ere, amiantoaren esposizioak eragindako gaixotasun profesionalen artean sailkatuta dago.

Jose Ramon 1970. urtean hasi zen lanean Plasticos Tolosa enpresan, eta bertan jardun zuen 46 urtean. Amiantoarekin forratutako hobiak rotaflexarekin moztu eta poliesterrarekin aldatzen zituen. Osalanen azterketa baten arabera, lanok inongo prebentziorik hartu gabe egiten ziren. Horregatik, Asviame pozik agertu zen Auzitegi Nagusiak hartutako erabakiarengatik.