GARA
ALTZUZA

Asier Mendizabalek «Makotu» proiektua aurkeztu du Oteiza Museoan

Jorge Oteizaren proiektu eskultorikora hurbilketa kritikoa proposatzen du Asier Mendizabal artista ordiziarrak Altzuko museora eraman duen erakusketan. «Makotu» izenpean, Mendizabalek sinbolismoa irudikatzeko mekanismoen inguruan ardaztu du bere interbentzioa eta, hala, zalantzan jartzen ditu modernitatearen amaieran eskultorikoa irudikatzeko erabili izan diren mekanismoak. Erakusketa Oteiza Museoan izango da ekainaren 3ra arte.

Jorge Oteizaren legatuarekiko eta honen proiektu eskultorikoaren alderdi sinbolikoa eraikitzeko moldearekiko hurbilketa kritikoan murgilduta ibili da azken urteotan Asier Mendizabal artista ordiziarra eta, zehazki, modernitatearen amaieran eskultorikoa irudikatzeko erabilitako mekanismoak jarri ditu zalantzan Altzuzako Oteiza Museora eraman duen “Makotu” erakusketan.

Museoko arduradunek zehaztu dutenez, Mendizabalek sinbolikoa irudikatzeko mekanismoen inguruan fokalizatu du bere interbentzioa, «erreferentzia eginez, bereziki, politikoa artistikoaren bitartez formalizatzeari eta imajinario kolektiboen dispositibo eta produkzioa itxuratzen duten prozesuetan arteak sakontzen duen moduari. Ildo horretatik, artista honen proiektuetako batzuek modernitateko aporien paradigmatzat berrikusi dute Oteiza».

“Bentahandi” da Mendizabalek erakusketara eraman duen obretako bat. Bertan, Oteizaren “Pare mugikorra”-ren eta honi hilarri gisa eman zion esanahi berriaren gaineko gogoeta informala egiten du artista ordiziarrak. Obra hori Veneziako 2011ko Biurtekoan erakutsi zuen, baita “Gutun bat helmugara iristen da” obra ere, orain Altzuzan ikus daitekeena, Oteizak parte hartu zuen “Preso politiko ezezagunarentzako monumentua” sortzeko nazioarteko lehiaketako epaimahaiari zuzendutako protesta gutunetik abiatuta osatua. Erakusketaren hurrengo geltokia “Agoramakia” da; Mendizabalek Sao Pauloko Biurtekoan aurkeztu zuen obra eta Oteizak 1961ean Liman Cesar Vallejoren omenez egin zuen eskultura du abiapuntutzat.

Erakusketa izena ematen dion obrarekin, “Makotu”-rekin, amaitzen da. Kasu honetan, obrak egiteko orduan Oteizari soberan geratu zitzaion materialean jarri du begia Mendizabalek. «Pieza zati eta ebakinak dira, funtsean eskultorikoak, baina hondakin eta osatu gabearen lekukotasuna mantentzen dutenak, eta itxuraz artelanaren potentzial sinbolikoa ez osatzera kondenatuak izan direnak», nabarmendu dute museotik.

«Azken batean, proiektu horiek agerian jartzen dute Oteizaren obrak ondorengo belaunaldietako beste artista batzuen obran agertzeko duen ahalmena, ez baina eragin zuzen edo formal gisa, baizik eta era kritiko batean hurbildu behar zaion legatutzat», zehaztu dute.

Erakusketarekin batera edizio monografiko bat argitaratu dute eta ekintza paraleloak eta bisitaldi gidatuak ere izango dira. Informazioa: www.museooteiza.org.