Ariane KAMIO
DONOSTIA
Entrevista
IDOIA GILLENEA
EIZIE-KO LEHENDAKARIA

«Traizioa eta fideltasunik eza dira gure topikoak baina itzultzailerik gabe munduak ez luke funtzionatuko»

Urtebete egin du Idoia Gilleneak Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteko (Eizie) lehendakaritzan. Azken hiru hamarkadatan euskarazko itzulpengintzak izan duen garapena aztertu du elkarrizketa honetan, eta egoera prekarioari ere eskaini dio lekua. Lanbidea duintzearen beharraz mintzo da.

Eizie-ren historiaz hitz egitea nahi nuke, ze helbururekin sortu zen.

Orain dela 30 urte sortu zen, bazegoelako kezka bat itzultzaileok nolabaiteko babesa behar genuelako. Garai hartan Martuteneko eskolan ematen ziren itzulpengintza ikastaroak. Han zebiltzan Josu Zabaleta, Xabier Mendiguren, Lurdes Auzmendi… Horiek erabaki zuten sortu behar zela elkarte bat. Ordurako jende dezente ari ginen lanean gure kasa, etxean. Eta babes bat behar genuen.

Hasieratik ehun bat kide bildu ginen eta gaur egun ia 400 gara. Eta sortu zen elkarri babesa emateko eta itzulpengintza lanbide gisa duintzeko eta gizartean ere txertatzeko eta bere balioa izateko ogibide gisa. Literatur itzulpengintza ere sustatzeko sortu zen. ETB hasia zen, aritzen ginen filmak itzultzen eta egokitzen. Itzulpengintza hasi zen bere adarretatik zabaltzen eta elkartea sortu zen horretan laguntzeko eta erreferentzia izateko Euskal Herriko itzultzaile, interprete eta zuzentzaileentzat.

Literaturan, ikus-entzunezkoetan, administrazioan, epaitegietan… eremu desberdinetan lan egiten dutenak biltzen gara elkartean. Norbanakoak eta enpresak gaude bertan. Kontua da legeak ez duela baimenik ematen elkargoa sortzeko. Beraz, ezin ditugu elkargo profesional batean egiten diren lanak egin.

Ze desberdintasun izango luke elkargo bat izateak?

Horrek legearen araberako baldintza batzuk izan ditzake. Elkargoek badituzte lege aldetik babes batzuk. Guk adibidez elkartetik ezin ditugu tarifak gomendatu, elkarte bat baino ez garelako.

Beste estatus bat izango zenukete.

Bai. Gurea beste estatus apalago bat da. Urte hauetan guztietan badugu literaturaren alorrean bilduma garrantzitsu bat, Literatur Unibertsalarena, eta itzuli dira 170 lan baino gehiago. Literatura unibertsaleko obra nagusiak itzuli dira euskarara. Hori litzateke Eizie-ren erakusgarri handienetako bat, baina horrez gain, komunikazioa lantzen dugu halaber, programak egiten ditugu itzulpengintzaren inguruan, bazkideei laguntza ematen diegu behar dutenean…

Urtebete daramazu lehendakaritzan. Zenbat urte egin dituzu Eizie-n?

Hasieratik nago. 30 urte.

Beraz, 30 urteotako garapena ikusiko zenuen.

Bai. Itzulpengintza asko aldatu da garai haietatik. Internetik ez zegoen. Pentsa nola ibiltzen ginen! Liburuekin, paperezko hiztegiekin. Digitalizazioa funtsezkoa izan da guretzat. Eta lan egiteko moduak ere aldatu dira. Lehen asko ziren etxean, besteekin inolako harremanik gabe lan egiten zuten itzultzaileak. Baina gaur egun askoz ere lotuagoak gaude bata bestearekin.

Hor badago baita ere Itzul posta zerrenda, orain hogei urte beteko dituena. Ez dakit ezagutzen duzun…

Ez, ez dut ezagutzen.

Eizie-k sustatuko posta zerrenda bat da, edonork erabil dezakeena. Izena emanez gero, hizkuntzarekiko edozein zalantza galde dezakezu. Eta ez dugu soilik itzultzaileek erabiltzen, baizik hizkuntzarekin harremana duen edonork.

Beste proiektu garrantzitsu bat, itzulpengintzari begira, Nor Da Nor datu basea da, orain lantzen ari garena. Euskal Herrian egon diren eta dauden itzultzaile, interprete eta zuzentzaile guztien datu basea eta haiek egindako lan guztiena bilduko ditu. Datu base handi bat, itzulpengintza osoa biltzen duena. Horretarako laguntzak behar dira, eta beti ibiltzen gara diruz motz, baina Nor Da Nor oso garrantzitsua da edonorentzako.

Datu base ireki bat?

Bai, edonoren kontsultarako. Datu base ikaragarria da. Zeren itzulpen piloa egin da azken 30 urteetan. Hiru hamarkadotan euskararen normalizazioarekin areagotu egin da eta duela hiru hamarkada ez zeukan ikusgarritasuna lortzen ari da orain. Eta iruditzen zait euskarak aurrera egin duela neurri batean itzultzaileok egin dugun ekarpenagatik.

Helbururen bat jarri diozu zure buruari lehendakari gisa?

Ni itzultzaile autonomoa naiz eta beti izan naiz autonomoa. Nahi nuke lanbidearen baldintzak egonkortzea. Tarifa aldetik ez gabiltza oso fin alde horretatik. Krisia dela eta ez dela, batzuetan tarifak oso apalak dira, eta lehiaketetan ere askotan ez dira baldintza duinak mantentzen.

Beti lotu izan da itzulpena prekaritatearekin, ezta?

Bai, hala da. Literaturan ere nahiko prekario egiten da lan. Badakigu ez dela asko saltzen, baina lana handia da. Eta nahi nukeena da lagundu lan baldintzak duintzen, batez ere Gasteizen gradua dagoenetik urtean itzultzaile eta interprete gehiago ateratzen direlako merkatura. Urtero dago promozio bat. Itzultzaile autonomo asko dago eta babesgabe aurkitzen da momentu batzuetan. Eta gure ogibidea duindu behar da. Elkargo bat izateak horretan gehiago lagunduko liguke. Guk elkarte gisa ezin dugu ezer esan.

Zuek zarete aterki moduko bat.

Hori da, babesa ematen diegu ahal dugun neurriraino bazkideei.

Beste elkarte batzuekin harremana duzue? Euskal Idazleen Elkartea, adibidez?

Bai. Galtzagorri, Idazleen Elkartea eta Editoreen Elkartea gure solairu berean daude. Harreman zuzena dugu haiekin. Lau elkarte gaude leku berean. Badago adibidez programa bat idazleak eskoletara gerturatzen dituena eta guk gauza bera egin dugu itzultzaileekin beraiei galdetuta, itzultzaileen lanbidea ezagutzera emateko ikastetxeetan. Tailerrak antolatzen ditugu gaztetxoekin, adibidez. Saiatzen gara itzultzaileen lanari ikusgarritasuna ematen, adibidez, itzultzailea irakurle taldeetara eramaten.

Egunkari honetan argitaratutako elkarrizketa batean, Anjel Lertxundik esaten zuen itzultzaileen lana nola ez dagoen batere prestigiatua eta nola euskarazkoak ez diren idazle askoren lanak ekartzen dituzten itzultzaileek eta nola dagoen desprestigiatua.

Beti kontsideratzen da idazlea gainean dagoela eta itzultzaileak morroiak garela. Zubi lana egiten dugu, bai. Jende asko ez da konturatu ere egiten irakurtzen dituen lanetako asko itzuliak direla. Sortu dugun altxorra ikaragarria da. Eta euskara nola landu den, nola normalizatu den, nola bultzatu dugun normalizazio hori. Eta halere, bigarren mailako zerbitzari lan bat bezala ikusten da, ez dugulako guk sortzen. Sortzaileari sekulako balioa ematen zaio. Eta itzultzaileak tresnak jartzea lan hori ezagutzera emateko izugarria da.

Orain hogeita hamar urte nik nire etxean lan egiten nuen, ia inor ezagutu gabe, eta inolako indarrik gabe. Gero badaude topikoak, traizioa egiten diogula obrari, ez garela fidelak… Baina egia dena da itzultzailerik gabe munduak ez lukeela funtzionatuko. Eta horretarako balio du gure elkarteak, prestigioa emateko gure lanari.